Bi urte osasun-krisia hasi zenetik

Eñaut Aramendi

LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko bozeramailea

Egungo egoera sozioekonomikoa zertan den ulertzeko, ezinbestekoa da azken bi urteotan gertatutakoa aintzat hartzea, Frantziako Gobernua krisiaren kudeaketaz baliatzen ari baita gure askatasun indibidual eta kolektiboak zeharo murrizteko.

2020ko martxoan pandemia hasi zenetik, langileon egoerak ez du hobera egin; alderantziz: gero eta okerragoa da. 2020ko martxoaz geroztik, eta pandemiak aurrera egin ahala, langileon lan-baldintzek okerrera egin dute. Langile gehienoi etxean gelditzeko eskatu ziguten goizetik gauera, soldata nola jasoko genuen argitu gabe. Horrekin batera, langile askok opor-egunak galdu genituen eta gure eros-ahalmena murriztu egin da. Zenbait sektoretako langileek, batez ere osasun- eta laguntza-arlokoek, baina baita garbiketa-enpresatan eta ezinbesteko dendak direlakoetan dihardutenek ere, lanera joaten jarraitu behar izan zuten eta garai hartan gutxitxo ezagutzen zen birus bati aurre egin behar izan zioten, inolako babes-ekiporik gabe, edo halako ekipoak erabiltzeko prestakuntzarik gabe…

Ziurgabetasuna eta beldurra nagusi ziren testuinguru hartan gobernuak hartu zuen lehenbiziko neurrietako bat jendearen joan-etorriak kontrolatzea izan zen. Gobernuak etxetik atera ahal izateko baimen bat ezarri zuen berehala, egunean ordubeteko tartea ematen zuena etxetik kanpo ibiltzeko. Etxeko konfinamenduek, etxeratze-aginduek eta etxeko atxiloaldiek ondorioak izan dituzte pertsonen osasun psikologikoan, bereziki gazteen artean.

Etxeko konfinamenduek, etxeratze-aginduek eta etxeko atxiloaldiek ondorioak izan dituzte pertsonen osasun psikologikoan, bereziki gazteen artean

Era berean, langileen eskubideak murriztu egin dituzte kapital-enpresa handien mesedetan. Hala, hasiera-hasieratik gutxitu egin dituzte enpresa-batzordeetako ordezkarien eginkizunak eta ardurak, eta aldaketa handiak egin dituzte enpresen funtzionamenduan, enpresa-batzordeko kideei kontsultatu gabe. Ez dute langileen onerako neurri bakar bat ere hartu. Ez dituzte ospitaleetako baliabideak indartu. Erizaintzako langile guztien lan-baldintzek okerrera egin dute eta, horren ondorioz, azken bi urteotan milaka ohe itxi dituzte ospitaleetan, langilerik kontratatu ez dutelako. Enpresa askotan telelana ezarri dute, lan-baldintzak okertuko ote ziren kontuan hartu gabe.

Osasun-pasea azkar batean inposatu zaie herritar gehienei. Zenbait lan-esparrutan derrigorrezkoa egin dute eta, ondorioz, baita txertoa jarri beharra ere, osasun-arloarekin zuzeneko edo zeharkako erlazioa duten sektoreetan bereziki. Osasun-pasea ez duten pertsona guztiak kirol-, gizarte- eta kultura-arloko jardueretatik kanpo gelditu dira. Eta gobernuak urrunago joateko asmoa du: urte hasieratik aurrera derrigorrezkoa egin nahi du txerto-pasea. Zalantzarik gabe, txertoa tresna garrantzitsua da COVID-19aren aurkako borrokan, baina ez da tresna bakarra: bizimodu gutxi gorabehera normala izateko txerto-pasea edukitzeko beharra txertoa derrigorrezkoa egitearen parekoa da. Eta halako neurriek banaketa eta zatiketa besterik ez dakarte: herritarren artean, familien barruan eta enpresetako langileen artean.

Eta halako neurriek banaketa eta zatiketa besterik ez dakarte: herritarren artean, familien barruan eta enpresetako langileen artean

Langileak banatuta dauden bitartean, gobernuak bere erreformak ezartzen jarraitzen du: langabezia-aseguruaren erreforma kosta ahala kosta bultzatu nahi du eta horrek egoera prekarioenean dauden pertsonak areago pobretzea ekarriko du; bestalde, pentsioen erreforma oraingoz etenda dago, baina oso litekeena da datozen hilabeteotan berriro abian jartzea.

Azken bi urteotan gastu arrunt guztiek (energia, erregaiak, janaria…) garestitzen jarraitu dute. Soldatak, soldata-indizea, gutxieneko errenta eta pentsioak, ordea, ez dira igo. Prekarietatea ere gora eta gora ari da, noiz eta kapital handiak inoiz baino diru gehiago irabazten ari direnean, langileen bizkar.

Enpresa askotan haserrea handitzen ari dela ikusita, gobernuak neurri ñimiño batzuk hartu ditu, hala nola ehun euroko txeke bat energiaren garestitzeari aurre egiten laguntzeko, beste ehun euro inflazioari aurre egiteko, eta gasaren prezioa izoztu du. Hori ez da nahikoa! Sistema goitik behera birpentsatu behar dugu bizitza duina izango badugu.

Enpresek langileei esaten diete osasun-krisiak arriskuan jartzen duela egoera ekonomikoa, baina gero eta dibidendu gehiago banatzen ari dira

Gobernuak langileak areago kontrolatzeko eta menderatzeko sistemak ezartzen dituen bitartean, enpresa handiak gero eta botere gehiago pilatzen ari dira. Pandoraren paperak direlakoen neurriko iruzur-eskandalu handiak oharkabean pasatzen ari dira. Enpresek langileei esaten diete osasun-krisiak arriskuan jartzen duela egoera ekonomikoa, baina gero eta dibidendu gehiago banatzen ari dira. Gobernuaren neurriek kapitalaren jabeei eta aberats handiei egiten diete mesede.

Haserrea hedatzen ari da, bai eta soldata-igoeraren aldeko borrokak eta grebak ere. Horren adibide dira Leroy Merlin eta Dassault, eta batez ere Ségur de la Santé delakoak sektore mediko-sozialean ahaztutako langileak.

Euskal Herriko langile guztiak Macronen gobernuaren iragarpenen erritmora bizi dira. Zerbitzu publikoak behar ditugu eta ospitale publiko gehiago COVIDari aurre egin ahal izateko.

COVIDaren aurkako txertorik onena borroka kolektiboa da: indarrean dagoen sistema kapitalista eta neoliberalaren aurka eta aberastasuna partekatzearen eta lanaldia murriztearen alde borrokatzea, alegia

Horregatik, tokiko negoziazio-mahaiak lehenbailehen eratzea eskatzen du LABek, tokian tokiko alternatiba sendoak eraikitzeko lurraldeko eragile guztiekin batera. LABek zera eskatzen du: justizia sozialean oinarritutako lan-lege berri bat onartzea, lau laneguneko astea ezartzea, lanaldia murriztea eta aberastasunak partekatzea.

Ez diegu gure askatasun indibidual eta kolektiboei uko egingo eta antolatu egingo gara prekarietateari eta pobreziari aurre egiteko! COVIDaren aurkako txertorik onena borroka kolektiboa da: indarrean dagoen sistema kapitalista eta neoliberalaren aurka eta aberastasuna partekatzearen eta lanaldia murriztearen alde borrokatzea, alegia.

Alternatiba bakarra dago gero eta kalte gehiago egiten digun sistema honen aurrean: Euskal Herria!

Bi urte osasun-krisia hasi zenetik
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago