Etxebizitza, baldintza duinerako gakoa
Unai Fernández de Betoño
EH Bilduko zinegotzia Gasteizen
Enplegua izateak dagoeneko ez du bizi-baldintza duina bermatzen. Arrazoi nagusietako bat etxebizitzaren garestitzea da, diru-sarreretatik gero eta proportzio handiagoa bideratu behar delako hura ordaintzera. Hori da Ipar Hegoa Fundazioak 2024ko otsailean argitaratutako 16. “Ikusmiran” txostenetik atera daitekeen ondorioetako bat: etxebizitza, gazte-emantzipazioaren muinean egoteaz gain, egungo prekarietatearen erdigunean ere dagoen aldagai garrantzitsua dela.
Etxebizitza duina eta prezio eskuragarrian eskaintzea bizi-baldintza hobetzeko gako bihurtu da. Norabide horretan, etxe gehiago eta merkeagoak behar dira. Eskaintzan zein prezioan eragin behar da, beraz, interes orokorreko etxebizitza-politika eraginkorra egingo bada, eskala guztietan. Eta, hori, gaur gaurkoz, alokairuaren merkatuan egin behar da bereziki. Eta ez soilik behar ekonomiko handiena duten herritar-klaseei begira: alokairuaren eskaintza handituz eta prezioa merkatuz, alokairua bizi-proiektu osoa garatzeko aukera bat izatea lortu beharko litzateke, hala nahi duten herritar guztientzat. Europako herrialde askotan gertatzen den bezala, non alokairuan errazago bizi daitekeen diru-sarrerak (eta bizi-baldintzak) bizi erdirako hipotekatu gabe.
Alokairuaren eskaria erabat nagusitzen ari da Euskal Herrian, behar handiena duten herritarren artean bereziki. EAEko Etxebideren zerrendan babes publikoko etxebizitza bat lortzeko izena emanda dauden eskatzaile guztien % 80ak alokairuko etxebizitza bat eskatzen du gaur egun, 2010ean erdia baino ez zenean. Dagoeneko 69.000 pertsona daude Etxebideren zerrendan alokairu babestua eskatzen: errekor historikoa. Eta aldaketaren arrazoi nagusietakoa hipoteka bat eskuratzeko enplegu iraunkorraren falta da, alegia, azken urteotan nagusitzen ari den enplegu prekarioa.
Alokairuaren eskaintza handituz eta prezioa merkatuz, alokairua bizi-proiektu osoa garatzeko aukera bat izatea lortu beharko litzateke, hala nahi duten herritar guztientzatu
69.000 eskatzaile horientzat, gainera, ez dago nahikoa etxebizitzarik. Alokairu babestuko parke publikoan soilik 27.000 etxebizitza daude EAEn, barne hartuz Bizigune programan dauden 7.000 etxeak, partikularrenak direnak. Jaurlaritzak jabegoko etxebizitza babestuetan baino ez du inbertitu azken hamarkadetan, Frankismotik zetorren jabegoaren kulturari jarraipena emanez, eta egungo alokairu babestuko eskari handiak etxeko lanak egin gabe harrapatu ditu. EAEn alokairu babestuko etxebizitzak ez direlako ailegatzen etxe guztien % 3ra, Europako batezbestekoa hirukoitza baino handiagoa denean.
Eta alokairuaren prezioek ere goia jo dute 2023ko udan. Errekor historikoan dago alokairuaren prezioa ere. Ondorioz, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko herritarrek, besteak beste, haien soldataren % 30a baino gehiago bideratu behar dute alokairua ordaintzera, Jaurlaritzaren azken datuen arabera.
Hori guztia ikusita, ez dirudi gehiegizkoa esatea etxebizitza-larrialdian gaudela. Eta horren aurrean alokairu babestu gehiago eta merkeagoa eskaintzea izan beharko litzateke etxebizitza-politika publikoaren helburu nagusia.
Ez dirudi gehiegizkoa esatea etxebizitza-larrialdian gaudela. Eta horren aurrean alokairu babestu gehiago eta merkeagoa eskaintzea izan beharko litzateke etxebizitza-politika publikoaren helburu nagusia
Nola lortu alokairuko etxebizitza gehiago, baina, lurzoru gehiago urbanizatzea eta eraikitzea azken aukera izatea nahi badugu, ingurumen-arrazoiengatik? Bada, hainbat tresna daude; horietatik bost neurri aipatu daitezke:
1.- Dagoena berritzea sustatuz, eraberritzea etxebizitza-politikaren zutabe garrantzitsua bihurtuz. Ildo horretan, orain arteko eraberritzerako diru-laguntza publikoen programak berrikusi eta indartu behar dira, baita mailegu kualifikatuak emateko aukerak aztertu ere, bereziki zona degradatuak sakonago laguntzeko.
2.- Etxe hutsak merkatu araziz, pizgarriak (alokairu babestuko programa publikoa, eraberritzeko mailegu bereziak...) zein zigorrak (OHZ/IBIaren errekargoa edota etxe hutsen kanona) aplikatuz.
3.- Etxe merkeak erosiz (bereziki babes publikokoak, haien prezio maximoa legez mugatuta dagoelako), ondoren alokairu babestuan eskaintzeko. Babes publikoko etxeen kasuan, gainera, Administrazio Publikoak aitortua du lehentasunez erosteko eskubidea (“tanteo y retracto” delakoa), sistematikoki gauzatzen ez dena: urteroko aurrekontuaren kopuru bat horretara bideratu beharko litzateke.
4.- Hirigintzatik ere alokairua sustatuz, planifikatzen diren babes publikoko etxeen erdia gutxienez alokairu babestukoak izateko kalifikatuz.
5.- Elkarlan publiko-pribatu berri bat ezarriz, zeinetan etxebizitzen jabegoa Administrazio Publikoen esku beti bermatuko den, maizter-familien eskubideak blindatuta egoteko.
Eta nola lortu alokairuko etxebizitzaren prezioa mugatzea, baita merkatzea ere? Bada, zenbait neurri gauzatu litezke; horra bost:
1.- Area tentsionatuak izendatuz, bertan ekintza-plan gauzagarriak egiteko, eta erreferentziazko prezio-indizeen sistema bat ezarriz, alokairu-igoerak mugatzeko. Hain zuzen ere, Madrilgo Etxebizitza Legeak habilitatu duen aukera, EAJ-PSEren Jaurlaritzak Konstituzio Epaitegian errekurritu berri duena, alokairu-prezioaren mugaren kontra eginez.
2.- Hirigintza-espekulazioa geraraziz. Sustatzaileen ohiko espekulazioa geldituz, hirigintza-epeak betearaziz, hots, urbanizatzeko eta eraikitzeko epeak haien interes partikularren arabera moldatzea eragotziz. Eta azken urteotan agertu diren putre-funtsen espekulazioa oztopatuz, alokairuko etxe multzo handiak eros ditzaten saihestuz.
3.- Etxe turistikoak, alokairu iraunkorreko etxeen prezioa igoarazten dutenak, mugatuz, eta gehiagora doazen denboraldiko eta gelakako alokairuen fenomenoak kontrolatuz eta arautuz.
4.- Neurri fiskalak erabiliz, alokairua gehiago sustatzeko, bereziki alokairu merkea: erreferentziazko prezio-indizeen sistemaren araberako hobariak eta zigorrak ezarriz.
5.- Prestazioen sistema bertan behera uzteko ibilbide-orri bat zehaztuz, merkatua “berotzen” ez jarraitzeko. Izan ere, EAEko etxebizitza-parke publikoa nahiko murritza denez, Jaurlaritzak ezin du etxebizitza-eskubide subjektiboa gauzatu, eta, horren ordez, hilean 300 euro ematen ditu alokairu librean etxebizitza bat ordaintzea laguntzeko. 40.000 herritar daude egun EAEn etxebizitza ordaintzeko prestazio bat kobratzen (Etxebizitza Prestazio Ekonomikoa, Gaztelagun, Emantzipa, alokairurako AESa...), urtero 144 milioi euro zuzenean igarotzen direlarik Administrazio Publikoetatik jabeen poltsikoetara, alokairu-prezioen burbuila puztuz.
Esandako dekalogoak EH Bilduren etxebizitza-programaren hezurdura osatzen du. Eta hamar neurrion azken helburua da herritar guztiek edukitzea etxebizitza duin eta eskuragarri bat. Alegia, pertsona guztiek etxebizitza-eskubide subjektiboa gauzatua edukitzea. Zerbait ezinbestekoa, bizi-baldintza duina izateko.