‘GU’ berritua eraiki dezagun
Ainhoa Etxaide Amorrortu
Osasun krisiaren garairik gogorrenak atzean utzi ditugula pentsatzen hasi bezain pronto nagusitu da guztion burutan gainera datorkigun krisi ekonomiko eta sozialaren kezka. Ez da gutxigorako.
Egoera guztiz ezezaguna da pandemia batek jarduera ekonomikoa eten araztea munduko eremu zabal batean. Eta konfinamenduak gure bizitzak guztiz aldatu ditu, bat batean eta ez ustekoan. Tarte baterako neurria bada ere hilabete pare bat nahikoak izan dira ohitura berriak sortzeko eta gure bizimodua irauli dezaketen aldaketei ateak irekitzeko (telelana adibiderik argiena). Normalidade berriaz hitz egiten hasi gara, eta gehien gehienak begiratzen diogu etorkizun motzari atzean utziko dugunaz kezkatuak eta aurrean ikusten hasiak garenaz beldur. Ezarri nahi diguten normalidade berrian irabazteko gutxi atzematen dugunaren seinale.
Badugu etorkizun motzari kezkaz eta amorruz begiratzeko arrazoirik. Azken bi hilabeteetan egoera berrietara moldatu behar izan bagara ere gertatutako gauza asko oso ezagunak eta gertukoak egiten zaizkigu. Ekonomia guztiz eten aurretik hasi ziren enpresak langileak gainetik kentzen. Sistemak bere gain hartu ditu hainbat, baina babestu duen langile multzoa ez da batere handia. Izatez, geroz eta txikiagoa da, ziurtatzen duten babesa geroz eta mugatuagoa eta ematen duen babesa oso oso prekarioa da gainera. Babesa murriztea edo moztea patronalaren esku dagoelako, besteak beste (ERTEan dauden langileak ez kaleratzeko baldintza kendu dute dagoeneko).
Jarduera ekonomikoa berpizteko neurriez eta aurreko egoera ekonomikora itzultzeko bideaz hitz egiten hasi direnean ezagunak zaizkigun errezetak berriro ere
Jarduera ekonomikoa berpizteko neurriez eta aurreko egoera ekonomikora itzultzeko bideaz hitz egiten hasi direnean ezagunak zaizkigun errezetak berriro ere: diru publikoa esku pribatuetan jarri dadila hauek ekonomia sustatu dezaten, soldatak txikitzea enpresak errentagarriak izan daitezen egoera ekonomiko zail honetan eta herriari zuzendutako politika publikoak murriztea diru iturriak txikitu direlako. Diru iturriak handitzeko bideak daudelako egin du LABek fiskalitate zuzen baterako proposamena, baina ez dugu ikusi herritarrak babestuko dituen eta euskal gune sozioekonomiko sendo bat berreraikitzeko balio duen plan instituzionalik.
Argazki hau ezaguna egiten zaigu, borrokatu dugu agertoki honen kontra eta borrokatu ditugu gure eskubideak agertoki honetan. Koiuntura ekonomikoaren atzean dauden sakoneko arazoak plazara ateratzeko baliatu dugun argazkia da. Balio dezake kapitalismoaren enegarren krisia borrokatzeko lerro sindikala eztabaidatzeko eta erabakitzeko. LABen argazkia berritzea, osatzea, zuzentzea, argitzea erabaki dugu ordea.
Garrantzitsua da krisi bakoitzak lan mundutik zenbat langile kanporatu dituen aztertzea eta sistema sozialak zenbat herritar babesten dituen neurtzea. Egoera ekonomikoaren bilakaerari erreparatu behar diogu prekarizazio prozesua azkartuko duten faktoreak aztertzeko. Baina sistematik zenbat herritar kanporatzen ari diren eta sistemak zenbat langile itotzen dituen argazkiak behin eta berriro uzten ditu itzalean sistemak sekulan kontatzen ez dituen langile horiek. Ekonomia ez arautan lan egiten dutenak, paperik gabe lan egiten dutenak, aitortzen ez diren lanak egiten dituztenak. Bazterrean daudenak, sistemak baztertzen dielako eta gure argazki mugatuetan sartu ez ditugulako.
Ipar Hegoak etxeko langileen errealitatera gerturatzeko aukera ematen digu kaleratu berri duen azterketarekin. Ez da txosten bat, iniziatiba politiko oso baten baitan emandako urratsa da. Gure eredu eta estrategia sindikala eraberritzeko konpromisoan kokatzen dugun urratsa hain zuzen ere. Esan genuen bazterretara begiratu behar genuela klase subjektua berrosatzeko, enplegu formal eta arautuaren argazkia gainditu behar genuela lana eta langileak babesteko emankorra izango den estrategia sindikalarekin aritzeko. Gure eskemak berritzea erabaki genuen, garai berrietan borrokarako baldintzak aldatu direlako, baina eskema klasikoen mugak eta huts egiteak gainditu nahi ditugulako baita ere.
Zaintza lanak eremu pribatuan, familiaren baitan eta emakumeon bizkar gainean utzi ditu sistemak eta utzikeriaz jokatu du sindikalismoak historikoki errealitate honen aurrean.
Zaintza lanak eremu pribatuan, familiaren baitan eta emakumeon bizkar gainean utzi ditu sistemak eta utzikeriaz jokatu du sindikalismoak historikoki errealitate honen aurrean. LABen 96an hasi ginen zaintza lanak aztertzen eta gure borrokara ekartzen. “Zainduak izateko eta zaintzaileak ez izateko eskubidea” aldarrikatu genuen, enpleguaren aldeko borrokan “lana soberan dugu, enplegua da behar duguna” leloarekin atera genuen plazara hainbat eta hainbat zaintzaileen errealitatea. “Langabezia” kontzeptua auzitan jarri genuen lanaren gabeziarik ez dagoelako zaintza lanetan ari denarentzat.
Bide oso bat egin dugu baina aurrera egingo badugu bide horretan sakondu behar dugu, baita zuzendu ere. Zaintzaren auzia bere osotasunean hartu eta borrokatu behar dugu zaintzak berrantolatuko dituen eredu berri baten alde borrokatuz; eredu berri hori antolatu, ezarri eta bideratuko duen zaintzarako euskal sistema publikoa eraikitzeko bidea urratuz. Eta borroka oso horren baitan kokatuko ditugu etxeko langileen aldarrikapenekin bat egitea, dituzten eskakizunak gure borroketan jasotzea.
Etxeko langileen eskubideen alde egin behar dugu dagozkien eskubideen aldeko borrokak bidea eduki dezaten bai langile mugimenduan, baita instituzioen eta patronalaren aurrean ere. Baina borroka zaintza lanak egiten dituzten langileak aitortzea, aintzat hartzea, eta subjektu egitea da. “Gure borrokara ekarri behar ditugu” eskemak gaindituz GU gaurkotu eta berriaren parte direla ulertuz jardutea. Ez ditugu LABera ekarri nahi, LAB da etxeko langileena joan behar dena etxeko langileen borrokarako tresna izango bagara.
Ez ditugu LABera ekarri nahi, LAB da etxeko langileena joan behar dena etxeko langileen borrokarako tresna izango bagara.
Ipar Hegoak egin ikerketaren balio nagusia da etxeko langileak iniziatibaren subjektua direla, ez ikerketaren objektu. Zein baldintzetan lan egiten duten, zer borrokatzen duten, antolatzeko eta borrokatzeko zein zailtasun dituzten, lan eta bizi baldintzak hobetzeko urgentziazko neurriak zeintzuk diren. Zer behar duten eta zer eskatzen diguten. Ez ditugu aztertu, egiten dituzten azterketak eta gogoetak ekarri ditugu sindikatura.
Langile guzti guztiei balio behar zaien eredu sindikalaren bila jarraitzeko tresna guztiz baliagarria da. Subjektuaren berrosaketan GU berria eraikitzeko ikasgai derrigorrezkoa. Gure burua formatzen jarraitzeko behar beharrezkoa. Gogoan hartuz helburua ez dela norbera bere jakindurian handitzea. Jakintzaren metaketak ez du sindikalismoa eraberrituko; langileriaz geroz eta gehiago jakitea, langileriari osoaren errealitatea gertutik ezagutzeak eta bizitzeak bai.