“Koperatiba bai, koperatiba ez. Hor dabil eztabaida kalean”

Enekoitz Etxezarreta

EHUko irakaslea

 

Esaldi horrekin abiatzen da Jakin aldizkariak 1973. urtean argitaraturiko kooperatiben inguruko ale monografikoa, harribitxi bat ikergai honen ingurumarian tematuta jarraitzen dugunontzat. Ipar Hegoak argitaratu berri duen txostenak ezartzen digu berriz testuingurua, eguneratua izan arren, berri-berria ere ez dena: lan merkatuaren bilakaerak enplegu deuseztapena, desberdintasunen gorakada eta lanari loturiko babes sistemen ahulezia (hitzarmenak, pentsio sistemak,….) jartzen du ostera agerian. Azken gizaldi erdiko metatze eredu neoliberalaren esperotako emaitzak, bilatutakoak, argiago esatera.

Koperatibak…zertarako? galdekatzen dio Koldo Gorostiagak bere buruari (1973). Lan baldintzen narriatze egoera, edo orokorrean beharrizan materialen asebetetze falta izan ohi dira, finean, kooperatibismoa edo egun ekonomia soziala bezala deitzen dugun fenomenoaren sorburua. Beti esan izan da “beharrizanaren alabak” direla ekonomia sozialeko egitasmoak, beharrizanetik abiatuak eta elkar laguntzan oinarrituak. 1844an Rochdaleko lehen kooperatibak ere sen horri erantzun baitzion, bi beharrizan gutxienik aldi berean asez: enplegu faltarena, alde batetik, eta eros ahalmenaren galerarena, bestalde. Kooperatiba hau, printzipio kooperatiboak lehenbizikoz ezarriko zituen lan elkartuko lehen kooperatiba izateaz gain, oinarrizko elikagaiak eskuratzeko kontsumo-kooperatiba batek osaturik sortu baitzen. Eta oinarrian garaiko ideal owendarra: “eskualde kooperatiboak” ehuntzen joatea, herrigintza kooperatibo gisa itzuli genezakeena egun, beharrizan sozioekonomiko ezberdinei formula kooperatiboaren bitartez erantzun dakiokeenaren utopia, hain zuzen ere.  Beharrizanetik jaioak, beraz, eta gizarte eredu berria baten ernamuinak, zilegi bazaigu modu horretan ezaugarritzea.      

Termino bertsutan jasoko du Koldo Gorostiagak, arestian aipaturiko Jakineko monografikoan, utopia kooperatiboaren hedadura: egun gizadiari planteatzen zaizkion arazorik zailenek…(…) erantzunik egokiena kooperatibazko formulan aurkitzen dute (1973:162). Ez da gutxi eskatzea, eskatzen hasita. Arazo horiei emaniko erantzun posible bat dela esatea litzateke agian, hipotesi neurritsuago bat. Bide posible bat. Orientabide argi xamar batzuk izan dituena: lanaren burujabetza, egituraketa demokratikoa, etekinen banaketa justua, komunitatearekiko konpromisoa, etab.  Andoni Eizagirrek (2019) laburtzen duen bezala, Arrasateko esperientzia kooperatiboaren inspirazio arizmendiarrietarra, pertsona burujabearen ideian laburbildu liteke: garaiko euskalduntasun zein pertsonalismo kristauaren balioek elikatuta, formula kooperatiboa baitzen “bere buruaren jabe” egingo zen “pertsona berriari” ondoen doituriko enpresa eredua: pertsonaren libertatea eta erantzukizuna indartuko zituen eredua, lanaren burujabetzan eta hezkuntza kooperatiboan ardaztua.

Iragan zikloaren hastapenetan geunden 60-70.eko hamarkada horietan. Eredu zaharraren akidura sentsazio bat gailendua zen euskal gizartearen sektore asko eta askotan. Eredu berriaren ernamuinak ezartzeko tenorea zen. Eta da orain, mende erdi pasatxo beranduago, egokiera berri batean gaudela dirudi. Joseba Azkarragak eta Larraitz Altunak (2012) aurreratu ziguten bezala: kooperatibismo klasiko honi, modernitate industriala eta beronek sorturiko gatazka distributiboari erantzuna ematen hasia zenean, galdera aldatu diote, ordea.  

 

Orain galdera berriak ditut

Gorostiagak kooperatibismoa, egitasmo erreformazale gisa kontsideratuz, indar kontserbadore zein iraultzaileekiko dialektikan kokatzen du. Erreforma ala haustura, horiek garaiko eztabaidaren terminoak. Eta munduaren arazoak, hauexek: desarmatzea eta bakea, inperialismoa, nazioarteko lankidetza, gosea, analfabetismoa eta gaixotasunak, “giza habitat”aren defentsa, giza eskubideak, elkartzeko eta norbere iritzia adierazteko deretxoa…. (1973).

Denak ala denak indarrean dirauten arazoak egun, asko areagotu egin direnak, eta azken pandemia honen markoan, berriz azaleratu zaizkigunak, azaleratu eta azeleratu, Andoni Olariagak diokeen moduan (2020). Garaiko eztabaiden birkokapena egitea dagokigu gure belaunaldikooi, galderarik funtsezkoenak egun zeintzuk diren asmatzen saiatzea bederen, eta erantzun posibleen ertzetan elkarlotu litezkeen katebegiak jostea. Datorkeenaren inguruan aritzeak espekulazioaren zelai zabala irekitzen du. “Etorkizunak nondik joko duen? Geroak dakike, guk ez” dio, apal, Jakineko sarrera testuk. Hainbatek egin dute saiakera hori azkenaldian.

Mikel Navarrok (2020) seinalatzen ditu zenbait joera, guk modu honetan laburbilduko genituzkeenak: estatuaren berrindartzea, ekonomia produktiboaren eraldaketa, eta egitura politikoen bilakaera autoritario, teknokratiko eta populista. Estatuak geroz eta esparru handiagoa hartzea litekeena da, merkatuaren kaltetan, Adam Smithen esku ikusezinaren “lilura” hura, falazia hutsa dela inoiz baino ikusgarriagoa den honetan. Afera litzateke aurreikustea zein motatako estatua den berrindartuko dena. Ongizate egiturak berrindartu edo berrasmatuko (oinarrizko errenta unibertsal bat?) dituen estatu bat datorke, ala estatu ekintzaile bat foundational economy gisako jardueretan ekingo duena (elikagai industria, gizarte zaintzak, txikizkako merkataritza, etab,) ala estatu autoritario eta teknokratiko bat, eskubide kolektibo eta indibidualen murrizketan sakonduko duena. Merkatuaren uzkurtze hori gertakizun den ere zalantzagarria da, kapitalismoak duen etengabeko merkantilizaziorako joera aintzat hartuz gero. Edonola den, merkatuak utzitako balizko hutsunea, egitura zentralizatzaile autoritarioek edo elkarrekikotasunean oinarrituriko ekimen herritar auto-eratuek beteko duten, horra hor egungo ataka nagusietako bat.  

Testuingurua aldatu da, galdera berriak dakartza mende berriak. Erantzun berberekin tematzea, giza ergelkeriaren erakusgarri litzatekeela gaztigatuko liguke zientzialariak, mihia atera eta burla eginez.  

Ea asmatzen dugun zehaztapenean: ekonomia sozialaren erantzuna, orain artekoa bederen, ardatz distributiboan eman izan da. Kooperatibismoa, bere funtsean, lana eta kapitalaren arteko kontrakotasuna uztartzean zetzan, langile-bazkidearen figurak barnebilduko lituzkeenez kapitalista eta langilea pertsona berean, pertsona burujabean, ez pertsona “adin txikikoan”. Ikuskizun zen beraz, “bi buru”ko pertsona honek, ekoizpen baliabideen jabe gisa jardungo ote zuen gehiago, ala bere lanaren jabe, inertziari jarraika. Teoriatik praktikara eman den amildegiaren aurrean ezikusiarena egiteak defuntu bilakatu lezake jaioberria, eta egun ez gaude arrisku horretatik hain urrun ere. Auziak,  modu dialektikoan planteatuta, irekita dirauela esan dezagun: “enpresari txikien” taldea handiagotuko du kooperatibismoak, ala “langile helduena”? (Arizmendiarrietaren hitzetan adin txikikokeria gaindituko lukeen pertsina berria? (Txapartegi, 2019)).  

Indarrean dirauen funtsezko galdera horri, alabaina, galdera berriak erantsi zaizkio. Lana eta kapitalaren arteko aurkakotasuna, bizitza eta kapitalaren artekoa begitantzen zaigu orain. Irakurketa marxista posible batek indar iraultzaileen fragmentazio eta neutralizazio saiakera moduan ulertu lezakeen hau, zapalkuntza anitzen intersekzionalitatea aitortu eta uztartzeko abagune gisa ikusiko du beste zenbaitek. Andoni Olariagak (2020) zedarritzen ditu klase erretorikaren langa berriak: lanak bere izaera identitate-emailea galdu duen neurrian, langile klasea emantzipaziorako subjektu gisa ahuldua agertzen da, eta beraz, bestelako zapalkuntzak, guztiak ere materialak (genero, jatorri, klase…) jasaten dituzten subjektuekin kateatu beharra dauka, artikulazio subiranisten logika bati eutsiz.

 

“Egokiera bat edukazio programa bat aurrera eramateko”

Galdera berria “bizitza ala kapitala?” bada, erantzuna “bizitzaren iraunkortasunean” oinarritua dator. Teoria ekofeministak hartzen du egun erdigunea, garaiko begiratu marxistaren lekuan, edo hura osatuz. Mende berriaren arazoen formulazioa ere birkokatu egin baita, neurri batean: lanaren zatiketa sexuala, elikadura krisia, zaintzaren krisia, larrialdi klimatikoa, kolapso ekologikoa, gizarte disparekotasunen areagotzea, heteropatriarkatua, arrazismoa, gorputzen gaineko zapalkuntzak…dira orain (lehen bezalaxe) zapalkuntza ardatz anitzak, zenbait aipatzearren.

Ekonomia sozialak, bere txikian, egin ditu zenbait saio galdera berrietara gerturatzeko. Ezin esan genezake ordea, gauzak dauden honetan, ekonomia sozialeko erakunde nagusienak eztabaida horiek ebazten dihardutenik buru belarri. Nork bere jardunean, enpresa gisa dituzten arazoak, merkatu eskakizunei erantzun beharrak, “eguneroko ogiak” kentzen die loa. Salbuespenak salbuespen, gihar ideologiko sendoa falta da, bistan denez, egungo ordezkaritza organoen interes faltaz, edo langile xumeen bulkada faltaz, edo bien baturaz. Ekonomia soziala borrokarako esparru bat da ordea, estatua den bezalaxe. Egokiera bat, Gorostiagaren hitzetan, hezkuntza programa bat aurrera eramateko. Ezin ba besterik gabe albo batera utzi, galdera berri horietatik urrun dela argudiatuta, egokiera berriak sortzea hain premiazkoa zaigun garaiotan.

Norabide horretan urrats garrantzitsuak dira azken bi hamarkadatan ekonomia solidarioaren aldetik lehenbizi, eta ekonomia sozial eraldatzailearen paradigmatik berriki, mahai gaineratzen ari diren eztabaidak, marko analitikoak eta kudeaketarako tresna berriak. Gizarte auditoriak, merkatu sozialak, ekintzailetza sozial kooperatiboko programak, erakunde bizigarriak egiteko kudeaketa tresnak, udalgintza eraldatzailea sustatzeko esku-hartze proposamenak, burujabetza sektorialak erdiesteko esperientziak (energian, elikaduran zaintzetan, etxebizitzan,…), bestelako gizarte mugimenduekin elkarlotzeko dinamikak…izaera ezberdineko ekimenak, enpresa mailakoak eta komunitateari begirakoak, bide berriak urratzen dihardutenak. Komunitate eta lurralde burujabeak bilatu asmo dituztenak. Lanaren burujabetzan oinarrituak, eta zapalkuntza anitzen aitortzetara irekiagoak. Artikulazio subiranisten parte izateko saretuak. Eta hezitzaileak. Praktika inperfektuen gainean eraikitako teoria osagabeak. Ibilian dabiltzan burubideak. Jatorriei berriz heldu nahita: koperatibismoa izpiritu bat da eta gizabide bat izan nahi du. Ez da ekonomia hutsa, gizartegintza bat ere bada, bere ekintzaileen asmotan. Izpiritu horrek gizonari heziketa bat eskaini nahi dio (1973:7). Gizonari bai, arpilatze ekologikoek eragindako gerra, gosete eta pobreziatik ihesi gure gizarteetan gutxietsitako zaintza lanak egitera datorren andrazko arrazializatu migratuak eskainia, menturaz.  

 

 

Kontsultaturiko iturriak

Autore ezberdinak (1973): Koperatibak, Jakin Sorta 7, Oñati. (eskuragarri https://www.jakin.eus/show/8e5bc233601bd5825398ca4f9e09a0fd971a289f)

Azkarraga, J. eta Altuna, L. (2012): Cooperativismo, economía solidaria y paradigma ecológico. Una aproximación conceptual, Ecología Política, 44: 32-42, (eskuragarri file:///C:/Users/scpetete/Downloads/Dialnet-CooperativismoEconomiaSolidariaYParadigmaEcologico-4411810.pdf)

Eizagirre, A. (2019): “Pertsona burujabea Arizmendiarrietaren asmoan eta egitean”, hitzaldia Joxe Azurmendi Kongresua,
(eskuragarri: https://www.jakin.eus/show/d679b02a01a4de8d8ba24019a17a41cf18904058

Navarro, M. (2020): “COVID-19ak ekar litzakeen epe luzeko inpaktuen dekalogoa” in Covid-19 eta gero zer? Gogoeta bat Euskal Herritik, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategia, (eskuragarri https://telesforomonzonlab.eus/covid-19ak-ekar-litzakeen-epe-luzeko-inpaktuen-dekalogoa/?lang=es)

Olariaga, A. (2020): Euskal matxinada, genealogia eta egungo eztabaidak, Iratzar Fundazioa, Txalaparta, Tafalla.

Txapartegi, E. (2019): “Azurmendiren Arizmendiarrieta: kooperatibak, herriak adin-txikikokeriatik ateratzeko”, hitzaldia Joxe Azurmendi Kongresua,
(eskuragarri https://www.jakin.eus/show/755c64d6021e57412a0787c629ce3e89a73e5c7e)

“Koperatiba bai, koperatiba ez. Hor dabil eztabaida kalean”
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago