Lan, pentsio eta zerbitzu publikoak denontzat

Igor Arroyo Leatxe

LABeko idazkari nagusiaren ondokoa

 

Argitaratu dugun azken Ikusmiran erakusten denez, krisia ate joka ez baina etxe barruan dugu langileok, baita ostatu, saltoki eta enpresa txikietako jabeek ere. Ez horrela Kapital handiak. Munduko 50 aberatsenen patrimonioa 640.000 miloi eurotan hazi zen 2020an, langileok konfinatuta eta tokiko ekonomia itxita zegoen bitartean. Amazonen kasuak oso ongi irudikatu du pandemiaren kudeaketa eredua zein izan den: herritarren joan-etorriak mugatuak baina riders-en prekarietatearen kontura aberasten ari diren plataforma digitalei mugarik ez. Izan ere, krisi egoera aukera bat da enpresa handientzat, lehiakide ahulagoak ezabatu, jarduera ekonomikoa eta ondorioz Kapital metaketa zentralizatu eta diru publikoa eskuratzeko.

Krisia, beraz, langileon etxean dago batez ere. Eta ez da orain sortu, ez du koronabirusak sortu; langileok bizi dugun krisia aspalditik dator. 2008tik aurrera, euskal langileon lan eta bizi baldintzak okertu egin dira nabarmen. Horren froga argia da sortzen den aberastasunarekiko langileok eskuratzen dugun portzentaiak behera egin izana urtez urte.

Ekonomiaren gaineko kontrol publiko eta soziala eskuratu eta Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista bat burutu

Pandemia osteko garai honetan, Patronalak, alderdi sistemikoak nahiz komunikabide nagusiek Barne Produktu Gordinaren bilakaerari begira jarri nahi gaituzte, horrek neurtzen omen du ekonomia baten osasuna nolakoa den. Baina langileontzat ez da adierazle erabilgarria. BPG logika kapitalistari erantzuten dion adierazlea da. Ez du lan erreproduktiboa kontuan hartzen,  ez du zerbitzu publikoen kalitatea neurtzen, ez du sortzen den aberastasuna modu orekatuagoan banatzea bermatzen edota aberastasun hori sortzeko aztarna ekologikoa zein den kontuan hartzen.  

Ekonomiak herritarren bizitzan duen eragina neurtzeko adierazle berriak behar ditugu. Eredu ekonomiko eta soziala birpentsatu, eta garapen paradigma berria sortu. Kapitalaren etekinak erdigunean jartzen duen ereduaren ordez herritarren eta planetaren bizitza erdigunean jarriko duen eredu berria eraiki. Ekonomiaren gaineko kontrol publiko eta soziala eskuratu eta Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista bat burutu.

Enplegu publikoa sortu eta lanaldiaren murrizketa orokorra egin beharra dago, gutxitzen ari den enplegua ez ezik zaintza lanak era parekidean banatzeko

Ildo horretan, hiru dira epe motzean egin beharreko borrokak. Lehenik eta behin, enplegu politika publiko baten aldeko borroka. Hori enplegu publiko gehiago sortu eta dagoena egonkortzetik hasten da. Eta administrazioak berari dagokion ardura hartzetik, izan ere, gaur egun eremu pribatuaren esku uzten da enpleguarekiko ardura eta administrazioek funtzio subsidiarioa betetzen dute, izan enpresak diruz lagunduz, izan enpresei aurre egiten dieten langileen kontra baliabide publikoak erabiliz, Tubacexen eta beste hainbat enpresetan ikusten ari garen bezala. Enplegu bermatua egon beharko luke politika publikoen oinarrian, alegia, herritar orori enplegu duin bat izateko eskubidea bermatu behar diote instituzioek eta horrela egin ezean kalte-ordain bat ordaindu. Hau posible izateko, enplegu publikoa sortu eta lanaldiaren murrizketa orokorra egin beharra dago, gutxitzen ari den enplegua ez ezik zaintza lanak era parekidean banatzeko; 35 orduko lan-astea ez da nahikoa, 30 ordutakoa jarri behar dugu jomugan. Zaintza lanak aitortu eta emakumeekiko dagoen zor patriarkala ordaindu beharra dago. Era berean, lan prozesuan sortutako aberastasuna banatzeko neurriak ezarri behar dira, hala nola 1.400 euroko gutxieneko soldata, 1:3 proportzioaren araberako gehienezko soldata edota gainbalioaren mugapena. Eta kaleratzeak nahiz prekarizazio formulak errazten dituen lan erreformak bertan behera utzi.  

Ulertezina nolatan ez zaion heltzen behingoz Euskal Herrian bizi dugun zaintza krisiari, mugimendu feministak proposatutako ariketa kolektiboa eginez

Bigarrenik, zerbitzu publikoen aldeko apustu sendo bat beharrezkoa da. Langileon osasuna, zaintza, hezkuntza, etxebizitza edota pentsio publikoa bermatu behar dituzte instituzioek. Ildo honetan, salagarria da pandemia hasi eta urte betera osasun eta zaintza sistema publikoan egindako inbertsio eskasa, edota osasun baliabide pribatuen gaineko kontrol publikoa hartu ez izana. Salagarria den bezala zerbitzu publikoetan bertako Gobernuek ontzat ematen duten aldi bateratasun tasa izugarria. Ulertezina nolatan ez zaion heltzen behingoz Euskal Herrian bizi dugun zaintza krisiari, mugimendu feministak proposatutako ariketa kolektiboa eginez. Nolatan gure nagusiak bi urtez kalean egon ondoren ez den urratsik ematen euskal instituzioen aldetik 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko.  

Euskal instituzioek ez dute inolako asmorik erakutsi Elkarteen Zerga igotzeko edota Kapital errenten ekarpena areagotzeko

Hirugarrenik, hala enplegu politika publikoa nola zerbitzu publikoen garapena finantzatuko duen zerga politika berri bat beharrezkoa da. Gehien dutenek gehiago ordaintzea bidezkoa zen lehen eta bidezkoa da orain, baina are eta beharrezkoagoa da oraingoa bezalako larrialdi egoeran. Aldiz, euskal instituzioek ez dute inolako asmorik erakutsi Elkarteen Zerga igotzeko edota Kapital errenten ekarpena areagotzeko. Kontrara, Europako Funtsak esku pribatuetan jarri nahi dituzte eta enpresarien neurriko zerga politikari eutsi. Hego Euskal Herrian baditugu eskumenak bestelako zerga politika bat egiteko, baina alderdi sistemikoek (EAJ, Geroa Bai, PSOE) Confebask eta CENen mesedetan erabiltzen dituzte.

Labur bilduz, krisi sistemikoak behartutako aldaketa sakonen testuinguruan, euskal herritar guztiok lan, pentsio eta zerbitzu publiko duinak izan ditzagun borrokatzeko unea da. Euskal Herrian eremuz eremu eta eskualdez eskualde pizten ari diren borrokekin batera, aipatu aldarrikapenei hauspoa emango dien Greba Orokorra prestatzen hasteko unea.

Lan, pentsio eta zerbitzu publikoak denontzat
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago