Ikusmiran 07 | Egoeraren azterketa. 2021eko maiatza
Egoeraren azterketa berri bat argitaratu dugu. Ikusmiran azterketaren 7. zenbakian 2021eko maiatzean dugun egoeraren azterketa jaso dugu.
Aurkezten dizuegun Ikusmiran txostenean aztertu dugu Euskal Herrian azken hamarkadan egoniko joera ekonomikoak eta horrek gaur egun, sindemiaren faktore azkartzailearekin, ze egoera bizitzera gakartzan. Gaur egungo sistemak bizitza bizigarriak bizitzeko elementu nahikoak eskaintzen ote dizkigun, eta benetan eredu sozioekonomiko jasangarri bat daukagun Euskal Herrian.
Ondorio nagusia izan da ezetz. Gainera, azken urteetako bilakaera ikusiz, ikusten dugu neoliberalismoan sakontzen ari garela eta joan beharko ginatekeen norabidetik gero eta urrunago gaudela. Horren adierazle bizitzen ari garen eta sistemaren ondorio diren krisi guztiak, krisi ekologikoa, zaintza krisia, krisi ekonomikoa eta baita osasun krisia ere.
Azterketan berretsi dugu batetik, sistema honek planetaren biziraupena bera jartzen duela zalantzan, eta esan behar dugu herrialde batzuk besteek baino ardura handiagoa dutela, eta Euskal Herria ardura handien duten horien artean kokatzen dela. Pare bat datu: gure herrian dugun aztarna ekologikoaren arabera, Lurrean bizi diren pertsona guztiek euskal herritarron kontsumo maila bera balute, 3 planeta beharko genituzke bizirauteko. Eta horri, bertako Berotegi Efektuko Gasen (BEG) per cápita isuriak mundukoa biztanleko isuriak bikoizten dituela gehitu behar diogu.
Bestetik, Euskal Herrian dugun sistema ekonomiko eta soziala ez da jasangarria ez planetarentzat, eta ezta ere bertan bizi garen herritarrontzat, ez dituelako gure beharrak erdigunean kokatzen. Honekin loturik zein ondorioetara iritsi garen azalduko digu. Esan datu batzuk Euskal Herri osokoak baditugula, eta beste batzuk Hego Euskal Herrikoak soilik direla:
– Euskal Herriko industria azken hamarkadetan pisua galtzen ari da zerbitzuen sektorearen mesedetan.
Industriak oraindik orain Euskal Herriko ekonomiaren zati garrantzitsua betetzen duen arren, azken urteetan industriaren gainbehera nabarmena izan da. Horren adierazle azken hamarkadan Barne Produktu Gordinaren (BPG) %27,5 izatetik %24ra pasa dela galera handiena manufaktura industriak izanik eta establezimenduen %20 baino gehiago galdu duela manufaktura industriak epe berdinean Hego Euskal Herrian. Gainera, sindemia garai hau ere norabide berean sakontzeko baliatu dute lantegi industrial ugarik: urtebetean manufaktura industrian lan egiten duten besteren konturako 6400 enplegu galdu baitira Hego Euskal Herrian, eta beste asko galtzeko arriskuan daude. Horri gehitu behar diogu berrikuntzan Euskal Herrian egiten den inbertsio eskasa, Europako batezbestekotik urrun eta gainera azken urteetan beheranzko joerarekin.
Industriaren gainbehera hau gainera beste sektore batzuen mesedetan ari da gertatzen, eta horrek ere prekarizazio prozesuan sakontzen laguntzen du. Izan ere zerbitzuena da, soldata baxuagoak dituen sektorea, Euskal Herrian BPGean gehien hazi den sektorea, 12 urtetan 7 puntuko igoera baino handiagoa izan du, %61,46 izatetik %68,88 izatera igaro baita.
Edonola ere, zerbitzuen sektorea oso anitza dela kontuan izan behar dugu, eta sektorea bera sindemiaren ondorioak oso modu desorekatuan ari dela bizitzen. Adibide moduan Hego Euskal Herrian azken urtean enplegu gehien galdu duen jarduera ostalaritza da, afiliazioaren %15,3 galdu du (10080 langile), eta igoera izan duen jarduera bakanetakoa osasungintza izan da %3,3ko igoerarekin (4220 langile), edonola ere egoerak eskatzen zuen beharretatik urrun, eta beti ere neoliberalismoaren logika horri erantzunez premia egoera batean puntualki igoz plantilla baina osasungintzak eta administrazio publikoak oro har dituen arazo estrukturalei aurre egin gabe, sektore publikoko azkeneko greban sindikatuok salatu genuon moduan.
– Azken urte luzeetan administrazioek elite ekonomikoen bultzadarekin garatzen dituzten politiken ondorioz prekarizazio prozesu bat ari da gertatzen, eta horrek soldaten gainbehera ekarri du Hego Euskal Herriko datuen arabera. Erabaki da sortzen diren mozkinak eta aberastasuna patronalaren aldera bideratzea, soldaten kaltetan.
Adibide moduan azken 10 urteetan soldaten balioa BPGaren ia erdia (%49,8) izatetik %45,7 izatera igaro da. Gainera, Europako beste herrialdeekin alderatuz datu hau, ongizate eta aberastasun maila altuenetan kokaturiko herrialdeen joera guztiz bestelakoa da, herrialde horietan soldaten garrantzia indarra hartzen ari baita urtez urte. Datu horri, soldatapeko langileek azken 10 urteetan eros-ahalmena galdu dutenarena gehitu behar diogu, soldatek izan duten bilakaera negatiboaren dimentsioaz jabetu ahal izateko.
– Ordaindu gabeko lan erreproduktibo gutxiago egiten bada ere, ekonomiaren oinarri izaten jarraitzen dute.
Oraindik lan horiek BPGean aintzat ez badira hartzen ere, badira hurbilpen bat eskaintzen dizkiguten azterketak lan horiei balio monetario bat emanez. EAEko datuak aztertu ditugu, eta 1993tik gaur egun arte lan hauek jaitsiera handia izan dute, BPGaren %46,9 izatetik %27,7ra igaro baitira. Nolanahi ere, inolako aitortza sozial zein ekonomikorik onartzen ez zaien eta nagusiki emakumeok burutzen ditugun lan hauek eta, industriak BPGean duen balioa baino altuagoa izaten jarraitzen dute, ekonomiaren oinarri nagusienetako bat izanez.
– Hego Euskal Herria Europarekin alderatuz azken postuetan dago presio fiskalari dagokionez.
Hego Euskal Herriko presio fiskala Europako beste herrialdeekin alderaturik oso azpitik dago. Herritarron ongizatea bermatzeko nahiko dirurik ez omen dagoen honetan, politika fiskalaren eraldaketa baterako nahiko tarte badagoela erakusten digute datuok. Bi helbururi erantzun beharko lioke aipatu eraldaketak: aberastasunaren banaketa orekatuago bat lortzea batetik, eta administrazioen diru-sarrerak nabarmenki handitzea bestetik, zerbitzu publikoen kalitatea hobetze bidean.
– Sindemiaren ondorioz hartu dituzten neurriek enpleguaren galera garrantzitsua ekarri dute, eta iraupen luzez langabezian dauden langileen kopurua etengabe ari da hazten.
Sindemia hau osasun ondorio larriez gain, ondorio sozial handiak uzten ari da gurean. Hego Euskal Herrian 2020an 35200 lanpostu suntsitu dira. Gazteen eta migranteen enplegua izan da batezbestekotik gora galdu dena, eta iraupen luzez langabezian dauden langileen kopurua etengabe ari da hazten, eta Martxoaren 31ako datuen arabera Enplegua Aldi Baterako Erregultzeko Txostenen eraginpean 35000 langile daude gaur egun.
Edonola ere, enpleguaren bilakaera aztertzeko, langabeziaz gain euren borondatearen aurka lan gutxiegizko egoeran dauden langileen errealitatea ere jaso beharra dugu. Termino horrek langabezian dauden pertsonez gain, enplegu gabe egonagatik lan bila ez dabiltzan pertsonak baina lanerako prest daudenak, azpienplegaturiko langileak, hau da, lanaldi osoan lanik aurkitzen ez dutelako euren borondatearen aurka lanaldi partzialean ari direnak eta Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Txosten (EABET) baten pean dauden langileak ere barnebiltzen ditu. Bada Hego Euskal Herrian lan gutxiegizko egoeran dauden langileen portzentaia urtebetean %18tik %22ra igo da.
Ikusmiran 07 | Euskal herriko egoera ekonomikoa | 2021eko maiatza
Podcast honetan Joseba Permatx eta Asier Imazekin lurraldearen egoera ekonomikoa hartu dugu ardatz, eta bien arteko mahainguruaren grabazioa duzue entzungai.
Ikusmiran07 | Una mirada a otros pueblos del estado español
Esta vez, intentamos acercarnos a otros pueblos del estado español. Participan María do Carme García-Negro de Galiza, Luis Ocaña de Andalucía y Mireia Vehí de los Paísos Catalans.