Ikusmiran: egoeraren azterketa (ezohikoa 2020ko maiatza)
Ikusmiran ezhoiko txosten bat aurkeztu dugu, egoeraren bat bateko argazkia atera nahi izan dugu. Gertakariak azkar ari dira aldatzen, eta egungoaren azalpen bila eta batez ere etorkizuneko galdera handiei erantzunak bilatu nahian gabiltzan honetan, egiteko horri laguntzeko ekarpena izan nahi du lan honek.
Euskal Herriko argazki osoa ateratzea ezinezko bihurtu zaigu ordea. Ipar Euskal Herriko errealitatea Frantziar Estatuko zenbakietan atzeman ezina geratu da. Gure helburu eta nahia Euskal Herriko analisia izanik, Hego Euskal Herrira mugatu behar izan dugu, nahiz eta bertako banaketa administratiboak ere ez eskaini datu homogeneorik.
2019 bukaeran hazkunde ekonomikoa dagoeneko indarra galtzen hasia zen eta 2020ko mehatxu nagusitzat AEB eta Txinaren arteko gerra ekonomikoa edota Brexit-ak sortuko omen zuen ezegonkortasun ekonomikoa hartzen ziren, Koronabirusak aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri zituen arte.
Denak ez gaude baldintza berdinetan osasun krisi bati aurre egiteko eta ezta ere ekonomia krisi baten ondorioak pairatzeko. Orain arte Hego Euskal Herriko lan eta bizi baldintzetan emaniko bilakaera negatiboa izan da 2008ko krisiaren ondorioz bai alderdi sozialista zein popularren gobernuek eginiko erreformen ondorioz. Erreforma horiek Euskal Herrian aurkako erantzun irmoa izan zuten, hainbat greba orokor burutu ziren, eta orain Covid-19aren ondoriozko krisi honi irtenbide justu bat emateko oztopo estrukturalak dira.
Gaur egun hurbileko historian izan dugun atzeraldi ekonomiko handienaren aurrean gaude. BPGren uzkurtzea dagoeneko errealitate bat da eta aurreikuspen guztiek uzkurtzea areagotuko dela diote. Krisiaren gainditzeak eskatzen duena da krisian erabat murgildu den sistema bat eraldatzeko ariketa politikoa. Kapitalaren interesak ordea begirada ekonomizista hutsa ezarri nahi izan dute eta Urkulluk berak 2012ko lan erreforma defendatu du patronalaren interesen araberako diskurtsoa indartuz.
Ez gaude krisi honi aurre egiteko egoera hoberenean orohar. 2010 eta 2012ko lan erreformek ustezko errekuperazio ekonomikoa herritar gehienen bizitzaren, eskubideen eta aberastasunaren prekarizazio eta debaluazioarekin ordaintzea ekarri zuen. Eta orain, bi hilabete eskasek egoera gogorra eta norabide dramatikoa utzi dute:
– Langabeziaren galera izugarria izan da. 2019Ko Apirilarekin alderatuta 2020ko Apirilean %20,8 langabetu gehiago ditugu Hego Euskal Herrian. Gazteen langabezia 14 puntu gehiago igo da.
– Galdu den afiliazioaren %89k behin-behineko kontratua zuen.
– Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Txostenen eraginpean dauden langile kopurua Martxoa eta Apirilean galdu den afiliazioa baino bost aldiz handiagoa da.
– Eta enplegu publikoa ere ez dago krisitik salbu. Urtez urte hazten doan behin-behinekotasun tasa izugarriak erakusten digu langile finkoek erretiroa hartzen duten bitartean behin-behineko langileek ordezkatzen dituztela.
– Honekin lotuta adierazgarria izan da osasungintzako langileei txaloak itzaltzeko deialdiarekin batera langile publikoen baldintzak eta soldatak edota langile kopurua bera kuestionatzen duten diskurtsoak entzun ditugula.
– Eta osasungintzan jarriz arreta, esan behar dugu osasungintzaren egoerak bereziki premiazko berrantolaketa baten beharra erakusten duela LABek bere LOREA proposamenean azaldu zuen bezala.
– Eta azkenik esan beharra dugu krisiaren gestioan zeinen interesak defendatzen diren gakoa izango dela Euskal Herriko langileriaren egoeraren bilakaeran. Arrisku handien pairatuko duten sektoreak honakoak dira:
• Gazteak. Esan bezala gazteen langabezia bataz bestekoa baino 14 puntu gehiago hazi da.
• Emakumeak. Emakumeek gehiago burutzen dituzten etxeko eta zaintza lanen eta telelanaren ugaritzea edota azken urteetako soldata arrakalaren handitzea gertutik jarraitu beharreko elementuak izango dira.
• Adinez nagusien diren langileak. Merkatu laboralean jarraitzen dutenek prekarizazio maila altuagoetara iristeko arriskua daukate, formazio eskasa eta eredu produktibo berrietara egokitzeko zailtasunengatik besteak beste.
• Migranteak. Muturreko prekarietate egoeran dauden gehiengoak dira migranteak, are gehiago egoera administratibo irregularrean baldin badaude.
• Helduak. Pentsiodunen azken urteetako borroken ondorioz euretako askok bizi duten egoera zaurgarria ezagutu ahal izan dugu. Horrelako krisi baten aurrean euren bizi baldintzen zaintzan jarri beharko dugu arreta eta pentsio duin baten aldarriak berebiziko garrantzia izaten jarraitzen du.