I. Eskola Subiranistaren balorazioa
Foro Subiranistako Idazkaritzaren prentsa agiria, 2020ko otsailaren 13an, 14an eta 15ean Donostian egindako Osoko Bilkurari eta Lehen Eskola Subiranistari buruzkoa.
Espainiar Estatuko herrietako ezker subiranistako fundazio eta erakundeen hausnarketa gunea sendotzen ari da eta gure lehen Trebakuntza Eskola oso arrakastatsua izan da.
1: Foro Subiranistaren sendotzea nabarmendu nahi dugu
Foroaren historia osoan, hauxe izan da parte-hartzerik zabalena izan duen Osoko Bilkura. Agenda arazoengatik bertaratzerik izan ez duten banaka batzuk izan ezik, ia erakunde iraunkor guztiek parte hartu dute bilkuran, behatzaile edota gonbidatu gisa etorritako erakunde askorekin batera. Bilkurak balio izan du Forora batu diren erakunde berriak aurkezteko eta, haien aldetik, gure dinamikarekin lehen harreman bat edukitzeko. Jorratutako gaiei eta hartutako konpromisoei dagokienez, nabarmendu beharra dago Foroa bere ibilbidearen fase berri batean sartua dela dagoeneko. Fase berri honetan, erakunde/lurralde bakoitzaren ikuspegiak kontrastatzeko egin ohi den ariketaz gain, aurrera begirako urratsak zehaztu eta erronka berriak jarri dizkiogu geure buruari. Beraz, esan dezakegu gune hau sendotu egin dela eta jario oparoa dagoela Foroa osatzen duten erakundeen artean.
2: Lehen Eskola Subiranista oso arrakastatsua izan da
Lehenbiziko aldiz, espainiar estatuko herrietako 150 lagun baino gehiago bildu gara prestakuntzaren eta gogoetaren arloko jarduera batean parte hartzeko. Eskolak oso aho zapore ona utzi die parte-hartzaile guztiei. Erabilitako metodologiari esker, parte-hartzea oso handia izan da. Horri dagokionez, aise bete ditugu aldez aurretik ezarritako helburuak eta, gainera, emaitzak gure itxaropen guztiak gainditu ditu. Eskolak harremanak ehuntzeko balio izan du, eta horixe zen gure helburuetako bat. Parte-hartzaileetako askok elkar ezagutu dute bertan edo aspaldiko harremanak berreskuratu dituzte, eta ideiak nahiko erraz jariatu dira, etorkizunean oso garrantzitsuak izan daitezkeen konfiantza eremuak sortuz.
Subiranismoak XXI. mendean dituen erronkei buruz hausnartu dugu, Espainiako Erresumaren krisiari eta nazioarteko egoerari arreta berezia eskainiz. Subiranismo emantzipatzailea goraka ari da Europako hainbat lurraldetan, eta egiaztatu egin dugu zerumuga partekatu bat eskaintzen duela azpiratze eta baztertze forma guztiak gainditzeko. Beste proposamen batzuk agortzen edo ahultzen ari diren bitartean, ezkerreko subiranismoak sustrai sakon eta sendoak ditu eta, gainera, bere burua etengabe berrasmatzeko gaitasuna erakutsi du, gaur egungo erronkei erantzutea helburu.
Eskolak balio izan du ideiak partekatzeko, ikuspuntuak hurbiltzeko eta argi ikusteko oso komenigarria dela elkarrekin pentsatzea eta ekitea, betiere herri bakoitzaren estrategia autozentratua errespetatuz.
3: Eraso matxista baten salaketa irmoa
Indarkeria matxista etengabea berriz ere mahai gainean jarri duen gertaera bat salatu behar dugu. Eskolako parte-hartzaile batek eraso bat pairatu zuen Eskolaren osteko aisialdian, Eskolarekin inolako zerikusirik ez zuen pertsona baten aldetik. Eskolan parte hartu zuten beste pertsona batzuek berehalaxe erantzun zioten erasoari.
Aisialdia, lana eta, oro har, gure jendarteko bizitzaren arlo guztiak jotzen dituen egiturazko arazo baten aurrean gaude. Ohar hau baliatuz, gure amorrua eta kezka adierazi nahi dugu, eta gure elkartasuna eta maitasuna helarazi erasoa pairatu zuen pertsonari eta hain une latzean berehalaxe lagundu ziotenei.
Emantzipazio feministarekin konprometitutako erakunde subiranisten Foro gisa, gertaera horrek gogoeta eginarazi behar digu eta neurri prebentiboak nahiz propositiboak hartzera eraman behar gaitu. Konpromiso hori hartu dugu, eta datozen hilabeteetan garatuko dugu.