Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai

Manu Robles-Arangiz eta Ipar-Hegoa fundazioek Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai duen mintegia antolatuko dugu, datorren maiatzaren 16an, EHUk Bilbon duen Bizkaia Aretoan.

 

Hiru bloketan antolatuko dugu mintegia. Lehen atalean, testuinguruari erreparatuz, nazioarteko analisi konparagarria, Euskal Herrian egin daitekeen bide juridiko- politikoaren azterketa, eta burujabetzan aurrera egiteko tresna gisa duen gaitasuna jorratuko dira. Bigarren bloke batean, hainbat begiradetatik aztertuko dugu LGSren onurak: sexu-genero arrakala, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak, ikuspegi ekologikoa, lehen sektoreko langileak. Hirugarren eta azken tartean, ELA eta LAB sindikatuek, LGSren inguruan dituzten proposamenak azalduko dituzte.

Besteak beste, bere partehartzea baieztatu digute Jule Goikoetxea, Endika Alabort, Jone Etxebarria, Isidro Esnaola, Jaime Nieto, Jon Ormaetxea eta Bilgune Feministako eta Etxaldeko kideek. 

 


Aditu hauek aurkeztuko dituzten irakurketez gain, Jardunaldia zabalik dago euren ekarpena egin nahi duenarentzat. Ekarpena biltzen duten komunikazioak aurkezteko epea zabalik dugu. Honen bidez, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioarekin lotutako proposamenak, hausnarketak edota ikerketak bildu eta bultzatu nahi ditugu. Diziplina anitzeko hurbilketa batetik (Ekonomia, Lan Harremanak, Soziologia, Zientzia Politikoak....) Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioarekin lotutako komunikazioak bidaltzera animatzen ditugu ikertzaileak edota erakunde ezberdinetako kide diren ekintzaileak.

 


Deialdiaren baldintzak

- 2025eko martxoaren 3tik 28ra.

- 4000 karaktere inguru

- Komunikazioak, mintegiaren antolatzaile garen fundazioetara bidali fundazioa@ela.eus edota fundazioa@iparhegoa.eus

 

 

Gaira hurbilketa

Zenbateko inpaktua du LGSak lurralde batean? Modu desberdinetan proposa daiteke LGSaren kalkulua? LGSa ezartzeko eskumena izateak ze onura ekar ditzake Euskal Herrira? Nola indar ditzake bertako lan harremanen esparrua eta negoziazio kolektiboa LGS propio bat adosteak?

Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak (LGS) gizartearentzat babes-dimentsio zabala du. Lehenik eta behin, soldatapeko langileentzat zuzeneko eragina du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen den heinen. LGSren zenbatekoak, honenbestez erabateko inpaktua du soldatarik txikienengan, baina horretaz gain, LGSren igoera batek, modu orokortuago batean soldata mailaren igoera ekarriko luke berekin: legezko lan-baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen duena.

Politika sozial eta ekonomikorako tresna ere bada LGS. Zentzu horretan, aberastasun banaketa eta gizarte kohesiorako mekanismoa izanik, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizteko gaitasuna du. LGS baten igoerak, berebiziko inpaktua izango du beti, sektorerik pobretu eta prekarioenetan: sektore prekarizatuenak, sektore feminizatuak ere izan daitezke zenbaitetan, eta baita ere herrialde pobretuetatik migratutako pertsonak jarduten diren sektoreak.

Horrekin batera, LGS lurralde jakin batean kokatu beharra dago. Hego Euskal Herrirako LGSaren zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabili litezke, baina argi dagoena zera da: Espainia mailan finkatutakoa Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da. Baina zenbatekoaz harago, LGSa erabakitzeko gaitasuna, burujabetzarekin estu lotuta dago zalantzarik gabe. LGSa lurraldean bertan erabakitzeak zein onura izan ditzake?

Jarraian dugun zerrendan, LGSra hurbiltzeko zenbait gai bildu ditugu:

- LGSaren lurraldean erabakitzeko gaitasunaren garrantzia

- LGS propioa eta burujabetza

- LGS propioa kalkulatzeko proposamen ezberdinak

- LGS propioaren igoera

- LGS propioa  eta pobrezia

- LGS propioa eta arrazakeria

- LGS propioa eta prekarietatea

- LGS propioa  eta sektore feminizatuak

- LGS propioa  eta aberastasun banaketa

- LGS propioa eta krisi ekologikoa

- LGS propioa eta bestelako gizarte politikak: DSBE

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri