Talaia berezia: Covid-19aren krisiak agerian utzi dizkigunak
Egoerak hala eskatzen zuela uste izanda zenbaki berezi bat argitara ematea beharrezko ikusi dugu Covid-19aren gestioak agerian utzi dizkigun zirrikitu, hutsune eta zuloei buruz; eta zuen interesa piztuko duen elkarrizketa eta analisiz osatu dugu.
Andoni Olariaga fase honek sortu dituen erpin desberdinei buruz aritu da etorkizuna eraikitzeko gakoak emanez. Jagoba Zuluetak euskal errepublika eraikitzeko urratsak ematea proposatu digu egun bizi dugun gobernantza eredu jasanezinaren gabeziak aletu ondoren. Eredu horretaz aritu zaigu Mikel Alvarez ere, kontrol sozial eta polizialean zentratuz batipat. Euskal Herritik baino ikuspegi zabalagotik mintzatu zaigu Adrian Zelaia, ekonomia globalizatuaren aukera eta arriskuei buruz, bertako ehun ekonomikoaren bilakaeran eta berau indartzeko proposamenetan jarriz azpimarra.
Oso bestelako hutsune bati buruz hitz egin digu Josefina Rocok, zaintza modu zabalean ulertzeko eta berau berrantolatzeko beharrari buruz hain zuzen ere. Bide horretan, Nerea Kortajarenak publikoa indartzeko premia mahaigaineratu digu. Helduen beharrizanetan, heriotza duina izateko eta modu duin batean zainduak izateko gaur egun dauden zailtasunen eta horien arrazoien inguruko analisia egin digu Xabier Isasak.
Hari horretatik tiraka jarraitu dugu Maddalen Doradorrekin, bizitza sostengatzen duten sektoreei eta euren lan baldintzei buruzko gogoeta ekarri baitugu Talaiara. Xabier Ugartemendia Covid-19aren gestioan izan diren lehentasunei buruz mintzatu zaigu, langileen beharrizanak ez direla lehen lerroan kokatu argitu utziz. Azkenik Marra Juniorrek, Euskal Herrian migranteek eta arrazializatuek bizi duten egoeraren inguruan solastu du, konfinamenduak aurretik dagoeneko existitzen ziren arrakalak nola larriagotu dituen azalduz.
Eta azkenik, ‘bonustrack’ bat ere badaukagu zenbaki honetako webguneko edukietan. Jon Maia Soriak Gara aldizkarian publikatutako ‘Mañana’ artikuluaren zatitxo bat erabiltzeko baimena eskatu genion egileari, eta berak ‘Bihar’ testuaren euskarazko bertsioa helarazita erantzun zigun. Webgunean duzue eskuragarri.