Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria
Neoliberalismoaren azken hamarkadetako bilakaerak orain arteko paradigma sozial eta ekonomikoen erabateko aldaketa eragin du. Sistema produktiboaren egiturak zein logikak aldatu dira, kapitala eta lanaren arteko harremana eraldaketa prozesu etengabean dago eta honekin lotuta, sistema produktiboaren mundualizazioak lan harremanen ikusmolde klasikoa errotik aldatu du. Faktore hauen guztien eraginez -besteak beste- eta gertatzen ari diren aldaketa guztiak denbora errealean ulertzeko konplexutasunak, beharrezkoa egiten du orain arteko sindikalgintzaren zereginen inguruan hausnartzea.
Euskal Herrian sindikalgintzak prozesu sozial zein politiko askotan esangura handiko ekarpena eginagatik egoera eta momentu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna izan du. Gaur egun dugun sindikatu eredua ongizate estatuaren garapenarekin eta lan munduaren egoera zehatz bati erantzuteko sortutakoa da. Edozein kasutan estatu egituran ematen ari diren egiturazko aldaketen eta dominazio modu berri eta sofistikatuen (prekarizazioaren orokortzea, langileen fragmentazioa, negoziaketa kolektiboaren desaktibazioa…) aurrean, sindikalgintzak egitura klasikoa mantentzen jarraitzen du. Hori dela eta, sindikalgintzak orohar, eta Euskal Herrian zehazki, dituen erronka berrien inguruko eztabaida sakona abiatzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu.
Ez dugu uste eztabaida arina denik. Langileen ordezkaritzaren inguruan pentsatzeak orain arteko fabrikako gizonezko langile zuriaren iruditegia iraultzea eskatzen du. Era berean, estrategia berrietan pentsatzea suposatzen du, alegia, elkarren artean itxurazko konexiorik ez duten egoera sozial eta laboralen artean uste baino harreman handiagoa dagoela ulertzea, besteak beste. Hala nola, neoliberalismoa eta egungo austeritate politikak irauli eta kontrako baloreen araberako sistema berri bat eraikitzeko estrategia bateratuetan pentsatzea eskatzen du.
Aldaketa sozial eta politikorako estrategia [bir]pentsatzen
2015eko maiatza-ekaina