Argitxu Dufau | LAB sindikatua

«Jendea atera da karrikara esateko biziki zaila dela Ipar Euskal Herrian bizitzea»

ARGITXU DUFAU Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuko arduraduna da
Joan den urteko azaroan 8.000 pertsona elkartu zituen manifestazioa egin zen Baionan, “Vivre et se loger au pays! Espekulaziorik ez!” lelopean, etxebizitza eskubidearen defentsan. Nola azaltzen da manifestazio horren arrakasta?
Esango nuke indar metaketari esker izan duela manifestazio horrek izan duen arrakasta. Lortu dugu eragile ezberdinak elkartzea, gure berezitasunekin, hori izan da gure indarra. Alde batetik, egoera salatzea nahi genuen, eta, bestetik, mahaigainean jartzea alternatiba batzuk edo proposamen batzuk.
Bada egiazko haserre bat jendearen artean. Jendea atera da karrikara esateko biziki zaila dela Ipar Euskal Herrian bizitzea, bai kostaldean, baina baita barnealdean ere. Eta lortu dugu haserrea bilakatzea proposamen. Era berean, bazen gogo bat bertako hautetsiak zuzenki interpelatzeko beren ardurak har ditzaten, jende aunitz atera da karrikara hori esateko ere bai. Momentua biziki larria baita, eta okertzen doa.
Bada izugarrizko arazo bat, baina ez du zertan horrela izaten jarraitu behar. Eraiki behar dugu sistema berri bat, denok izan dezagun etxebizitza duin bat. Momentuz lortu dugu 32 eragile elkartzea manifestazio hori antolatzeko, hori ez da askotan ikusi. Gai honetan inoiz ere ez.

Eraiki behar dugu sistema berri bat, denok izan dezagun etxebizitza duin bat

Mugimendu honek orain eztanda egin izana ez da kasualitatea, etxebizitzarena Ipar Euskal Herrian aspaldidanik datorren problematika den arren, pandemiaz geroztik are eta gehiago larriagotu baita.
Bai, azpimarratzekoa da hau ez dela arazo berria Ipar Euskal Herrian. Denok oroitzen gara zer nolako mugimenduak izan ziren 80ko hamarkadan, 90ekoan, 2000 inguruko urteetan etab. Alta, egia da ez genuela espero egoera hainbeste okertuko zenik. Pandemia aurretik ere biziki zaila zen gure herri eta hirietan bizitzea, baina pandemiak, gure gizarteren beste arazo aunitzekin bezala, aurretik zetorren arazo hau ere azkartu eta agerian utzi du.
Konfinamendu garaian frantses estatuko hirietatik jende aunitz etorri zen hona konfinatzera, beraien bigarren etxebizitzetara edo alokatzen zituzten pisuetara. Telelanak baimentzen du aukera hori, beraien enpresetatik urrun lan egitearena. Egoera horretan, prezioak berehala igotzen hasi ziren. Eta iritsi gara momentu batera non etxebizitzen eskaera altuagoa den eskaintza baino. Eta hori momentu oparoa da prezio altuetan saltzeko. Izan dira kasu batzuk biziki adierazgarriak. Konfinamendu garaitik hona egoera gehiago okertu da, gainera.

Pandemiak aurretiko arazoa azkartu eta agerian utzi du

32 eragile izan ziren Baionako manifestazioaren deitzaileak. Ezaugarri oso ezberdinetakoak gainera. Nolakoa izan da sentsibilitate ezberdin horien arteko batasuna josteko prozesua?
EHBai alderdiak proposatu zuen manifestazio handi bat egitea Ipar Euskal Herrian, eta haien hautua izan da kolektiboki antolatzea. Eta manifestazioa izatea abiapuntu bat. Ez bakarrik manifestazio salatzailea, baizik eta dinamika berri baten abiatzailea. Lehen bilkura bat deitu zuten haiek, eta, gero, horren ondotik, kolektiboki pentsatu dugu den-dena. Esan duzun bezala 32 eragile, eta baita 32 egiteko manera ezberdin ere. Eta, hala ere, lortu dugu funtzionamendu egoki bat.
Adimen kolektibo bat sortuz eraman dugu aitzinera prozesua. Azpimarratu behar da kultura politiko, sindikal edo militantzia eredu ezberdinak ditugula, eta gure indarra izan da horiek batzea. Lortu dugu bakoitzaren gaitasunak, bakoitzaren baliabideak, bakoitzaren ezagutza… saski kolektibo batean jartzea. Batzuen artean egia da ohitura genuela elkarrekin gauzak antolatzekoa, horren “kultura” bagenuen, baina beste batzuekin ez batere, eta hori izan da ere gure arrakasta, erakustea zinez mugimendu zabala ginela, eta bakoitzak bagenuela gure tokia, bai dinamikan eta baita manifestazioan ere. Baditugu ezberdintasunak, eta, batzuetan, baita desadostasunak ere. Hori sanoa da, normala, puntu amankomunak adostu eta defendatu ditugu. Ez da erreza izan, baina modu positiboan diot, eragile guztiok aunitz ikasi dugulako dinamika horretan. Elkar ezagutzeko, besteen militatzeko ereduak ulertzeko… funtzionatu du. Ikasi dugu aunitz bakoitzak gure buruaz ere. Baikorki baloratzen dugu prozesua.

Adimen kolektibo bat sortuz eraman dugu aitzinera prozesua

Zeintzuk izan dira eragile guzti horien artean adosturiko aldarrikapenak?

Hasteko, egoeraren argazkia egin dugu, eta argazki hori da gure herrian ezin dugula gehiago bizi. Eta, hori esanda, denok ados ginen horrek eragiten zigun haserrea karrikara eramateko elkarrekin jardun behar genuela, baita aldarrikapen batzuk mahai gainean jartzeko ere.

Aldarrikatzen duguna da alokairuak arautu behar direla. Bestalde, esaten dugu etxebizitza sozial gehiago behar direla. Horrek ez du esan nahi gehiago eraiki behar denik, agian toki batzuetan bai, ados, baina beste toki batzuetan ez. Leku askotan etxe hutsak daude edo zaharkituak, eta, beraz, berriztu behar dira. Horretarako egin behar dira argazki batzuk herrietan jakiteko zenbat etxe huts, zenbat etxe berrizteko… dauden.
Beste aldarri bat bigarren etxebizitzen ingurukoa da. Bigarren etxebizitza aunitz dira eta hor ere muga bat ezarri behar da. Eta, baita ere, Airbnb eta antzeko plataformak kontrolatu behar dira, zeren jende batek erosten ditu pisuak bakarrik modu horretan alokatzeko, eta hori ez da onargarria. Lehenetsi behar dena da bakoitzak etxebizitza bat izatea, ez gutxi batzuk bigarren etxebizitza bat edukitzea.
Arazoari aterabideak badira, beraz. Euskal Elkargoak onartu berri du ekainetik aitzina konpentsazio neurria ezarriko zaiela turismorako bizitegiei. Nola baloratzen duzu neurri hori? Eta zer gehiago egin daiteke?
Joan den martxoaren 5ean elkargoko hautetsiek araudi berezi bat onartu zuten, konpentsazio neurria. Araudia labur esplikatuta, jabe batek etxebizitza bati erabilera turistiko iraunkorra eman nahi baldin badio, baldintza bat bete beharko du: beste etxebizitza bat sortu edo eskaini beharko du, tamaina berekoa eta herri berean. Neurri hori martxan jarriko da Ipar Euskal Herriko 24 herritan, nahas-mahas Donibane Lohitzunen, Ziburun, Hendaian, Uztaritzen…

Lortu dugu bakoitzaren gaitasunak, bakoitzaren baliabideak, bakoitzaren ezagutza… saski kolektibo batean jartzea

Egun Ipar Euskal Herrian 11.000 etxebizitza turistiko daude. Beraz, hartu den erabakiak zinez eragin handia izango du gure lurraldean. Horregatik, berri on bezala ikusten dugu. Horrek erakusten du borondate politikoa badenean gauzak egitea posible dela. Noski, badakigu ere nahiz eta urrats garrantzitsua izan, neurri honek ez dituela arazo guztiak konponduko. Urrats bat da, urrats positibo bat, baina hala ere etxebizitzen eskaerak biziki handia izaten jarraituko dugu. Horregatik, araudi berri gehiago ere sortu beharko dira, hala nola, alokairuei tope bat jartzea, zaharrak diren etxeak konpontzea edota horiek etxe sozialak sortzeko baliatzea. Eta, noski, bigarren etxebizitzen lege mugatzaile bat, herri askotan etxeen erdia baino gehiago bigarren etxebizitzak baitira, eta hori ezin dugu gehiago onartu.
Nahiz eta ez den aski, zinez positiboki baloratzen dugu ere hautetsiek neurri hori hartu izana, askotan entzun baititugu esaten eskumenik ez dutela etxebizitzaren alorrean. Erabaki honek frogatzen du benetako borondate politikoa dagoenean, tresna batzuk sortu ditzakegula. Eta, zergatik hartu dute neurri hori orain? Ba presio herrikoi bat egon delako, mobilizazioak egon direlako eta mugimendu sozialek indar harreman positibo bat sortu dutelako. Hori argi utzi behar da. Karriketan egon diren aldarrikapenek eragina izan dute hautetsien erabakietan. Neurri hori eraman dugun borrokari esker ere izan da onartua. Horrenbestez, segitu behar dugu borrokatzen, presioa handitzen eta indar harremana hobetzen.

Aldarrikatzen duguna da alokairuak arautu behar direla

Martxa itxi zuen ekitaldian elkarrekin aurrera egiteko nahia gailendu zen. Zein urrats aurreikus daitezke, eta zein norabidetan, hemendik aurrera?
Lehenago esan dudan bezala, manifestazio hori ikusten genuen abiapuntu bat bezala eta ez dinamikaren bukaera bat bezala. Ez genuen manifestazioa bere horretan utzi nahi eta dinamikak jarraitzen du. Elkartu gara berriz eragileak eta orain artekoari segida bat eman nahi diogu. Esan dudan bezala, zinez haserre gara, baina saiatzen gara haserre hori bilakatzen proposamen ere bai.
Ekintza sozio-sindikalaren ikuspegian jarrita, nola borrokatu daiteke etxebizitzaren gaia sindikalki, lan zentroetan…? Nola uztartu gero eta indar gehiago hartzen ari den problematika soziala borroka sindikalean?
Alokairuak edo etxeak erosteko aukera lan-sariarekin lotua dago zuzenki. Eta gu zubia egiten saiatzen gara arazo hori enpresetara eramateko eta alderantziz, enpresetatik karriketara. Aldi berean, alokairuak mugatu nahi badira, horretarako hartuko diren erreferentziak lan-sariak izango dira. Gure aldarrikapenetan esaten duguna da lan-sariak igo behar direla, zeren orain dauden bezala ez dute hemen duin bizitzea permititzen (eta hori ez sektore pribatuko diru-sariek bakarrik, ezta sektore publikokoek ere). Era berean, alokairuak apaldu behar dira, posibilitatea emateko jendeari hemengo lan-sariekin etxebizitza bat edukitzeko.

Hurrengo hilabeteetan berriz karrikara aterako gara

Bestalde, konturatzen gara, geroz eta gehiago, langileak enpresetatik, lan-zentroetatik, urrun bizi direla. Eta hori ere ez da onargarria (salbu hautu pertsonala baldin bada). Zure lan-sariak zure lan-zentroaren ondoan edo hurbil bizitzen ez uztea ez dugu normala edo onargarria ikusten. Ez da bateragarria ongi bizitzearekin, ezta ekologismoarekin ere.
Argitxu Dufau | LAB sindikatua
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago