Jokin Zaldunbide
Agroekologia, elikadura burujabetzaren bidean
Galdera oso sakonak dakarzki elikadura burujabetzaren gogoetak. Planteamendu oso filosofikoa da azken finean, gure zibilizazio antolaketa galdezketatzen duena.
Gaur egun posible ahal ote da elikadura arloan osoki autonomoa izaitea? Hirigune erraldoi horien hornitzeko nahikoak ote dira inguruetako lurrak eta laborantza ekoizpenak? Galderak lerrokatzen ahal dira eta egia erran bada nahiko goibel izateko gaur egungo zenbakiei errepaso bat egiteko mementoan.
Munduan ekoizten dugun janariaren erdia zakarrontzira doa.
2050an munduko populakuntzaren emendaketaren iragarpenekin, laborantza produkzioa ehuneko 70az beharko ditaike emendatu. Gaur egun, ekoitziak diren zerealen erdia abereen alimentaziorako zuzentzen da. Laborantza bizki kutsakorra da eta berotegi efektua eragiten duten gas isurketen ehuneko 30a eragiten du. Eta zer pentsa laborantzako ekoizpen batzu finantza munduko espekulazioan sartzen direlarik?
“2050an munduko populakuntzaren emendaketaren iragarpenekin, laborantza produkzioa ehuneko 70az beharko ditaike emendatu.”
Ez dugu hemen laborantza industrialaren auzia eginen, jakin badakigulako gure konsumoa zein kaltegarria den gure planetarako, eta laborantza sistema lehen lerroan kokatzen da.
Bigarren mundu gerratik, landa martxan ezarri diren laborantza politikak oso kaltegarriak direla nabarmena da. Argi dago hurrengo belaunaldiei leku bizigarri bat utzi nahi baldin badiegu gure bizi antolaketak arraberritze bat behar duela, gure konsumo ohituren aldaketa erradikal bat, naturarekin konposatzeko behar bat.
Aterabide konkretu bat jalgitzen ari da azken hamarkada hauetan laborantzaren sabeletik: Agroekologia, Laborantza eta ekologia uztartzen dituen kontzeptua.
Nazio Batuen Fondo Alimentarioak dio Agroekologiaren bidez planeta osoa elikatzen ahal dela… Bai, bai, planeta osoa.
Ikerketa eta lan oparoa egin izan da munduan zehar agroekologiaren eragina aztertzeko. Lan horietan azpimarratzen ahal dugu Olivier de Schutterr-ek egindako lana.
2011an Nazio Batuetan aurkeztu duen txosten batean, agroekologiak laborantxa industrialaren performantzak gainditzen ahal dituela azpimarratzen du.
Eta zein dira laborantxa industrialaren parean agroekologiak ezartzen dituen «armak»? Zuhaitzak, insektoak, landareak, arrainak, ura, abereak, humanoak…
“Aterabide konkretu bat jalgitzen ari da azken hamarkada hauetan laborantzaren sabeletik: Agroekologia.”
Agroekologia modu zabalean esperimentatua izan den lurraldetan bi elementu nagusi agertzen dira : biodibertsitatearen babestearen beharra eta biodibertsiatea eskasean dagoelarik hunen introduzitzea. Huna beraz agroekologiaren gako batzu: kultura dibertsoak landatu, abereen presentzia bermatu, agrobasogintza sustatu, arrainak erabili, polinisatzaileak, insektoak, lurraren organsimoak, ura erekuperatu, eta abar luze bat….
Joan gaitezen hirugarren mundura, itxaropena handik etorriko baitzaigu segurrenik!
Eman ditzagun adibide konkretuak: Kenian, «errepultsio-atrakzio» deitu metodo bat martxan ezarri dute laborariek, heien kulturak erasotzen zituzten insektoen ekiditeko.
Desmodium deitu landare errepultsiboa landatu dute arto landen artean eta hortik hurbil, bazterrean «Napier» deitu landare erakargarriak landatu dituzte. Napier landare horrek kola gisako substantzia bat sekretatzen du. Hara jokoa, Desmodium-ek insektoak desbideratu eta Napier-ek insektoak harrapatu. Ez da urrunago joan behar! 10.000 etxaldetan eremana izan da «errepultsio-atrakzio» metodo hori eta emaitza biziki onak ukan dituzte…. Insektizida tanta bakar bat erabili gabe.
Keniatik Japoniara… Japonian, laborari batzu ohartu dira irrisa kulturako guneetan arrainak eta ahateak pestizidak bezain eraginkorrak zirela parasitoen aurka egiteko. Ahateek, kulturentzat kaltegarriak diren insektoak jaten dituzte emeki emeki eta horrez gain, kultura arteko belarrak kentzen dituzte. Eta oraindik gehiago, ahateen kaka erabiltzen dute ongarri gisa beren lurrendako. Sistema hori Txina, India eta Filipinetako eremu ainitzetan baliatzen dute eta emaitzak hor dira! Ekoizpena ehuneko 20az emendatu baitira gune batzuetan. Eta hor ere kimika izpirik ez.
Hurrengo adibidean, zuhaitza bat da protagonista: Faidherbia albida
“Baten batek irrifarra ukanen du ezpainetan zuhaitza ala ahate batek gure kimika industriaren pareko emaitzak lortzen ahal dituztela ikusiz, baina hala da…”
Faidherbia albida akazia motako zuhaitza bat da Afrikan erabilia dena nagusiki. Laborantzan hain onuragarria den Nitrogenoa harrapatzeko gaitasuna du. Hostoek aireko nitrogenoa harrapatu eta behin lurrerat erortzean lurrari integratua da… Sinple sinpleki. Eta horrez gain, Afrikan eurien sasoina agertzen delarik hostoak erortzen zaizkio… Beraz, konkurentziarik ez landatuak diren kulturentzat. Artoarekin ainitz erabilia da Faidherbia albida eta hor ere emaitza adierazgarriak: Zambian, adibidez, artoaren ekoizpena hirukoiztu da hektaraka, 1,3 tonatik 4 tonara pasatuz.
Beste adibide ainitz dakarzki Olivier de Schutter-en txostenak. Zuhaitza landaketa masiboak, hesien erabilpena, ura erekuperatzeko sistemak, abereen integratzea (behiak, zerriak, hegaztiak, arrainak…) eta aldi guziz ber emaitzak: kanpotik etorritako produktoen desagerpen progresiboa, errekurtsoen babestea, ekoizpenen emendaketa, autonomia eragitea…
Eta oraindik urrunago joaiten dira agroekologia esperimentatu duten lurraldeetako emaitzetan, eta harrigarria baldin bada ere, laborantza politika zehatz bezain argi bat martxan ezartzea gomendatzen dute: etxalde ttipi autonomoak garatu behar dira geroz eta gehiago, erresilienteak, bertako jendeentzat ekoitziko duten etxaldeak, elikadura burujabetza bateraino iristeko.
Espero halako txostenak ez direla zahartzen egonen Nazio Batuen apala zoko batean… Gaur egun Europak eta Estatu Batuek nagusiki diruztatzen duten laborantza eredutik oso urruti gabiltza. Agroekologiak elikadura burujabetza dakarrela ez da berri ona lobi haundientzat ezta?
“Ausardia eskatu behar diegu gure hautetsi ala zinegotziei, laborantzaren galdera eztabaiden erdi-erdian ezartzeko.”
Aitortu beharra dago agroekologia hirugarren munduan, okzidental munduan baino erreskiago zabaltzen dela, lurreko lanari lotua baita oraindik gehiengo bat. Baten batek irrifarra ukanen du ezpainetan zuhaitza ala ahate batek gure kimika industriaren pareko emaitzak lortzen ahal dituztela ikusiz, baina hala da… Adibide horiekin hunkitzen dugu Agroekologiaren funtsa.
Naturarekin jokatzeko eta konposatzeko saiakera bat da, eta baldintzak ez baldin badira ere berdinak Euskal Herrian, saiakera hortan gabiltza besteak beste EHKO kolektiboan.
Konbentzituak gara hortan behar dela eman indarra, laborantza herrikoia bultzatzea, etxalde ttipi autonomoak biderkatzea, laborantza lurrak zaintzea, eskualdeka autonomia ttipien eraikitzea eta nolaz ez elikadura burujabetza bati buruz joaitea.
Ez da erronka ttipia. Agintari politikoak prest ote dira finantza eta komerzio mundu huntarik jalgi nahi duen laborantza eredu baten sustengatzeko? Autonomoak izan nahi duten ttipi guzi horien laguntzeko? Gure elikatze ohiturak aldatuko dituzten ereduen martxan ezartzeko? Erran ohi da jaten duguna garela… ba ikusi zer jaten dugun gaur egun…
Ausardia eskatu behar diegu gure hautetsi ala zinegotziei, laborantzaren galdera eztabaiden erdi-erdian ezartzeko. Eta ausardia ukan zuten 2014an Frantziako alkatetza hauteskundeetan Albi hiriko agintariek adierazi zutelarik 2020 urtera iritsi baino lehen, elikadura burujabetza plan orokor bat martxan ezarriko zutela. Albi hiriak 51.000 biztanle kondatzen ditu, eta halako adierazpen batek «lur jota» utzi zituen hainbat agintari Frantzian. Laster izanen dute bilan baten egiteko mementoa, eta kritika ainitz egitekoak dira seguruenik, baina ez diegu kentzen ahal behingotz, hitz horien entzuteak inarrosaldi eder bat eragin zuela Frantzia osoan zehar.
Hortan bego, nota koloretsu batekin amaitzeko, huna hemen Agroekologiaren filosofia ongi azaltzen duen irri-istorioa:
Enpresaburu batek arrantzale bat gurutzatzen du itsas bazterrean, jarririk eta itsasoari begira.
Enpresaburua: «gehiago arrantzatuz, diru gehiago irabaziko du!»
Arrantzalea: «zer egiteko?»
Enpresaburua: «Beste itsasontzi baten erosteko!»
Arrantzalea: «Zer egiteko?»
Enpresaburua: «Ba diru gehiagoren irabazteko, koño!»
Arrantzalea: «Zer egiteko?»
Enpresaburua, pittin bat nazkaturik: «Ba pausa hartzeko eta lasai bizitzeko, rekoño!!!»
Arrantzalea: «Zer uste duzu egiten ari naizela? Horixe bera!»
Agroekologia… irria da