Leo Belaustegi

Arrantza jasangarria, kontsumo arduratsua

Leo Belaustegi Leo Belaustegi Alberdi (Mutriku, 1950). Egun erretiratua baina beti mugimenduan, itsasoa bertatik bertara ezagutu izan du 30 urte baino gehiagoz. Sektorearen etorkizun ziurgabearekiko kontzientziak eraman izan du “Ondarroa 12 milia” plataforma bezalako mugimenduetan parte hartzera eta LAB-en Arrantza federazioko arduraduna izan da 15 urtetik gora.
 
 
Ozeanoak eta arrantza baliabideen erauzketa kostaldeko biztanleen proteina iturri izan dira mendeetan zehar. Bizkaiko Golkoa eta Euskal Herriko itsasbazterra ez dira egoera honen salbuespenak izan. Mendeetan zehar, euskal ontziteriak espezie desberdinen ustiapena gauzatu du eta hauek izan dira bertako biztanleen oinarrizko eligaia.
Lehengo mendeko 40ko hamarkadara arte, arrantza baliabideen kudeaketa inpaktu baxuko teknika artisauen bidez egiten zen, biodibertsitatearekin armonian, eta arrantzatutako espezieak itsasbazterretik gertu kontsumitzen ziren gehienbat. Hamarkada honetatik aurrera, gero eta arte eta ontziteri handiago zein prestatuagoen bidez baliabide hauen kudeaketaren industrializazioak, baita garraioaren eta hotzaren erabilerak ere, itsasotik ateratako produktuak planetako txoko guztietan merkaturatzea ahalbidetu zuen. Baina eredu intentsibo eta batere hautatzaile hau, kontrolaezina izateaz gain, Ozeano guztietako arrantza-guneak esplotazio jasanezin baten ondorioz hustea eragiten ari da.
Espezieen biomasa galera errealitatea da gaur egun (Ipar Atlantikoko arrain espezieen %41 eta Mediterraneoko %93 gain-esplotatuta daude). EB-ren arrantza politikak zientzialarien gomendioen %41 gainetik dauden arantza-kuotak banatzen ditu.

Baliabideen kudeaketa sostengarria lehenetsi behar da teknika eta flota artisauen, eta posible den heinean, publikoen bidez.

Baina baliabideen erauzketa arduragabea ez da gure Ozeanoen suntsiketaren eragile bakarra: plastikoen ondoriozko kutsadura, pestizidak eta uren beroketa ere egoera hau ahalbidetzen ari dira. Epe ertainean kontzientziatzen ez bagara, kalteak atzeraeragin ezinak izango dira. Gaur egun ekosistema eta itsasoetako habitata suntsitzen ari gara, eta ehizatutako arrainak ondoren guk irensten dugun mikro-plastikoz zeharo kutsatuta daude.
Gure esku dago aberastasun iturri honen etorkizuna. Egoerarekiko kontzientzia hartu eta itsasoarekiko gure jarrerak aldatu behar ditugu, ez dira gure hondakinak pilatzeko zabortegiak eta.
Bestalde, arrantza politika arduratsua premiazkoa da. Baliabideen kudeaketa sostengarria lehenetsi behar da teknika eta flota artisauen, eta posible den heinean, publikoen bidez. Euren errentagarritasunari bakarrik begiratzen dioten eskrupulu gabeko armadoreen esku dauden arrantza-eskubideen bitartez, stock-en kudeaketa sostengarria ez da bideragarria.
Baliabideen kudeaketa ekosistemen eta zientzialarien aholkuen arteko orekan oinarritu behar da. Banatzen diren TAC-ak (Totaux Admissibles de Captures frantsesez, eta Total Admisible de Capturas gaztelaniaz) gutxieneko tamainak eta espeziaren biomasa aintzat hartuta aztertu behar dira, eta arrantza kuota hauek ezin dira etengabe politikari eta lobby handien aldetik zalantzan jarriak izan. Arrantza teknikek eta euren erabilpenak ezin du ekosistema arriskuan jarri eta Bizkaiko Golkoan ere Babestutako Itsas Gunea ezarri behar da, ehunka espezieren errunaldi, errekrutatze eta haztegia baita, bertako mendi-hegal, korronte, elikagaiak, etab. direla eta, Cap Betroneko Fosak erakusten duen bezala.
 
Urteak daramatza FAOk egiten ari den baliabide naturalen xahuketaz ohartarazten. Ipar Atlantikoan bakarrik, urtero 1.700.000 Tm arrain itzultzen dira itsasora, gehienak hilik (deskarteak), gure jangela publikoetan jatorri eta kalitate zalantzagarriko produktuak kontsumitzen diren bitartean.

Azken hamarkadetan, gure portuetako ontziteriaren %87 desagertu da, eta berarekin lanpostuak.

Gehienezko Errendimendu Jasangarri baten araberako arrantzatutako espezieen merkaturatzea eta kontsumoa ezinbestekoa da, eta lan hau Kofradiei dagokie, arrantzaleen zerbitzura dauden instituzio publikoak, zeinetan azpiegitura egoki baten bidez prestaketa, garbiketa, mozketa, oraketa, kontserbak, etab. egiteko sare bat ahalbidetu daitekeen. Jangelak eta merkatuak horni ditzaketen produktuak, eta jarduera horren mozkinek zuzenean arrantzalearengan eragin. Bitartekarien desagerpena eta arrantzatik kontsumora arte kudeaketa publikoa ere ezinbestekoak dira, gure arrantza-guneak eta arrantza sektorea, antzina aberastasun ekonomiko eta kultural handiaren eragile, gure portuetatik desagertu ez daitezen, eta gure komunitateak aldarrikatzen duen elikadura burujabetza ahalbidetzeko.
Era berean, enplegu egonkortasuna eragingo luke eta arrantzale kolektiboarentzat etorkizunerako alternatiba ekonomiko bideragarria izango litzateke, egun lehengo mende erdiari erantzuten dioten lan harremanetan murgildua eta kondenatua, zeinetan ez diren gutxieneko baldintzak betetzen ez segurtasunari, ez deskantsuei, ez soldatei… dagokionez. Azken hamarkadetan, gure portuetako ontziteriaren %87 desagertu da, eta berarekin lanpostuak. Jarduera honek gero eta gehiago aldentzen gaitu fisikoki gure inguru familiar, afektibo, kulturaletik… Ondorioz, ontziteriaren galera eta belaunaldi errelebo gabezia errealitatea dira Euskal Herriko arrantza sektorean, eta etorkizuna galdera ikur handi bat.
Leo Belaustegi
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago