Adrian Zelaia
“Ezinbestekoa da Euskal Herrian garapen teknologikoan eta balio erantsiaren sorkuntzan inbertitzea”
Azken urte luzeetan esku-lan merkea bilatu da Europatik kanpoko herrialde batzutan bertako ekoizpena egin ahal izateko. Oraindik Europan kutsatzeak oso urriak ziren momentuan eta Txinan dagoeneko produkzioa geratuta zegoenean, Euskal Herriko enpresa batzuk hornidurarekin arazoak izatekotan zeuden Txinatik ekartzen zituzten piezarik gabe. Kostuak txikitzeko Euskal Herriko enpresek erabilitako estrategiak epe motzean hainbat arrisku jarri ditu mahai gainean.
Zein analisi egiten duzu enpleguen ondorioei dagokienean?
Oraindik goiz da gertatzen ari denak enpleguan izango duen eragina zein izango den jakiteko. Hasiera batean bazirudien Txinako ekoizpena izango zela kaltetuena eta euskal enpresa batzuk hornitzaile alternatiboak bilatzen hasi ziren, baina berehala ikusi zen ekoizpen-arazoa beste herrialde batzuetara hedatzen ari zela, eta ekoizpenak ere etenak izan zituela Euskal Autonomia Erkidegoan eta Mendebalde osoan.
Pandemiaren eta pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, espero izatekoa da balio-kateen orientazio-aldaketa puntualak gertatzea, baina ez hornidurak epe laburrean herrialde batzuetatik besteetara argi eta garbi birbideratzea. Gertatutakoak eragin psikologiko handiagoa izan dezake nazioarteko horniduretan, baina litekeena da aldi baterako eragina izatea. Horren guztiaren ondorioz, egungo epidemiak sortutako ekoizpen-itxierek iraupen iragankorra izango dute.
Jakina, epidemia honetan osasun-neurriak noiz arte luzatzen diren, zein herrialdetara hedatzen diren eta zein intentsitaterekin da kontua. Baina hori guztia hilabete batzuk barru jakingo dugu.
Deslokalizazioak eta immigrazio masiboak helburu berari erantzuten diote: balio erantsiaren aldeko apustua egin gabe, eskulan merkean oinarritutako etekinen aldekoa
Bestalde, nazioarteko balio-kateetan eragin handiagoa izan dezakete Europan eta Estatu Batuetan sumatzen diren politika berrien ondorioek, neurri protekzionista gero eta handiagoen bidez ahulezia ezkutatzen saiatuz. Geure arazoei aurre egin eta beste herrialde batzuetako jardunbide egokietatik ikasi beharrean, Errusiaren edo Txinaren aurkako politika gero eta oldarkorragoak aukeratzen ari gara etengabe. Joera horiek jarraitzen badute, nabarmen zaildu daitezke gorabidean dauden herrialdeekiko harreman produktiboak.
Euskal Herrian instituzio zein patronalek eredu hori lehiakortasunarekin lotuz defenditu dute. Lehiakorrago ala menpekoago gara?
Nazioarteko espezializazioa aukera objektiboa da herrialde bakoitzak bere gaitasunak indartzeko. Baina esperientziak erakusten du nazioarteko merkataritza ez dela hainbeste ideologizatu behar, eta oreka gorde behar dela barne-gaitasunen sendotasunaren eta nazioarteko fluxuen aprobetxamenduaren artean.
Enpresa eta sektore bakoitzak bere erronkak ditu. Enpresa batzuk -kooperatibak bereziki – Euskal Autonomia Erkidegoko lanpostuak babesteko eta indartzeko ezarri dira atzerrian. Baina enpresa gehienek eskulan merkearekin diru gehiago irabazteko baino ez dute egin. Deslokalizazioak eta immigrazio masiboak helburu berari erantzuten diote: balio erantsiaren aldeko apustua egin gabe, eskulan merkean oinarritutako etekinen aldekoa. Horrek ez gaitu lehiakorrago egiten, alderantziz baizik. Inbertsio produktiboa, balio erantsia sortzea eta ahalegin teknologikoa bertan behera uzteko joeraren ondorio bat baino ez da, gure ekoizpen-egitura suntsitzen ari dena.
Tamalez, gure erakundeek eta patronalek euskal ekonomiari buruz duten iritzia enpresaburuen interesek zehazten dute, gero eta gehiago, eta gutxiago interes orokorrek. Badirudi enpresarien etekinetarako ona dena ona izan behar dela Euskal Herriarentzat. Eta horrek ez du zerikusi handirik errealitatearekin.
Euskal Herriko enpresen kostuak beste herrialdeetako langileen lan baldintza prekarioen bizkar merkatzeak Euskal Herriko aberastasuna handitzea ekartzea dakar ondorio logiko gisa. Aberastasun honen banaketa gauzatzeko modua nolakoa izan da?
Ez dut uste estrategia horiek Euskal Herriko aberastasuna areagotzen dutenik. Kooperatiben kasuan izan ezik, atzerriko eskulan merkearen erabilera masibo horrek – deslokalizazioaren edo immigrazioaren bidez – enpresariei onura errazak sortzen laguntzen die, baina soldatak eta balio erantsi handiko inbertsio teknologikoa beherantz bultzatzen ditu. Epe ertainera, ekoizpen-egitura hondatzen du horrek, Estatu Batuetan eta Europako zati batean gertatu den bezala. Hori da, hain zuzen, Euskal Herrian gertatzen ari dena. “Euskal garapen eredua” zena sistematikoki suntsitua izan da azken 10 urteetan, enpresa estrategiengatik eta gure arduradun politikoen konplizitate eta axolagabekeriagatik. Eta harrigarria da gure eragile ekonomiko eta politikoen geldotasuna hori dena horren erraz onartzeko.
“Euskal garapen eredua” zena sistematikoki suntsitua izan da azken 10 urteetan
Enpresa eta sektore zehatzetan alde horretatik apustu logikoak egon badaitezke ere, euskal ekoizpen-sarea aurrera ateratzeko, ezinbestekoa da Euskal Herrian garapen teknologikoan eta balio erantsiaren sorkuntzan inbertitzea. Inbertsioen beste edozein norakok enpresariak desbideratzen eta desorientatzen ditu, usteltzen ditu, eta aurrerapen teknologikoaren bidez ahalegin zailak eta arriskutsuak egiteko enpresariak konbentzitzea gero eta zailagoa egiten du. Salbuespenak salbuespen, enpresariei ez zaie erraztasunik eman behar irabazi errazak lortzeko. Aitzitik, inbertsio produktiboaren ordezko bideak erraztuko dizkien baliabide-erabilera oro mehatxu bat da gure ekonomiaren eta gizartearen etorkizunerako.
Produkzio eredu honek nazioarteko garraio industrialaren ugaritzea ere badakar. Egongo da lanpostu berriak sortzen direla argudiatuz ondorio hau positiboki baloratzen duenik. Euskal Herriko enpresentzat ordea merkeagoa da kanpoan ekoitzi eta garraioa ordaintzea produkzio mota batzuentzat. Nola baloratzen duzu zuk?
Oso kasu desberdinak daude. Oro har, apustu horiek kostuak murrizteko helburuarekin egiten dira, nahiz eta horniduretan arrisku handiagoa eragin. Kasu batzuetan – batez ere kooperatiba-enpresetan -, nazioarteko hornitzaileen aldeko apustu hori laguntza handia izan daiteke euskal lantegietako inbertsioa sustatzeko eta ekoizpena balio erantsi handieneko jardueretan kontzentratzeko. Antzeko zerbait gertatzen da Europako herrialde batzuetan jabetza publikoko ekoizpen-enpresa batzuekin.
Oro har, kostuen aldetiko abantailei esker lortutako baliabideei ematen diegun xedearen arabera justifikatzen da edo ez apustu horiekin hartutako arrisku handiagoa. Baliabide horiek balio diezagukete hornidurarik ezaren balizko arriskuei aurre egiteko edo Euskal Herrian inbertsio produktiboa bultzatzeko. Tamalez, ez da beti horrela izaten.
Nolanahi ere, hemendik aurrera, Mendebaldearen eta gorabidean dauden herrialdeen arteko tentsio politiko gero eta handiagoa ikusita, oso adi egon beharko gara nazioarteko balio-kate horien arrisku politikoekin.
Azken langabezia datuek zerbitzuen sektoreko enplegu prekarioak suntsitu direla erakutsi dute. Euskal Herrian etorkizun ekonomikoa turismoaren araberako zerbitzu ekonomia baten gainean eraiki nahi zutenen egitasmoak badu etorkizunik?
Tira, zehaztu beharko litzateke, garapena balio erantsi txikiko sektore eta jardueretan –hala nola turismoan edo ostalaritzan- oinarritzen ahalegintzen den euskal ekonomia da etorkizunik ez duena. Helburua izan behar da sektore horiei kualifikazio eta eraginkortasun handiagoa ematea, inoiz ez ekonomia osoan duten pisua handitzea. Suizida da horrelakorik Euskal Herrian egiten ahalegintzea.
Jarduera horiek bultzatzeak zentzua du garapen bidean dauden herrialdeetan edo industrializatu gabeko lurraldeetan, inoiz ez balio erantsi handiko postuak sortzearen alde etengabe egin beharko lukeen Euskal Autonomia Erkidegoaren moduko lurralde batean.
Ez ditugu gure gazteak prestatu sektore horietako lanpostu ez-kualifikatuak lan egiteko. Eta, gainera, gure ekoizpen-egitura azkar suntsitzen ari dira. Estrategia horiek Euskal Herriko enpresa-ekimena ere suntsitzen ari dira, eta sistematikoki diru errazaren alde egitera bultzatzen dituzte enpresariak, eskulan merkea, kualifikazio gutxikoa eta lanpostu prekarioetan oinarriturik. Horren ondorioz, bertan behera uzten ari da inbertsio produktiboa, industriak eta balio erantsi handiko zerbitzuek behera egin dute eta biztanleko errentan posizioak azkar galdu dira Europarekin alderatuta (12 puntu EAEren kasuan eta 15 puntu Nafarroan azken 10 urteetan). Hainbat hamarkadatan ekoizpen-gaitasuna berreskuratzeko eta gaitasun teknologikoa indartzeko ahalegina egin ondoren, eta ahalegin horri esker, gure posizioetan nabarmen aurrera egin ahal izan dugu Europako batezbestekoarekin alderatuta. Baina 10 urte daramatzagu Europan postuak galtzen, gure klase politikoaren axolagabekeria izugarriaren aurrean.
Sistematikoki diru errazaren alde egitera bultzatzen dituzte enpresariak, eskulan merkea, kualifikazio gutxikoa eta lanpostu prekarioetan oinarriturik
Gurea bezalako maila teknologiko baxuko ekonomia batean bereziki, apustu hau egin behar zen: kosta ala kosta gure diferentzial teknologikoa mantentzea gorabidean dauden herrialdeekin eta, bereziki, Txinarekin. Aitzitik, Txinak ahalegin teknologikoa etengabe handitzen duen bitartean, guk murriztu egiten dugu. Politika horiekin jarraituz gero, gure etorkizuna argi dago: gorabidean dauden herrialdeak gero eta jarduera-sektore gehiagotatik aterako gaituzte merkatutik, balio erantsi txikieneko industria-sektoreetatik hasita. Denbora kontua da.