Andoni Olariaga

Covid-19 pandemiari buruzko 6 gogoeta

talaia08 Andoni Olariaga Andoni Olariaga Azkarate (1984,Berriz). Filosofian doktorea. Iratzar fundazioan periskopioaren arduraduna eta Erria aldizkariaren zuzendarietako bat.

 

Azken asteotan Covid-19 pandemiaren inguruko hitzaldiak, liburuak, artikuluak ugaldu dira han-hemenka. Gobernarien informazio eskasiaren edo ezkutaketaren ondoan, informazio saturazio edo inflazio nabarmena dago. Covid-19ak dakartzan erronka politiko, sozial, humano, ekonomiko, antropologiko eta ekologikoei heltzeko beharrak prezipitaziora eraman gaitu guztiok. Baina krisiaren hasieran egonik, ezinezkoa da bertatik burua atera eta etorkizunean etorriko den gizarteaz mintzatzea. Aldiz, orain pentsatzen denaren kontingentzia kontuan hartuz, eta analisiak umiltasunez eta lasaitasunez eginez, dagoeneko gertatzen ari denaren analisiak egin daitezke.

 

1. Historiaren azkartzea

Badirudi krisiak gure elkar-bizitza aldatuko duela epe ertainera: gure gorputzarekin eta besteenarekin dugun harremana, gure aisialdia, oporrak, bazkariak, jai ereduak… Izan ere, Covid-19 pandemia mundialak historiaren azkartze izugarria ekarri du, paradoxikoki, geldien gauden momentuan. Batetik, orain arteko sentsazio dominantea historiaren geldiunea zen. Duela ez hainbeste Byung-Chul Hang pentsalari hegokorearrak disinkronia batean bizi ginela esaten zigun, denborak erritmo ordenatzaile bat izateari utzi ziola, alegia, norabiderik gabe zegoela, narrazio faltan. Pandemiarekin tesi hori goitik behera hautsi da: errealitateak hilabete bakarrean abiada izugarria hartu du.  Koadro geopolitikoa, harreman sozial kulturalak, lanaren nolakotasunak, nazioarteko zein estatu mailako instituzioak, gure balio eta ohiturak, gure zaurgarritasunaren kontzientziak, erabateko astindua jasan dute. Bestetik, historiaren azkartze honekin batera krisiak uzten ari duen tragedia humano eta kolektiboa eta arrasto psikologikoa neurtezina da orain. Gure bizitzen kontingentziaren gaineko kontzientzia azaleratu da azken asteotan: giza zaurgarritasuna, hilgarritasuna, agerian jarri da, batez ere hain gazteak ez diren belaunaldietan. Eta horrekin batera, elkar-bizitzeko genituen egitura sozial, publiko eta pribatuen, eta balio kultural eta sozialen oinarri kontingentea ere agerian geratu da.

2. Neurri anbibalenteak

Pandemiak 2008tik zetorren krisi finantziero, ekologiko eta humanoa azkartu du. Testuinguru horretan, erabaki politiko sakonak hartzera behartu ditu politikariak, kontzienteak batzuk, pandemiak behartuta besteak. Batetik, ezkerrak amestu ere egiten ez zituen neurriak hartu dira. Generaman abiadura bortitza gelditzearen eraginez, hainbat adibidek ilustratzen dute egiten ari ginen kaltea: Veneziako urak inoiz baino garbiago daude orain; Nueva Delhi ingurutik Himalayako mendilerroa ikus daiteke; negutegi efektuko gasak izugarri murriztu dira; apustu etxeak itxita daude; etxegabetze gehienak geratu dira; hotelek gaixoak artatzen dituzte… Tenporalitate kontua izanagatik, pribatua, maila batean, publikoaren zerbitzura jarri da. Bestetik, neoliberalismoak bere interes eta irabaziak areagotzeko krisia baliatzen dabil han eta hemen: putre funtsek negozioa egiten (babes ofizialeko etxebizitzak erosiz, Jaurlaritzaren baimenarekin); salmenta eta bidalketa plataforma handiak hazkuntza eta monopolizazio prozesua azkartuz; Azkoitin kudeaketa pribatuko zabor planta bat irekitzeko baliatuz krisia; kontrol sozialerako mekanismoak areagotuz… Alegia, egoera anbibalente batean bizi gara: hainbat neurri publiko eta sozial turbokapitalismoarekin nahastuta daude. Merkatu finantzieroak maila batean sufritzen daude; baina gehiago sufritzen dute eta sufrituko merkatari eta enpresari txikiak. Dena den, anbibalentzia horrek publikoaren beharraren eztabaida ekarri du erdigunera, eta ez da gutxi. Baina prekarizazio prozesua azkartuko du, zoritxarrez.

Covid-19 pandemia mundialak historiaren azkartze izugarria ekarri du, paradoxikoki, geldien gauden momentuan

3. Pandemiak ze tendentzia politiko eta sozial indartu ditu?

Krisi honetan lehendik zetozen tendentzia batzuk azkartu direla esan daiteke jada. Batetik, liberalismoaren mantra bat erori egin da, estatuak eta fronterak desagertuak zeudela zioena: Hendaian kalera atera zaitezke paseo bat ematera, Irunen ez. Alegia, estatu-nazioa zentrora bueltatu da, soberano gisa agertuz, eta gure autonomiaren ezdeusa ere agerian geratu da. Bigarrenik, tendentzia anbibalente bat bizi dugu: amets totalitarioa gauzatu da maila batean, kontrol soziala eta gure bizitzen gaineko kontrol digital eta fisikoa indartuz, panoptikoaren gizartea hedatuz (guk gure burua kontrolatzen); baina bestetik, urrunkera soziala jendarteak sustatu du gobernarien aurretik, eta egungo elkartasun keinua bihurtu da. Bi horien artean tentsio bat dagoela esan daiteke. Hirugarrenik, lanaren aldaketa azkartzen doa: XIX. eta XX. mendeko fordismo eredutik (lantegietako kate lanean oinarritua, non subjektua langileria zen), klase prekariatura egin genuen jausi postfordismoan, indibidualizazio eta atomizazioa bultzatuz, langile klasearen suntsipen partzialarekin batera. Lan kate produkziotik auto-lanera gehiago igarotzen joan gara, norbera bere ugazaba eta esplotatzaile bilakatuz. Ikusteko dagoen arren, badirudi tedentzia hori areagotu daitekeela, telelanean gehiago oinarritutako lan batera goazela, alegia (hor kokatu ote daiteke AEBek Huaweiri ezarritako betoa 5Garen borrokan?). Laugarrenik, autoritarismoaren balio eta markoak indartzen ari dira: Fake Newsak, konspirazio paranoikoak (beldurra eta haserrea indartzeko), misoginia… Azken horrekin, pandemiaren kopla-burukoa (erruduna) seinalatuz arrazismoa (txinatarrek ekarri dute birusa) edo agenda anti-feminista indartzea bilatzen da (“Martxoak 8ko manifestazioak zabaldu du pandemia” mezu delirantea errepikatuz). Bosgarrenik, pandemiaren kurbaz hitz egiten da baina kurba ekologikoaz ahaztu gara: lehenaren irakaspen batzuk ateratzen gabiltzan bitartean, bigarrenaz ez hitz egiteak irakaspen inportante batzuk ateratzeko aukera galtzea ekar dezake. Eta azkenik, gure bizitzetan ezinbestekoa den substratu materiala, kultura, azken lerrora bota dugu, krisi guztietan bezala, horren behar eta kontsumo handiena egiten dugun egunotan.

4. Doluaren bost faseak

Tendentziak tendentzia, Slavoj Zizekek azken liburuan esaten digun bezala pandemiaren bost fase igarotzen ari gara: lehenik, ukazioa (“gripe huts bat baino ez da!”, esageratua…); bigarren, haserrea (“txinatarrak izan dira!”, komunistek eta feministek areagotu dute… errudunak bilatzen dira, normalean eskuinak); hirugarrenik, negoziazioa (aurreko biak hobeto kudeatzeko, osasunaren eta gutxi batzuen ekonomiaren arteko negoziazio baten oinarritutako erabaki politikoak hartzen dira); laugarren, depresioa (nolabaiteko fatalismo bat indartzen da, etorriko dena okerragoa izango dela eta zereginik ez dagoela pentsatuz); eta azkenik, onarpena (hemen gaude, eta hemendik abiatuz bila dezagun modurik onena gizarte hobe bat eraikitzeko). Euskal eliteen jarrera ukazioan oinarritu da hasi eta buka: hauteskundeak ez zituztela geratuko hasieran, konfinamendua ez zela behar ondoren… Bi neurri horiek defendatzen zituena hitzontzi eta aurpegi-gogortzat joz. Eta biak gertatu direnean hitzontziak kapitan a posteriori bilakatuz… Fase horretatik haserrearen fasean sartu zen ondoren, neurriak neurrigabetzat joz, Confebaskek bere zerbitzurako telebista publikoan haserrea erakutsiz. Aurreko biak utzi gabe, negoziaketa fasean dago orain: “nola mantenduko dugu gure ekonomia zirkulatzen ahalik eta bizitza gutxien arriskuan jarrita?”. Alegia, gure bizitzen espekulazioa martxan, batzuen ekonomia ez geratzeko, guztion osasuna arriskuan jarriz. Izan ere, ez gaitezen tronpatu: ekonomiaren zati handi bat, enpresari txikiena, autonomoena, tabernariena, geldi geldirik dago, horien initiziatibaz asko eta asko; baina AHTaren eraikuntza segundu bakar bat ere ez da geratu. Atera kontuak.

Gure bizitzen espekulazioa martxan, batzuen ekonomia ez geratzeko, guztion osasuna arriskuan jarriz

5. Narratiben lehia: bizitza versus kapitala?

Azken asteetan gerra diskurtsiboek hartu dute zentraltasuna: bakoitzaren politikak justifikatzeko markoen inposaketa gisa. Bi narratiba nagusi aipa daitezke. Batetik, Hego Euskal Herrian bi markoren arteko lehia egon da: euskal eliteak ezkerrari leporatu dio ekonomia eta osasunaren bereizketa manikeoa egitea; ezkerrak eliteei leporatu diete kapitala bizitzaren gainetik jarri izana. Lehenaren markoa (telebista publikoak lotsagabeki sustatua), ekonomia eta osasuna aintzat hartu behar direla, eta kontrakoa inork esan ez duen arren, bien arteko dikotomia faltsua eraiki izana leporatu dio ezkerrari. Ezkerretik kapitala bizitzaren gainetik jartzea egotzi zaio euskal eliteei: ekonomia baino, batzuen ekonomia guztion osasunaren bizkar kontuan hartu dela kritikatuz. Bigarren narratiba lehia, estatu mailako nazionalismo banala izan da: espainiar eliteek estatu krisi ekonomiko eta territoriala faltsuan ixteko probesten ari dute krisia, haien instituzio deslegitimatuak legitimatzeko (polizia, guardia zibila eta ejerzitua), eta pandemiaren aitzakipean Espainiaren batasunaren ideia indartzeko. Metafora militarrak ere, testuinguru horretan kokatu behar dira.

6. Perspektiba behar dugu

Nola pentsatu etorkizuna? Azkarregi atera zaizkigu analisiak, liburuak eta hitzaldiak, pandemiak ekarriko duen mundu berria asmatu nahian. Pandemiaren profesta faltsuak ageri dira han eta hemenka. Egin daitekeena, asko jota, dauden tendentzia batzuk aipatzea da, dauden lehiak azaleratu, erabaki politiko batzuen oinarria agerian utzi: ezin daitekeena egin, ordea, etorriko den gizartearen aurreikuspen zehatzik egitea da.

Optimismo boluntaristen eta pesimismo deterministen gainetik, etorkizuna politikaren esku egongo da

Esango dudan bakarra da, agian, ezingo dugula oraingoz krisiaren amaieraz hitz egin; aldiz, krisian bizitzen ikasi beharko dugula. Agian, mundua ez da gauetik goizera aldatuko, baina goitik behera aldatuko zaigu, agian. Ez dakigu. Dakiguna da, optimismo boluntaristen eta pesimismo deterministen gainetik, etorkizuna politikaren esku egongo dela, herri bakoitzaren estruktura ekonomiko, sozial eta kulturalak, bere ehundura komunitarioak, hartzen dituen erabaki politiko-ekonomikoak, nazioarteko eszenatoki berriek, eta abarrek, horien denen konbinazioak kontuan hartu beharko direla etorkizunaz pentsatzeko. Norabidea alde batera edo bestera indartzeko, ordea, soberaniaren beharra zentrora ekartzeaz batera, praktika politiko integral bat martxan jarri beharko dela dirudi, txikitik handira eta handitik txikira eginez: elkar-zaintzaren kultura eta politika komun eta publikoa erdigunean jarriz, ekologiaren kurbak orain bezala behera segi dezan eraginez, politika lekutuak sustatuz eta sustraituz, eta hor, euskal errepublikaren proiektua egikaritzen joanez.

Andoni Olariaga
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago