Mikel Alvarez

“Estatuak indar belikoei bide eman die, terminologiatik hasita militarrak gure kaleetan ikusteraino”

talaia09 Mikel Alvarez Mikel Alvarez Olaechea (1993, Betelu). LABeko ekintza sozialeko arduraduna.

 

 

Epidemiak ez dira berriak gizakiaren historian eta hain zuzen ere, Focaulten hitzetan, epidemiak kontrolatzeko 3 paradigma nagusi egon dira. Lehenengoa, lepraren kudeaketari lotua egon dena eta infektatuen kanporaketa soilik bilatzen zuena. Bigarrena, eredu diziplinarioa deiturikoa eta izurri bubonikoan aplikatutakoa; eredu honek, COVID19an gertatzen den antzera, populazio guztiaren kontrola bilatzen du mekanismo diziplinarioen bitartez. Azkenik, hirugarren eredua, segurtasunean oinarriturikoa litzateke, baztangan erabilitakoa; honen kasuan, gripe arruntean gertatzen den antzera, txertoak bezalako mekanismoak erabilita, segurtasun kolektiboan jartzen da enfasia, betiere arrisku tarte batzuen barruan.

Orduan zer da berria testuinguru honetan? Kapitalismo global, neoliberal eta finantzarizatu batean gaudela eta epidemia hor kokatu behar dugula. Eredu diziplinarioaren aplikazioak forma ezberdinak hartzen ditu tokiko baldintzen arabera eta horrek bi dimentsiotan operatzen du: epe motzeko dimentsio koiunturalean (“El COVID es una guerra, ninguna novedad en el frente”) eta epe luzeko dimentsio estrategikoan (“El COVID va a cambiar nuestras vidas por completo”). KoronaBirus 4.0 alegia.

 

Korona.

Gerra da beraz bizi duguna, kanpo etsai ikusezin baten aurkako gerra. Eta Estatuak indar belikoei bide eman die, terminologiatik hasita militarrak gure kaleetan ikusteraino. Eta argazki harrigarriak ikusi ditugu: maskarak jantzita eta beharrezko segurtasun ekipamendu guztiarekin kaleko harrizko jesarlekuak garbitzen ibili dira, supermerkatuko, osasungintza edota zaintza langileak zakar boltsaz babesten ziren bitartetan. Alarma egoera, gerran gaude lagunok!

Alarma egoera birzentralizazioaren eskutik heldu da, 155. artikulua “de facto” aplikatuz eta gure autogobernu apurrak ezer ezean utziz. Ez ditugu entzun patronalaren interesen defentsa egiteko hemen erabakitzearen aldeko horiek gure eskumenen aurkako eraso honi erantzuten. Kontrara, bertako poliziek zintzo eta leial jokatu dute Madrilen aginduetara eta bueltan jaso dute haien txakurkeriak lehen baino askatasun handiagoz egiteko boterea.

Horrela, kontrol soziala naturalizatu, baimendu eta are gehiago, eskatzen ari gara. Geolokalizazioa duten aplikazioak norekin egon garen eta norekin ez kontrolatu eta norbere burua arriskutik kanpo kokatzeko; etengabeko kontrolak errepideetan; kaleetatik filmetako sheriff gisa legearen jabe diren poliziak ongia eta gazikiaren arteko zaindari. Mozal legea indarrean dagoen denbora tarte osoko isun gehien ezarri diren tartea dugu azken hilabetea. Adibide bat, apirilaren 11an EAEn 2.951 lagun identifikatu zituen Ertzaintzak eta udal poliziek eta 484 isun ezarri zituzten.  Izugarria.

Birusak ez omen du klaseetako bereizketarik egiten baina alarma egoerari aurre egiteko baliabideak eta honen ondorioetan desberdintasuna nabaria da. Kontrolak ez direlako aberatsenen urbanizazioetatik edo transito eremuetatik ikusten, atxiloketak eta isunak jende xehea edota arrazializatua dutelako jo puntuan, langile auzoetan dago polizia gehiago. Logika neoliberalaren araberako alarma estatua da eta beldurra ardatz izanda, betikoek ematen digutelako beldurra, eta zaurgarrienak babestu baino pribilegiatuak(ok) ez kutsatzeko baztertzea da politika polizialaren funtsa. Etxerik gabeko herritarrak etxean ez egoteagatik (ber)zigortu nahi dituzte.

Gizakiaren dimentsio erreproduktiboa alboratu, aisialdirako edota gozamenerako espazioak murriztu eta eskulan bezala kontzeptualizatu gaituzte.

Guzti hau gainera, biztanleko polizia gehien duen lurraldean. Milaka torturatu eta jazarpen polizial izugarria bizi izan duen Herrian. Horratx Intxaurrondoko kuartel aurrean Ertzaintza eta Guardia Zibilaren laguntasun txaloak. Madriletik, eta beste neurri batean baita Parisetik alarma egoera hau langileria babesteko hautuari uko egiteaz gainera bere buruaren jabe izan nahi duen komunitate batekiko mespretxua eta “tabla rasarako” erabili nahi dute, osasuna- segurtasuna parez pare jarriz.  Horrenbeste sufrimendu eragindako estatu-biolentziaren monopolioa darabiltenak COVID19aren aurkako lehen lerroko salbatzaile gisa aurkeztu nahi dizkigute.

 

Birus.

Birusa (auto)kontrola bezalakoa da; fenomeno kolektiboa da, baina norbanako bakoitzean gorpuzten da. Kontrol sozialaren metabolizazioan eta asimilazioan oinarriturik, besteak kontrolatzeko grina sortzera ere iritsi da pandemia. Pertsonen lan-esku soil bezala tratatu ditu kapitalak, etxetik lanera eta lanetik etxerako joan-etorriak bakarrik izan direlarik baimenduak legez. Gizakiaren dimentsio erreproduktiboa alboratu, aisialdirako edota gozamenerako espazioak murriztu eta eskulan bezala kontzeptualizatu gaituzte. Kontrol soziala metabolizatzea hori ere bada, izan ere, norbanakoak bere funtzio sozialak asimilatzean datza autokontrola. Baimenduaren eta debekatuaren arteko muga irizpide ustez apolitikoen arabera finkatzen denean, gainera, hegemonia sozialean errazago barneratzea bilatzen da. Autokontrol horrek ere besteen kontrako bulkadak ditu, komunitatearen ulerkera konpetitibo eta mehatxatzailean gorpuzten dena; balkoietako poliziak izan dira horren adibide nagusia.

Big dataren erabilera izango da kontrol sozialaren dispositibo nagusia hurrengo garaietan

 

4.0.

Etorkizuneko distopia hemen da. Esan ohi da biolentziaren erabilera zuzena estatu baten ahuleziaren ezaugarri dela eta beraz, kontrol ez bortitza, hau da, bortizkeriarik gabeko dominazioa, indarraren adierazle. Big dataren erabilera izango da kontrol sozialaren dispositibo nagusia hurrengo garaietan; etorkizuna orainaldira etorriko balitz bezala, COVID19ak hori ere agerian utzi du. Pandemia kontrolatzeko Txina edo Hego Korean erabilitako aplikazioak edota Espainiako gobernuak mugikortasuna detektatzeko onartutako dekretua dira adibide garbienak. Google eta Telefonica bezalako enpresek euren jakintza guztia jarri dute populazioaren kontrola bermatzeko eta mekanismo sofistikatuak muturreraino eraman dira. Jakina da datuen eta eredu matematikoen erabilpena klabea izan dela pandemiaren kontrolerako; afera ordea, bestelakoa da. Pandemia kontrolatzeko erabili dituzten eredu eta mekanismo guztiak etorkizunean zertarako erabiliko dira (eta erabiliak izan dira orain arte)? Nork du sarbidea datu horietara? Nork kudeatzen ditu datu horiek eta noren mesedetan? Teknologia-gizartea begien aurrean daukagu, errealitate bat da eta guztiak gara konplize modu batean ala bestean, baina ez daukagu honen inguruko proposamen emantzipatzailerik. Bai-ez dikotomia antzuak baino, nork eta zertarako galderek indar gehiago dute auzi honetan.

Ez ditugu entzun patronalaren interesen defentsa egiteko hemen erabakitzearen aldeko horiek gure eskumenen aurkako eraso honi erantzuten

Globalizazioan sakondu genuenean estatuaren papera desagertze bidean zegoela baieztatu zuten askok eta argi ikusi da hipotesi hori faltsua dela; merkatuak estatua behar du jendea eta gizartearen kontrola efektibo egiteko, krisi egoeretan kapitalaren interesak defendatzeko eta era berean, tresna berdinak partekatzeko. Big Dataren adibide agerikoa da eta Silicon Valleyrena, eredu paradigmatikoa. Estatuek, enpresa pribatuekin batera (Google, Facebook), datu base eta teknika aurreratuak garatu dituzte. Batzuk kohertziorako erabiltzen dituzten bitartean, besteek negoziorako. Amazonek 10 000 langile gehiago kontratatu ditu konfinamenduan zehar, Zoom plataforma digitalak bere kotizazioa izugarri handitu du burtsan eta gure datuen monitorizazioa merkaturako erregai perfektua da. Ekaitz Cancelak “Despertar del sueño tecnológico” atalean esaten duen bezala: “panoptiko digitalean ez dago gure borondatearen kontra ari den Anaia Nagusirik; aitzitik, gure borondatez biluztera ere iristen gara.” Ez dezan COVID19ak gure burujabetza pertsonal eta kolektiboa gehiago biluztu!

Mikel Alvarez
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago