Xabier Ugartemendia
“Ordezkari politikoek eta patronalak osasuna bigarren lerroan jarri dute”
Urtarriletik Espainiako Gobernuak Covid-19aren hedapenaren benetako arriskuak ezagutzen zituela onartu zuen. Neurriak ordea berandu eta hankamotz heldu ziren. Produkzioak ez zuen etenik izan egunez egun milaka langile arriskuan jarriz, eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien ahotik produkzioarekin jarraitzeko hautua besterik ez genuen entzun.
Krisi honen gestioan zeintzuk izan dira lehentasunak? Langileon osasunaren bermea lehentasunen artean kokatu dute zure ustez?
Lehenik esan behar dugu garrantzizkoak ziren erabaki guztiak Madriletik inposatuak etorri zitzaizkigula. Euskal Herrian ez dugu inongo aukerarik gure neurri propioak hartzeko pandemiari aurre egiteko, ezta bertoko agintarien partetik inongo borroka egiteko gure esparru eta erabaki ahalmena defendatzeko. Urkulluk esan zuen moduan, “ez dut ezta 10 segundu ere galduko horretan”. Horrek argi eta garbi erakusten du bai Jaurlaritza bai Nafar gobernuaren menpekotasuna eta gurean dugun autonomia eza.
Bigarrenik esan behar dugu bertoko erakundeek, Madrilekoen moduan, helburu bakar bat izan dutela kudeaketa guzti honetan: patronalaren interesak defendatzea. Hau da langileen eskubideak murriztu direnean, biztanlegoaren eskubideak murriztu direnean, gure osasungintzaren kontrola Madriletik hartu denean, gure kaleak militarrez eta Guardia Zibilez bete direnean, ehunka negozio txiki ixtera behartu dituztenean batez ere merkataritzan edo ostalaritzan, …, ez dute ezer esan. Beraien ahotsa bakarrik altxa dute patronal handiaren interesak erasotuta ikusi dituztenean, hau da, industriaren geldialdia ebatzi zuenean Madriletik (behar beharrezko neurria sindikatuak, osasungintzako profesionalak eta adituak aspalditik eskatzen ari ginena, baina Euskal Herrian borondaterik ez zegoen hori eztabaidatzeko patronalaren interesen kontra zihoalako, eta Madriletik pandemiaren hedapena egoera jasan ezina bihurtu zenean bakarrik hartu zen). Orduan bai, orduan patronal handiaren etekinak bermatzen ez zirenean, bertoko gobernu biak eskutan zituzten mekanismo guztiak jarri dituzte martxan Confebask eta CENen interesak defendatzeko. Gobernuek patronalaren bozeramale direla demostratu dute.
Bertoko erakundeek, Madrilekoen moduan, helburu bakar bat izan dute kudeaketa guzti honetan: patronalaren interesak defendatzea
Ondorioz, krisiaren kudeaketan lehentasuna patronal handiaren etekinak bermatzean kokatu dira. Langileen osasuna bermatzea bigarren lerro baten geratu da. Adibidez oinarrizko zerbitzu eta lanak ez zirenetan jarduna mantenduz langileen osasuna arriskuan jarriz, edo oinarrizko zerbitzuetako prebentzio neurriak (maskarak, eskularruak, …) industriara desbideratuz. Esan behar dugu Gobernuek, bertokoak eta Madrilekoak, botere ekonomiko eta patronal handiaren interesak biztanlegoaren osasunaren gainetik jarri dituztela.
LABek lanean seguritatea ezin denean bermatu planto egiteko deia egin zien langileei lehen unetik. Hainbat enpresa langileen ekimenez geratu ziren. Euskal Herriko langileria euren ordezkari politikoek baino ardura gehiagorekin jokatu du krisi honen aurrean? Ze irakurketa egiten duzu?
Langileak beraien osasuna eta bere ingurukoena jarri dute lehen helburu moduan, eta horrela uler dezakegu arlo industrialeko hainbat enpresetan bultzatutako plantoak, edo oinarrizko zerbitzuetan lan egiten duten langileen salaketak.
Ordezkari politikoek eta patronalak osasuna bigarren lerroan jarri dute. Milaka langile batzen ziren tokiak lanean mantendu dituzte nahiz eta prebentzio neurriak hartzeko aukerarik egon ez, oinarrizko zerbitzua ematen ari diren pertsonei, zuzenak eta azpikontratatuak, ez diete berain lana segurtasun osoz egiteko bermea ematen dien prebentzio neurririk eskaini, hau da, gizartea zaintzen duten langileak ez dituzte zaindu. Milaka lanean kutsatu dira, eta jada bi ere hil dira.
Langileak beraien prebentzio neurri propioak egitera heldu behar izan dira, eskura zeukaten tresnekin
Kutsatutako pertsonen ehuneko oso altua osasun zerbitzuetako langileek osatu dute. Zahar egoitza eta ospitaletan babes neurrien eskasia salatu dira. Zer errealitate estruktural dago honen atzean?
Ez dugu ahaztu behar zahar egoitza, ospitale, etxez etxeko laguntza, anbulantzia, …, zerbitzuak administrazioarenak direla, nahiz eta zati haundi bat azpikontratatuta egon. Beraz administrazioaren ardura da bere langileak eta baita azpikontratatutakoak ere.
Eremu hauetan, bai langile zuzenen eta baita azpikontratatutakoen pertzepzioa administrazioak guztiz abandonatuta utzi dituela da. Osasungintzan prebentzio neurriak falta dira, hainbat salaketa entzun eta ikusi ditugu berton lan egiten duten profesionalen partetik, eta egoera hori gero eta larriagoa da azpikontratazio katea arakatzen badugu.
Langileak beraien prebentzio neurri propioak egitera heldu behar izan dira, eskura zeukaten tresnekin. Oso gogorra da entzutea zahar egoitzetako langileak esanez, babesteko plastikozko poltsak edo eskuz eginiko maskarak erabiltzen ari direla, ematen ari diren zerbitzuko arduraduna, administrazioa, beraietaz ahaztu egin delako.
Azken hamarkadetan Euskal erakundeek aurrera eraman duten pribatizazio eta murrizketen politikak zer ekartzen duten ikusten ari gara, oinarrizko zerbitzuak emateko gaitasunik ez, ezta bertan ari diren langileen segurtasuna bermatzerik ere. Honek erreflexio sakona behar du, eta osasun eta zaintza sistema publiko eta indartsu baten beharra lortzeko pausoak ematearen beharra agerian geratzen da.
Krisi honen gestioan ze hutsune azaleratu dira lan osasunari dagokionean zure ustez Hego Euskal Herrian?
Oinarrizko zerbitzuetan, nahiz eta egoera bazetorrela ikusi, Gobernuek ez zuten egoera aurreikusi eta prebentzio-babes neurriak ez zeuden prest etorri denari erantzuteko. Gero, berandu, osasungintzako langileentzat neurriak lortzen saiatu dira, baina lortu ez, eta gabeziak nabariak dira. Azpikontrataturiko zerbitzuetan ezta hori ere. Langileak abandonatu dituzte. Oinarrizko zerbitzua ematen, lan baldintza prekarioekin, eta lan osasunari dagokionez abandonatuak.
Azken hamarkadetako pribatizazio eta murrizketa politikak atzera bota behar dira, publikotasunaren aldeko posizioan sakonduz
Oinarrizkoak ez ziren tokietan administrazioak beste toki batera begiratu du lana egitea baimenduz eta bultzatuz, nahiz eta prebentzio neurriak bete ez. Patronala jarduna mantentzea zuen helburu etekinak bermatzeko, eta administrazioa horretarako beharrezko kolaboratzailea izan da, langileen osasuna arriskuan jartzen ari zirela jakinda ere.
Etorkizunean zer motatako eredua eraiki beharko genuke? Zertan ari da lanean LAB?
Lehen aipatu moduan, argi dago osasun eta zaintza zerbitzu osoa publikoa eta indartsua behar dugula, eta hori lortzeko azken hamarkadetako pribatizazio eta murrizketa politikak atzera bota behar direla, publikotasunaren aldeko posizioan sakonduz, ez bakarrik zerbitzuaren titulartasunean, kudeaketan ere, azpikontratazioa ezabatuz.
Lan osasunari dagokionean, lehentasuna eman behar zaio biztanlegoaren gehiengoa den langileen osasunari patronalaren interesen gainetik. Baina ez bakarrik krisi sanitarioak kudeatzerakoan, egunez egun enpresetan ematen ari diren egoeretan ere, dauden milaka lan istripu ekiditeko, baita hauen ondorioz urtero hiltzen diren langileak ere. Horretarako prebentzio plan neurri eraginkorrak bultzatu behar dira baita hauek aurrera eramaten ari direla kontrolatu, eta prekarietatearekin amaitu.