Denon Bizitzak erdigunean
«Pertsona orok bizitza osoan zehar zaintza jaso eta emateko eskubidea duela esan nahi du zaintzarako eskubide kolektiboak»
Ekhiñe Petriati Garalut (Iruñerria) eta Marina Urkidi Garde (Bilbo) Denon Bizitzak Erdigunean koordinadorako kideak dira. Elkarrizketa honetan Greba Feminista Orokorraz eta Herri Akordioaren proposamenaz jardun dira, besteak beste.
Greba Feminista Orokorraren prozesuaren baitan askotan esaten ari da ez dela isolatuta ulertu daitekeen egun bat, prozesu baten baitan kokatzen dela. Nondik dator eta nora doa?
Greba bera eta Bizitzak erdigunean prozesua ezin ditugu ulertu aurreko bi Greba Feministak aintzat hartu gabe, hortik gatoz. Orduan hasi ginen prozesuaren marko teorikoa jorratzen, sistema bera errotik aldatzearen beharra erdigunean jartzen.
Horren ondoren iritsi zen pandemia eta beste zentralitate bat eman zion gaiari. Momentu horretan, argi ikusi zen zaintza sistema kolapsatzen ari zela, bai etxe barruetan, baina baita soldatapeko zaintza sektoreetan ere. Etxe barruetan oso oinarrizko eztabaidak ireki ziren; nork zainduko ditu umeak lanera joan behar baldin badugu eta eskolarik ez badago?
Mugimendu Feministak berehala sortu zuen Denon Bizitzak Erdigunean koordinadora, mugimenduan antolatutako eragile eta kolektibo ezberdinekin. Koordinadorak zaintzen gaiaren inguruan diagnostiko serio bat egitea erabaki zuen. Horrekin batera, hasieratik izan zen asmoa trantsizio sozial baten beharra planteatzearena. Zain–tzen gaietatik abiatuta, sistema hau sostengaezina dela salatzea.
Hurrengo puntu garrantzitsua 2022an Gasteizen egin genuen jardunaldia izan zen. Hausnarketa kolektibo sakona egin zen orduan, zaintza eskubide kolektiboaren ideia lantzeko. Azpimarragarria da zaintza eskubide kolektiboaren ideia edo kontzeptua Euskal Herrira ekarri dugula, hori izendatzen eta garatzen hasi garela. Finean, pertsona orok bizitza osoan zehar zaintza jaso eta emateko eskubidea duela esan nahi du eskubide horrek. Eta bi premisa bete behar dira eskubide hori benetan bete dadin. Alde batetik, denontzako zaintza izan behar dela, bestela ez baita kolektiboa. Unibertsaltasunaren elementu hori jaso behar du, beraz. Eta, bigarren premisa, ez dadila izan ez inoren ez ezeren ordainetan. Beste pertsona baten bizitza prekarizatzen badu edo zapaltzen badu ez da eskubide hori betetzen ari.
Eskubide hori gauzatzeko bidean Euskal Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaz hizketan hasi ginen ondoren. Eta ordutik aurrera, mugimendu moduan gorpuzten, herrialde mailako asanbladak antolatzen... gaur arte.
Greba Feminista Orokorra instituzioak interpelatzeko momentu bat izango da. Zein agertoki ireki nahi da horren ostean?
Prozesu honek bi lanketa paralelo ditu. Alde batetik, greba aurrera ateratzea eta horrek dakarren lan guztia. Eta, bestetik, Herri Akordioaren idazketa, aurkezpena, eragile sozialekin lanketa, atxikimenduak bilatzea... Herri Akordioarekin instituzioak interpelatzea bilatzen da. Eta hori ere kokatzen dugu grebaren helburu bezala.
Grebarekin lortu nahi dena da instituzioekin (EAEko eta Nafarroako gobernuekin bereziki) negoziaketa mahai bat sortzea. Behin mahaia irekita, joango gara ikusten zertarako gaitasuna dagoen.
Gure helburua litzateke tokian toki erabakimen gaitasuna duten mahaiak sortzea eta benetako negoziaketak ematea Herri Akordioan jasota dauden aldarrikapenak betearazteko.
Instituzio ezberdinak interpelatuko dira? Maila eta negoziazio esparru ezberdinak planteatuko dira?
Ikusteke dago oraindik zein izango den grebak utziko duen oinarria. Dena den, gure aurreikuspena da aukera ezberdinak zabalduko direla eta horietako bakoitza dagokionak eta dagokion ardurarekin kudeatu beharko duela. Mugimendu Feministak, gainontzeko eragileekin batera hartu beharko du ardura irekitzen diren mahai horietara joan eta horietan alde batetik edo bestetik eragiteko.
Aldi berean, prozesu hau baliatu beharra dago instituzioen mugak gainditzeko, barrerak apurtzeko. Instituzioetan dinamika ezberdinak pizteko aukera aprobetxatu beharra dago. Instituzioen demokratizazioan eragiteko potentzialitate handia du prozesu honek.
Nola definitzen duzue Herri Akordioa? Zer da tresna hori?
Herri Akordioa euskal herritarron bizi baldintzak hobetzera doan prozesu baten baitan kokatzen den tresna bat da. Herri Akordioa tresna eta aitzakia da prozesu horri prozesu izaera bera emateko. Prozesuaren lehen egunetik bertatik Herri Akordio batez hitz egiten aritzeak (eta ez soilik grebaz beraz) berritasun bat suposatzen du. Epe luzera begirako ikuspegi hori txertatzea ahalbidetzen du, gainera. Apustu indartsua egin da horretan, nahiz eta zaila izan den sarritan.
Plano ideologikotik plano materialera jauzia emateko apustu bat ere bada. Gehiengo sozial zabalekin osatutako akordio bat egiten saiatu gara, ekarpen ezberdinekin... eta hori izan da horretarako topatu dugun edukiontzi egoki edo eraginkorrena.
Laburbilduz, prozesurako oinarri sendoa ematen duen tresna izan da Herri Akordioa.
Nolakoa izan da Herri Akordioaren lanketa prozesua?
Akordioan jasotzen diren edukiak Gasteizen apirilean egin genuen Asanblada Nazionalean zirriborratu ziren, Mugimendu Feministako 200 bat kideren artean. Ondoren, hilabeteetan zehar hori sistematizatzen ibili gara. Ekainerako, bagenuen Herri Akordio horren lehenengo zirriborroa, aldarrikapen batzuekin. Eragileei aurkeztu eta irailera bitarte ekarpenak jaso ditugu.
Egia esan, eragile sozialen aldetik harrera ona izan du akordioak eta izan dira ekarpenak ere. Eragile sozialek, orokorrean, planteatutako irakurketa konpartitu dute.
Edukien aldetik, zeren baitako adostasun edo akordioak lortu nahi dira?
Hiru multzo nagusitan daude banatuta aldarrikapenak. Zaintza sistema publikoaren aldekoak;
Bizitza duinen aldekoak; eta, azkenak, zaintza langileen lan baldintza duinen aldekoak.
Zaila izan da multzokatze hori egitea, aldarrikapen batzuk oso elkarlotuak baitaude. Aldarrikapenak etxez etxeko langileen lan baldintza duinak eskatzetik pentsio duinetaraino doaz. Guztiek dute gai komun bezala zaintzarena. Akordioan jasotzen diren elementu guztiak elkarloturik ulertzen ditugu, oinarrizko eskubideak bermatuak izan gabe ezin baita zaintza eskubidea bermatu. Horregatik hitz egiten dugu pentsioez edota etxebizitzaz.
Aurrerapauso garrantzitsua izan da bizitza duinen aldeko atal hori sartzea, hasieran hain argi ikusten ez zena. Atal horrekin ekarpen bat egin nahi izan da saiatzeko zaintzarekiko dagoen pertzepzio soziala aldatzen, zaintzarekiko dagoen ikuspegi nagusiari buelta ematen. Ulerkera nagusi horrek zaintza dependentzia egoeran dauden pertsonen beharrizanekin soilik lotzen du, zaintzaile eta zainduaren arteko dikotomia faltsuak sortuz. Horri teorikoki buelta emateko ekarpena egin nahi izan dugu.
Zein erreakzio sortu ditu Grebaren iragarpenak instituzioen edo alderdien aldetik? Interpelatua sentitu da norbait? Zein balorazio egiten duzue?
Ikusten ari gara batzuei ez zaiela gustatu prozesu honekin mugitzen hasi dena. Arriskuan ikusten dute beren burua, beren negozioak. Beldur dira. Horrela ulertzen ditugu azken asteetako mugimenduak.
Izan da saiakerarik gure kontzeptuak bereganatzeko, adibidez. Gure termino eta kontzeptuak erabiltzen ikusi ditugu zenbait instituzio. Ikusiko da guzti hori benetan zertan geratzen den. Momentuz, benetako konpromiso politikorik ez dugu ikusi.
Bi oztopo nagusi identifikatu daitezke prozesu honetan zehar. Alde batetik, gizonen inplikazio eza zaintza lanetan. Eta, bestetik, zaintza zerbitzuen pribatizazioaren aldeko hautua instituzio nagusien aldetik.
Gizonen paperari dagokionez, bai lortzen ari garela aldaketa bat ematea. Jendea greba bat antolatzera hurbiltzen da, baina lanean jarri eta berehala ohartzen da greba bat antolatzeaz gain egoteko moduak errebisatzea, gizonen rola birpentsatzea... ezinbestekoa dela. Grebara bidean egiten ari garen prozesuak era integral eta transbertsalean eragin bat du horretan. Erronka da prozesuaren parte izaten ari diren eragile guztietan ere eragin bat izan dezala. Planteatzen diren eztabaida, korapilo, ikaspenak... eramatea eragileetara ere.
Pribatizazioen gaiari dagokionez, prozesu honek balio du publikoa zer den eztabaidatzen hasteko, publikoaren zentzu sakona, eta ohartzeko nola kontzeptu horrek zentzua guztiz galdu duela azken urteetan. Publiko izena duten baina publikoak ez diren gauza asko daude momentu honetan. Bataila asko irabazi dituzte elite politikoek norabide horretan. Grebarekin, publikoaren zentzu hori lehiatzeko aukera izaten ari gara eta aldaketarako arrakala handiak zabaltzen ditu horrek.
Ze rol jokatu beharko genuke prozesura batu garen eragile guztiok?
Mugimendu Feminista iristen da iristen den tokiraino. Eragile sozial bakoitzak ikusi beharko du zein ekarpen egin diezaiokeen prozesuari bere lan lerro propiotik. Sindikatuen kasuan, noski, lantokietara greba eraman, eta ahalik eta ulergarrien egin, badakigulako lantoki askotan ez dela batere erraza guzti honen inguruan hitz egitea. Orain, sindikatuek lan handia duzue horretan. Ez da erraza pedagogia egitea zaintza zer den azalduz, zer den zaintza sistema publiko baten alde borrokatzea eta zergatik egin behar den.
Sindikatuen kasuan, gainera, aukera bat eman dezake azken urteotan eman dituzuen aurrerapausoetan sakontzeko. Adibidez, lan esparru ez arautuei nola heldu. Mugimendu Feministatik esaten ari gara greba egunaren arrakasta ezin izango dela neurtu paroi produktiboaren arabera, zaintza eremuetako asko ezin izango direlako gelditu. Aukera ona da paradigma aldaketan sakontzeko. Kapitala eta lanaren arteko gatazkaren inguruan hitz egitetik, kapitala eta bizitzaren arteko gatazkaz hitz egiterako jauzia emateko. Eztabaida marko horri ezartzeko eta marko hori aberasteko. Sindikatuek zeregin polita duzue horretan.