Izaro Elorza | Oñatiko alkatea

Burujabetza teknologiko lokalerantz

talaia12 izaro elorza onatiIzaro Elorza telekomunikazio ingenaria eta 2019ko maiatzetik Oñatiko alkatea da.

 

 

Digitalizazioaz jardutean burujabetza teknologikoaren kontzeptua zentrala da. Horregatik saiatu gara Talaia honetan ikuspuntu hori presente izaten. Jarraian doan erreportaian burujabetza teknologikoa oinarri hartuta garatu den alternatiba erreal batez hausnartu nahi izan dugu, eremu lokaletik garatzen ari den esperientzia konkretuaz, kontzeptu teorikoaren abstrakziotik eguneroko praktika politikora pasaz. Horretarako Oñatin garatzen ari den Onaro proiektuaz aritu gara Izaro Elorza herriko alkatearekin.

 

 

Asko entzuten da azken garaiotan burujabetza teknologikoaren ideia. Baina sarri aditu arren, ez da definitzen kontzeptu erraza. Horrela azaltzen du Edurne Larraza Mendiluze EHUko irakasle eta ikertzaileak: “Via campesinaren elikadura-burujabetzaren definizioa moldatuz, herri edo komunitate bat teknologikoki burujabe bada, «badu nagusitasuna merkataritza-auzien gainetik teknologia eta teknologien ekoizpena kontrolatzeko»”. Eta, jarraian, sarritan azaleratzen den kezka aipatzen du: “baina, zein da horretarako bidea?” Bada Euskal Herrian galdera horri praktikan erantzuten saiatu denik.

 

 Talaia12 izaro elorza onaro

 

Onaro

Pasa den ekainean eman zen ezagu­tzera Onaro, Oñatiko telekomunikazio operadore berria, Interneteko konexioa herritar guztien eskura jartzea helburu duena. Proiektuak zertan datzan azal­tzeko, Izaro Elorza, herriko alkatearekin mintzatu gara. Honela azaldu digu Elorzak, operadorea sortzean zuten asmoa zein zen: “Onaro sortzean genuen helburu nagusia Internetaren beharrizan horri erantzutea zen. Bagenekielako batez ere auzo-guneetan ez zela iristen iritsi behar zen leku guztietara, eta ikusten genuelako herri gunean ere bazeudela hainbat eta hainbat eraikin banda zabalik ez zutena”.  

Argindar sektorean duten urteetako esperientziaz baliaturik (Oñatiko Ur Jauziak-ekin energia berriztagarria sortzen dute; Oñargiren bitartez banaketa egin; Merkaoñak zerbitzua eman) Internetera sarbidea ere herritik bertatik kudeatzeko apustua egin dute orain. Hau ez da kasualitatea. 10 urte dira Nazio Batuen Erakundeak Internetera sarbidea oinarrizko eskubide  gisa aitortu zuela, eta berau errealitatean bermatzea du helburu Oñatiko udalak.

Guk, errentagarritasuna beharrean, herritar guztienagana iritsiko den zerbitzua eskaintzea dugu asmo

“Operadore handiak errentagarritasuna bilatzen duten enpresa multinazionalak dira. Guk, errentagarritasuna beharrean, herritar guztienagana iritsiko den zerbitzua eskaintzea dugu asmo”, diosku alkateak. Proiektua osatze aldera, sarera konexioaz gain mugikorreko eta telefono finkoko lineak ere eskainiko ditu Onarok. “Hasieran Internetekin hastea genuen buruan, baina hau osatzea beharrezkoa zela ikusirik, telefonia finko eta mugikorra ere emango ditugu”, azaltzen du. Beste kontu garrantzi­tsu bat ere azpimarratzen du Elorzak: “Ematen dugun zerbitzu horren prezioa justua izatea. Ordaintzen duzun hori jasotzea, ez gehiago, ezta gutxiago ere”. Eta horretarako arreta pertsonalizatua eta aurrez aurrekoa izatearen garran­tziaz ohartarazten gaitu.

Proiektua pentsatu eta osatzerako orduan lau printzipio nagusi jarraitu dituztela kontatu zuten ekainean egindako aurkezpenean. Herritar guztiei banda zabaleko konexioa bermatzea; zerbitzu hori zuzeneko eta gertuko arretaz eskaintzea, engainurik gabe; Eta guztia herritarren beharrei herritik bertatik erantzun behar zaienaren konben­tzimendutik eginda, argi baitute oinarrizko zerbitzuak eremu lokaletik hobeto kudeatzen direla. “Guk oinarrizko zerbitzutzat hartzen dugun Interneteko konexio hori herritar guztienagana iristea genuen helburu. Batez ere, kontu hauek herritik hobeto kudeatzen direnaren ustea dugulako. Konbikzio horrekin erabaki genuen telekomunikazio operadorea sortzea”, nabarmentzen du Elorzak.

Operadore propioa sortzearen prozesua Izarkom euskal telekomunikazio operadore kooperatiboaren lagun­tzaz egin dute gainera. “Izarkomekin bageneukan egiteko modu komun bat, ikuskera bat konpartitzen dugu. Elkarlanean pausoak ematen joan ginen”, esplikatzen digu udaleko ordezkariak.

 

 

Arrakala digitala

Aurrez esan bezala, Internetera sarbidea oinarrizko eskubide gisa aitortua den arren, landa eremu askotan oraindik ere ez dago praktikan guztiz bermatua.

Oñatin, esaterako, landa guneetan aurkitzen ziren herriko 210 eraikinek ez zuten banda zabaleko konexiorik orain arte, operadore handiei ez zitzaielako errentagarria egiten, edo ez zutelako (beraien  ustetan behintzat) etekin ekonomiko nahikorik ateratzen. Gainera, teknologia berri hauek eskatzen duten etengabeko inbertsio beharrak operadoreen kontzentrazioa ekarri du. Enpresa horiek hutsunea betetzeko asmorik ez zutela ikusirik, udalak ardura hori bere gain hartzea erabaki zuen, arrakala digitala lausotu asmoz. Alkatearen esanetan, “argi dugu landa eremuan bizi diren herritarrek herrigunean bizi direnen  eskubide eta zerbitzu berdinak eduki beharko lituzketela. Gure zereginetan sartzen da zonalde horietara oinarrizko zerbitzuak eramatea. Eta,  Internet, gaur egun, behar beharrezkoa da edozertarako: lanerako, ikasketak aurrera eramateko edo edozein tramite egiteko”.

Argi dugu oinarrizko zerbitzuak eremu lokaletik hobeto kudeatzen direla

Landa gune horietan Internetera sarbidea irrati lotura bidez bermatuko dute, 30/30MBko banda zabala eskainiz, horretarako espreski instalatu berri dituzten bi supernodoei esker. Horrela, eta momentuz, eraikin horien %85era konexioa iristea lortu dute. Helburua denborarekin %100era heltzea litzateke. “Oraingoz, ikusten genuelako orain erantzun azkar bat ematea zela lehentasuna, irrati uhin bidez bermatuko dugu konexioa, azpiegitura hau errazagoa delako instalatzen. Baina, etorkizunean, nola ez, horietara ere zuntza eramatea izango litzateke asmoa, gainontzeko zonaldeetara bezalaxe. Orografia kontuegatik zailtasunak daude eta inbertsio handiak beharko dira. Baina, poliki bada ere, egingo dugu”, aurreikusten du Elorzak.

 

 

Azpiegitura burujabea

Herriguneari dagokionez, zuntz optiko bidezko konexioa beste operatzaile batzuen azpiegituren bidez eskaintzen hasi dira (igoera eta jaitsiera abiadura bermatzen duen FTTH teknologia aurreratua erabiliz), epe ertainean hori ere herriak berak kudeatzea nahi duten arren. “Herrigunean badaukagu zuntz optikoaren sare tronkal bat, baina hortik eta etxebizitzetara iristeko bidea denborarekin eman beharreko pausu bat da.  Egun, eraikin batzuk beste operadore batzuek instalaturiko zuntzak badituzte, eta horiek baliatuko ditugu zerbi­tzua eskaintzeko. Bitartean, lehentasuna, zuntza iristen ez den eraikin horietan gure zuntz propioa jartzea izango da”, dio alkateak.  “Azpiegitura hau errepide batekin alderatzen dut sarritan. Errepide bat publikoa da, edonor pasa daiteke bertatik, eta mantenua administrazioari dagokio. Kasu honetan antzerako zerbait izango litzateke. Denok eduki beharko genuke errepide (edo zuntz) horretara iristeko eta  bertatik nabigatzeko aukera”, gehituz.

Landa eremuan bizi diren herritarrek herrigunean bizi direnen eskubide eta zerbitzu berdinak eduki beharko lituzkete

Eta garrantzitsuena dena: “Lankidetza logikan ari gara hau eraikitzen: herriko informatikari, elektrizizta etab. batuko ditugu proiektu honetara. Helburua ez baita soilik operadorea, baizik eta hori eraikitzerako orduan garaturiko prozesuaren logika. Herritarrok, guztion artean, erantzutea erronka honi”.

 

 

Euskaltel, aukeratik expoliora

Telekomunikazioen eta langileon burujabetza digitalaren auzien inguruko eztabaidek azkartasuna hartu dute pandemiaren eraginez. XXI. mendeko erlazio sozial eta ekonomikoak determinatzen dituen azpiegitura, datuen ustiaketa alegia, hurrengo urteetako orube produktiboaren diseinuan determinantea izango da. Berreraikitze-eraldatze arteko tentsioan kokatzen ari da sistema ekonomikoaren etorkizunaren inguruko eztabaida, eraldaketa digitala bigarren hipotesiaren funtsezko elementua delarik. Dena aldatu betikoek galdu dezaten.

Hala ere, historiaren beste bertsio bat posible izan da orain arte. 1992. urtean sortu zen Euskalnet sozietate publikoa, hasiera batean EAEko eraikin publikoak lotuko zituena eta ondoren, autonomia erkidegoko herriak. 1995an, Euskaltelek hartu zuen Euskalneten testigua, 200 milioi pezetako kapital publikoarekin: Eusko Jaurlaritzak %40ko ekarpena egin zuen eta EAEko hiru aurrezki kutxek %60koa. Jauzi kualitatiboa izan zen, etorkizunera proiektatzen zen tresna estrategiko baten sorrera izan zelako. Argi dago enpresa baten titulartasunak ez duela zertan determinatu behar bere bokazio soziala, baina publikotasuna sine que non baldintza da langileon aldeko politikak garatzeko.

2012ko urte hasieran Eusko Jaurlaritzaren politika neoliberalek eta 2008ko krisiak utzitako mantra ekonomikoek isla zuzena zuten Euskaltelen. Desinbertsio publikoa eta kapital pribatuaren sarrera, “bideragarritasun ekonomikoaren” diskurtsoaren gatibu. Iberdrola Euskaltelen %11,8aren jabe zen, Endesa %10,8arena eta Mondragon Taldea-k %2,1a zuen. Urte horretan bertan, Mario Fernandezek ICV funtsari enpresaren %49,1a saldu zion, enpresaren %50a baino gehiago esku pribatuetan zegoelarik dagoeneko.

Pribatizazioak ez zuen atzera bueltarik. 2015ean, burtsara irteerarekin, ICVk bere akzioak erosketa prezioa baino hiru aldiz garestiago saldu zituen. Proiektu publikoa zena kapital finantzarioaren trofeo bihurtua. 2019an Zegona funts britainiarraren sarrerak eta MasMovilen EETak prozesuari bukaera eman diote. Euskal langileoi lapurtu egin zaigu gure eredu digitala birpentsatzeko eta herri honetako langile klasearen zerbitzura egongo den eredu baterantz aurrera egiteko genuen tresna publiko bakarra.

2021. urtean lotu ditu Googlek Sopela, Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua, kable bidez. Ia 30 urteko bidaia eta paradigma aldaketa nabarmena. Google-ren esku utziko dugu langileon bizitza. Baina isildu egingo gara, balizko hazkunde ekonomikoaren izenean?

Izaro Elorza | Oñatiko alkatea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago