Mikel Gartzia eta Dabid Martinez | Hezkuntzan librezale sarea

«Ez gara ordenagailuez hizketan ari, balio etikoez ari gara»

talaia12 hezkuntzan librezaleMikel Gartzia Santamaria eta Dabid Martinez Perez Hezkuntzan Librezale sareko partaideak

Hezkuntzan Librezale taldea Euskal Herriko hezkuntza komunitateko hainbat kidek sortu zuten, enpresa pribatu erraldoiek eskoletako digitalizazio prozesuetan zeukaten presentzia gero eta handiagoak kezkatuta. Egun, Euskal Herri osoko sare publiko eta kontzertatuko 200 pertsona baino gehiagok osatzen dute talde hau.

 

Hezkuntzan librezale 2

 
 
Hezkuntzan Librezale taldea Euskal Herriko hainbat guraso, irakasle eta eragilek sortu zenuten 2017an. Nola sortu zen sare hau eta zeintzuk dira zuen helburu nagusiak?
Dabid Martinez: Software librearen eta hezkuntzaren mundutik zetorren jende desberdinak hasitako hausnarketa batetik sortu zen plataforma hau. Hezkuntzaren digitalizazio prozesua hartzen ari zen norabidea ikusita, kezka nagusi baten bueltan bildu ginen: prozesu  hori multinazionalen menpe ematen ari zela, Euskal Herriko interes eta eragileetatik oso urrun.
Guk argi genuen software librea burujabetza teknologikoaren prismetatik landu behar zela. Logika hori abiapuntu hartuta hasi ginen antolatzen, izugarrizko anbizio gabe, badakigu eta talde txiki bat garela. Baina helburu argi horiekin: burujabetza teknologikoaren ideietatik abiatuz, software librearen aldeko apustua egitea hezkuntzan, euskararen erabilera sustatu eta bermatuz.
Mikel Gartzia: Elkarrizketa hau aprobetxatu nahiko nuke esateko badugula txat gela bat, eta funtsean hori dela Hezkuntzan Librezale, txat gela bat Telegram eta Matrix-en aurki daitekeena. Hitz egiteko toki bat da, sare bat, ez da kanal bat, edonork galdetu eta edonork laguntzeko toki bat baizik. Hori da gure helburu nagusia, elkar laguntzeko sare bat izatea. Soluzioa ez da etorriko gugandik, ez dugu eta errezeta perfekturik.
Enpresa pribatu erraldoiek gure eskoletako digitalizazio prozesuetan daukaten presentzia gero eta handiagoak kezkatzen zaituzte. Non antzematen da hori? Zein da egun egoera?

Argi genuen software librea burujabetza teknologikoaren prismetatik landu behar zela

M.G: Hasteko, irakasle bat lanera iristen denean ordenagailuetan Windows aurkitzen du. Hori oso normalizatua dago, beste zerbait izan zitekeen arren. Ondoren, eskolara iritsi orduko, Gmail helbide bat sortzen diote. Konturatu baino lehen hasten da Google-ren zerbitzuak erabiltzen. Erabili dezake nabigatzailean Firefox, baina lanerako jada Gmail jartzen zaio. Baita Whatsapp ere. Kritika hori gutxitan egiten dugu, irakasleok segituan antolatzen dugu dena Whatsapp taldeen bidez: 3.mailako irakasleena, bigarren zikloko irakasleena, eskola osokoa…
Bestalde, umeei beraiei ere, 3.mailatik aurrera, lehen hezkuntzan, hau da, 10 bat urterekin, Gmail kontu bat sortzen zaie, izen propioekin. Une horretatik bertatik enpresa pribatu bat ikasle guzti horien produktibitatea kontrolatzen hasten da, datuak gordetzen. Eta ari gara datu guzti horiek Google-ri oparitzen.
D.M: Azken hamarkadetan erabateko dependentzia sortu digu hezkuntzak Windows eta Office-ekiko. Guri esaten ziguten informatika ematen genuela, baina ematen genuena zen Microsoft eta Office. Microsoftek argi zuen hezkuntzan sartzea lortzen baldin bazuen etorkizuneko langileek beraiekiko dependentzia garatuko zutela.
Guk, kontrara, uste dugu hemendik, Euskal Herritik, zuzendu behar dugula digitalizazio prozesu hori, enpresa transnazional horiekiko dependentziatik askatuz. Teknologiaren inguruan hausnartu behar dugu eta eztabaida sakon bat eman burujabetza teknologikoaren inguruan, beste burujabetza askoren inguruan eman dugun modu berean. Gure kezka nagusia hori baita, prozesu guzti hau gure eskuetatik at dagoela. Eta horrek eraginak ditu, euskara gure teknologietara sartzeko erabakimena, enpresa estatubatuar baten interes ekonomikoen arabera lagatzea, adibidez.

Egoera bera da hezkuntza eredu ezberdinetan (publiko, kontzertatu, ikastolak…) edo bada ezberdintasunik?
M.G: Esango nuke hezkuntza esparru ezberdinetan berdintsu ari dela dena egiten. Hezkuntza eredu ezberdinak teknologiaren olatuak berdin harrapatu ditu, eta orain ahalegin kontziente bat egin beharko dute hortik ateratzeko.

Administrazioko beste edozein arlotan ematen ari diren murrizketa eta pribatizazioen logika bera jarraitzen du honek ere

Eta zein eragin du guzti honek gure hezkuntzan? Zeintzuk dira zuen kritika nagusiak?
D.M: Manifestua idatzi genuenean 5 aipatzen genituen. Lehenengoa pribatutasunarena zen. Hau da, gaur egun bultzatzen ari garen digitalizazioak ez duela ikasleen pribatutasuna bermatzen. Gure ikasleen datuak enpresa pribatuen esku uzten ari garela etengabe. Bigarrena zen zaharkitze programatua berrerabilpenaren kontrako kontzeptua dela, eta berrerabilpenaren balioa sustatu nahi badugu arduragabekeria dela Chromebook bezalako gailuak sustatzea. Hirugarren kritika hizkuntzaren ingurukoa zen, euskararen presentzia enpresa pribatuen interesen menpe uzten ari garela, hain zuzen. Esaterako, Chromebook gailuetan oraindik ere gauza asko ez daude euskaraz. Laugarrena, digitalizazio eredu honek hezkuntza digitalaren murriztea dakarrela. Paradoxikoa dirudi digitalizazioak hezkuntza digitalaren murrizpena ekartzea, baina beti tresna berdinen erabilerara mugatzen baditugu gure ikasleak (eta irakasleak) ez dute inoiz izango aukerarik hortik kanpo dagoen mundu oparoa ezagutzeko. Gaur egun ikasleei ez diegu ofimatika irakasten, Google docs baizik. Bostgarren eta azken kezka da guri Microsoft-ekiko erabateko dependentzia sortu ziguten bezala, gu orain ari garela erabateko dependentzia teknologikoa sortzen Google-rekiko. Eta berdin dit enpresa nola deitzen den, dependentzia sortzea, edozein dela ere, oso kaltegarria da. Eta hezkuntzan hori sustatzea arduragabekeria itzela.

Badago mundu mailan norgehiagoka bat edo gerra hotz bat, bi ereduen artean

Zergatik uzten da hezkuntzaren digitalizazio prozesu hori enpresa pribatuen eskuetan? Nola azaldu daiteke joera kezkagarri hau? Non aurki daitezke horren arrazoiak?
M.G: Nik uste oso sinplea dela. Dagoeneko lana “ondo” egiten duen enpresa bat dago, ardura berea da eta ez dizu ia euro bat ere kobratzen.
Software librea hor dago, eskuragarri, baina martxan jarri beharra dago, eta hori lana da. Zerbitzu hori prestatu eta mantenua egin behar da, horren ardura hartu. Orduan, enpresa handi batek egiten badu eta gutxi kobratzen badizu (bitartean datuekin ateratzen baititu etekinak) ez duzu aldatu beharrik. Zerbitzu bat externalizatzea da finean, eremu pribatuaren kudeaketaren esku uztea.
Administrazioko beste edozein arlotan ematen ari diren murrizketa eta pribatizazioen logika bera jarraitzen du honek ere.  Pribatizazio zurrunbilo horretan beste pauso bat.
Egoera kontuan hartuta eztabaida prozesu bat irekitzeko unea iritsi dela diozue, eta alternatiba posibleak badirela. Zein dira horiek? Zein ardatzen bueltan eraiki beharko lirateke?
D.M: Hasteko, burujabetza teknologikoaren ideia garatzea. Guzti hau herri proiektu gisa bideratu behar dugu.  Lortu behar dugu prozesu hau Euskal Herritik bertatik gidatzea, modu batean edo bestean, eta, zorionez, horretarako giharra badagoela uste dut.
M.G: Esango nuke alternatiben galderara iritsi baldin bagara ia hobe dela ez ematea erantzun konkreturik, zeren eta lekuan leku eta bakoitzak bere beharren arabera pausuak ematen hasi beharko du, ahal duen moduan eta bakoitzaren ahalmenen arabera.
D.M: Borondatea baldin badago atal teknikoa ez da arazoa izango. Baina oraindik beste fase batean gaude, pedagogiaren fasean, nolabait esatearren.
 

Borondatea baldin badago atal teknikoa ez da arazoa izango

Zergatik software librea?
M.G: Software librearen bueltan lehia bat dago, ea zein ereduk funtzionatzen duen hobeto. Software librearekin lan egiten duenak bere produktua irekita uzten du besteek (ezagutzen ez dituzun pertsonek) balia dezaten, zerbait hobea egiteko. Eta hori funtzionatzen ari da.
Software pribatiboaren kasuan, enpresa batek bere eskaintza itxita ematen du, modifikaezina, eta hobekuntzak  egiteko erabiltzaileen esperientzietan oinarritzen da. Zerbait hobea ematen saiatzen da modu kapitalistagoan. Hor badago mundu mailan norgehiagoka bat, edo gerra hotz bat, bi ereduen artean.
D.M: Ni ziur nago jendeak kontzientzia izango balu zer nolako balore etikoak eskaintzen dizkiegun eskolan umeei erabiltzen ditugun teknologia produktuekin, oso arin esango luketela software librera pasatu behar garela. Software librearen munduak kooperazioa lehenesten du, elkar laguntza, eta ez konpetentzia. Bizitza ikusteko modu bat da.
Software libreaz hitz egiten dugunean ematen du teknologiaz ari garela. Baina egia esan balore etiko batzuetan oinarrituta munduari begiratzeko beste prisma bat da. Ez gara ordenagailuez hizketan ari, balio etikoez ari gara.
Eredu alternatibo gisa Luberri-Linux hezkuntza publikotik sortutako sistema eragile euskaldun librea jarri izan duzue. Zertan datza proiektu horrek?
D.M: Luberri, berez, Linux Mint erabiltzea bezala da. Baina bereziki hezkuntzarako prestatuta dago,  zeinak eskolan jarri eta eskolaren beharrak asetzeko aukera ematen duen. Euskal Herrian egina da eta gure hezkuntza sistemari egokitua dago. Horregatik sustatzen dugu, prest dagoelako, instalatzea baino ez delako behar, eta prest ditu instalatu bezain pronto eskolan behar izango dituzun elementu guztiak (arbel digitala, inprimagailuak sarean, elkarbanatzeko aukera, LibreOffice, Firefox…). Eta euskaraz dago %100ean.
 
 
Hezkuntzan librezale sarearekin kontaktuan jarri nahi izanez gero;

Eposta bidez:

Txat bidez:

Mikel Gartzia eta Dabid Martinez | Hezkuntzan librezale sarea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago