Alicia Valero
Baliabide mineralak hobeto erabiltze aldera
Alicia Valero Delgado Grupo de Ecología Industrial. Instituto CIRCE
Teknologia garbi eta digitalizatuek baliabide mineral ugari behar dituzte, eta horietako asko, gainera, oso urriak dira. Paradoxikoki, frogatu dugu itxuraz energiaren ikuspegitik efizienteenak diren teknologiak ez direla oso eraginkorrak lehengaien erabileran. (...)
Europak kanpo mendekotasun handia du, eta horrek oso kaltebera egiten gaitu. Lehengaien prezioen igoera bizkorraren lekuko izango gara (ikusten ari garen erregai fosilez gain). Gure kalkuluen arabera, ez dago lehengai nahikorik trantsizioa proposatzen den moduan egiteko. Zehaztasunera joz, dirudienez behintzat 14 elementu kimikoren erreserbak ez dira nahikoak izango 2050era arte espero den eskariari erantzuteko. Hauek dira elementuak: zilarra, kadmioa, kobaltoa, kromoa, kobrea, galioa, indioa, litioa, manganesoa, nikela, beruna, platinoa, teluroa eta zinka (Alicia Valero, Valero, Calvo, & Ortego, 2018). Zerrenda horretan funtsezkoak elementuak daude, hala nola ibilgailu elektrikoen baterietarako (nikela, litioa, kobaltoa, beruna edo manganesoa), teknologia fotovoltaiko berrietarako (teluroa, kadmioa, indioa, kobrea), aplikazio eta teknologia askotako altzairuetarako (kromoa, nikela, zinka) edo teknologia digitaletarako (zinka, platinoa, indioa, galioa, zilarra). (...)
Europatik, lehengaien hornitzaileak dibertsifikatzen saiatzeaz gain, herrialde ekoizleekin aliantzak eginez, ahaleginak bi fronte nagusitara bideratzea planteatzen da: 1) Etxeko erauzketan inbertitzea beste herrialdeekiko mendekotasuna murrizteko, 2) Ekonomia zirkularraren alde egitea.
Konponbideak: 1.
Etxeko erauzketan inbertitu
Lehenengo puntua ez dago eztabaidetatik libre, meatze berriak ireki-tzea ingurumen- eta gizarte-inpaktu handiekin lotuta baitago, eta jendea ez baitago horiek onartzeko prest. Izan ere, Europak beste herrialde batzuetara deslokalizatu ditu erauzketa-industria eta fabrika kutsatzaileenak. Horrek itxuraz “garbiagoak” eta lehiakorragoak izatea eragin du. Hala ere, gaur egun oso kalteberak gara, eta batez ere Txinak kontrolatzen dituen lehengaiekin egiten duen erabakiaren mende gaude. Ziurtasun handiz, Txinak etxeko kontsumoa lehenetsiko du esportazioen aurretik.
Energiaren ikuspegitik efizienteenak diren teknologiak ez dira eraginkorrak lehengaien erabileran
Beraz, kanpo mendekotasuna murrizteko Europan bateria-fabriketan edo erdieroaleetan inbertitzeak, adibidez, ez du inolako zentzurik, horiek osatzen dituzten lehengaiak izan gabe. Hortaz, ulergarria da erauzketa lokalean inbertitzea. Ildo beretik, aztarnategi berriak zabaltzeaz gain, meategi abandonatuak berriro irekitzeko eta metal interesgarriekin meatze-hondakinak prozesatzeko aukera dago; izan ere prezioen igoerarekin eta dagoen premia handiarekin, ekonomikoki errentagarriak izan daitezke berriro.
Hori bai, meatze-aztarnategi horien ustiapena ingurumen- eta gizarte-estandar zorrotzenekin egin behar da, baliabideak (ura, adibidez) zentzuz erabiltzen direla, paisaia eta inguruko komunitateak errespetatzen direla, kaltetutako populazioekiko konpentsazio justua ematen dela eta natura birsor-
tzen dela ziurtatuz. Horretarako, erauzketa-jardueren inguruko jarraipen osoa egin behar da, eta iraganeko jardunbide txarrak saihesteko ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatu.
Konponbideak: 2.
“Ekonomia espiralaren” aldeko apustua
Zalantzarik gabe, “ekonomia zirkularra” deiturikoak trantsizio energetikoarekin batera joan behar du uneoro. Ekonomia zirkularraren helburua materialen zikloak itxi eta luzatzea da. Hori esanda, termodinamikak dio ezinezkoa dela zikloak erabat ixtea. Horregatik, ekonomia zirkularra baino gehiago, ekonomia espirala izan dezakegu helburu (Antonio Valero & Valero, 2019), non ziklo bakoitzean materia kopuru bat galtzen den.
Zikloak itxi ezin diren arren, oraindik oso urrun gaude ekonomia espiral eraginkor batetik. Izan ere, Lurra baliabideen gordailu amaigabetzat eta hondakinen zabortegi infinitutzat hartu da. Erabili eta botatzeko kultura azken 30-40 urteetan ezarri da bereziki, eta produktuak ez daude birziklatzeko diseinatuta, eta ez dago lehengai horiek berreskuratzeko azpiegiturarik ere. Kantitatea lehenetsi da, ez kalitatea, eta ikusten dugu oso lehengai baliotsuak dituzten milaka objektu, azkenean, zabortegietan pilatzen direla, inolako erabilerarik gabe. Joera hori iraultzeko, beharrezkoa da jarraian aipatzen ditugun fronte hauetan jardutea:
- Hezkuntzan inbertitzea, gizarteak ondasunak balora ditzan, erabili eta botatzeko kultura irauliz.
- Hondakinik sortzen ez duen naturatik ikasi behar da. Materia organiko orok balio du bizitza berria sortzeko. Planeta osasuntsu bat izan nahi badugu, haren osasuna zaindu beharko dugu. (...) Horregatik, produktu baten bizi-amaierak ez du esan nahi bere osagaien bizi-amaiera. Beharrezkoa da osagaiak berrerabiltzea sustatzea. (...)
- Ikerketan inbertitzea. Lehengaiak berreskuratzeko prozesuak garatu gabe daude gaur egun.
Ikerketak aparteko funtzionalitateak dituzten materialak eta produktuak sortzera bideratu dira orain arte, barnebiltzen zituzten materialen berrerabilera aintzat hartu gabe. - Sendagaiek bigarren mailako ondoriorik ez dakartela frogatu arte merkaturatzen ez diren bezala, ezein produktu ez litzateke merkaturatu behar naturan albo-ondoriorik ez duela egiaztatu gabe!
- Produktu guztiek baliabideen erabileraren iraunkortasun-mailari buruzko oinarrizko informazioa izan dezaten sustatzea, materialen birziklagarritasuna edo produkzioan sortutako CO2a adieraz lezaketen etiketen bidez, bai eta horien iraunkortasuna eta konpongarritasuna ere.
- Produktuek askoz gehiago irautea, zaharkitze goiztiarra deuseztatuz eta ekoizleak kalitatezko produktuak egitera behartuz; lehenetsiz ugariak diren lehengai lokalez eginak direnak, konpongarriak, erraz desmuntagarriak eta, azken batean, birziklagarriak izan daitezen. (...)
- Efizientzian inbertitu material kontsumoa murrizteko. Material alternatibo ez-kritikoetan inbertitu eta mendekotasun materiala murrizten duten neurriak sustatu.
- Produktuen bizitza luzatzen duten lanbideei duintasuna eman. Zapatariek, txatarreroek, traperoek... egiten duten lana birbaloratu, azken finean haiei esker segitzen duelako gurpilak giraka.
- Erreparazioa edo konponketa sustatu beharreko eskubide bat da, adibidez, zerbitzu horiei hobariak emanez. (...)
- «Hondakin gehiago = Negozio gehiago» efektua «Hondakin gehiago = Ekoizpen-kostu gehiago»-rengatik ordeztu behar da.
- Hondakinak biltzeko kanal eta zerbitzuetan inbertitzea. (...) Hondakin guztiak baliabide gisa berraztertu behar dira, hondakin elektronikoak itzultzeagatik kontsumitzaileei konpentsazio ekonomikoa emango dieten itzulera-sistemak ezarriz.
- Lehengai kritikoak berreskuratuko dituen planta handi batean gutxienez inbertitzea. (...)
- Metal horien berreskurapena zuzenean beste industria batzuetan erabiltzearen eskutik etor liteke. Industria horiek sustatu beharko lirateke – hala nola bateriak, eguzki-plakak edo produktu elektronikoak, energia-hornidurarako ezinbestekoak - .(...)
- Kalitatean oinarritutako produktuen gutxieneko berreskuratze-tasak ezartzea, eta ez kantitatean oinarritutakoak. Bereziki, tasa horiek metal kritiko eta estrategikoetarako berreskuratze-ratio espezifikoekin lotu beharko lirateke.
- Lehengai birziklatuen merkatu sendoa sortzea.
- Sinbiosi industriala eta udalerri-industriala sustatzea, enpresa edo hiri bateko hondakinak beste industria bateko lehengai izan daitezen ahalbidetuz. (...) Gaur egun, hondakinak katalogatuta eta kontrolatuta eduki behar diren elementutzat hartzen dira, sisteman berriro sartu beharreko baliabide gisa hartu beharrean.
- Enpresen arteko, hirien arteko eta eskualdeen arteko lankidetza estrategikoa da. Eskualde aliantzek elkarrekiko mendekotasunak sortzen dituzte, multzo osoa erresilienteagoa eta autosufizienteagoa eginez.
Konponbideak: 3.
Murriztu/deshazkundea
Funtsezko jardueren zerrenda bat sortu beharko da eta lehengai jakin batzuen erabileran beharrezkoenak diren sektoreei lehentasuna eman beharko zaie
Goian deskribatutako guztia lortuko bagenu ere, lehengaiak faltako lirateke. Alde batetik, mineralen erauzketa-gailurrak gero eta hurbilago baitaude. Bestetik, berreskuratze- eta birziklatze-teknologiak hobetu arren, beti izaten direlako galerak (%100eko berreskuratzea ezinezkoa da).
Azkar hurbiltzen ari gara planetaren mugetara. Horrek esan nahi du ez dagoela beste erremediorik: kontsumoa nabarmen murriztea, deshazkundea eta eredu ekonomikoa errotik aldatzea. Horretarako, gure ustez garrantzitsuak izan daitezkeen neurri batzuk proposatzen ditugu jarraian:
- Gizartea prestatu behar da. Eredua aldatu behar dela eta aurrerapena eta hazkundea ez direla gauza bera barneratu eta komunikatu behar dugu.
- Baliabide urriengatik gehiago ordaindu behar da. Baliabide urriei lotutako zergak handitu behar dira. Zerga horiek, era berean, degradatu dena lehengoratzeko balio behar dute. Trukean, funtsezko zergak murriztea, adibidez, lana eta oinarrizko ondasunak. Gainera, zerga horiek progresiboak izan behar dute, xahutzea zigortuz.
- BPGa ez da aurrerapen adierazle ona, hazkunde soilarena baizik. Testuinguru fisikotik erabat bereizita dagoen adierazle ekonomiko hau aldatu egin behar da. (...)
- Zerbitizazioa sustatzea. Ondasun-ekoizleek zerbitzua saldu beharko lukete, ez produktua bera. Horrela, fabrikatzaileak produktu osoaren bizi-zikloaz arduratuko dira, eta produktu horiek sendoak, konpongarriak, erraz desmuntatzeko modukoak eta birziklagarriak direla ziurtatuko dute.
- Erabilera partekatua sustatzea. Garraioan, lanean, etxebizitzetako erabilera komunetan – Erabilera partekatuko azpiegituretan inbertitzea. (...)
- Lehengai kantitate handiak behar dituzten inbertsioetan lehenesteko mailak ezartzea. Adibidez, energia berriztagarriak beharrezkoak dira eta lehengai asko behar dituzte. (...) Une batean funtsezko jardueren zerrenda bat sortu beharko da eta lehengai jakin batzuen erabileran beharrezkoenak diren sektoreei lehentasuna eman beharko zaie.
- Deshazkunde etapa batean, funtsezkoa izango da aberastasuna behar bezala birbanatzea, gizarte-ordenari eutsi ahal izateko. Adibidez, kualifikazio txikia eskatzen duten enpleguak sustatuko dira, hala nola aurrez aipatu diren konponketa- eta birziklatze-industrietan beharko liratekeenak.
- Unibertsitateek eta Lanbide Heziketako eskolek iraunkortasunarekin lotutako gaiak irakats ditzaten sustatzea. Gutxienez derrigorrezko ikasgai orokor bat egotea, klima-larrialdia, baliabideen eskasia eta berdintasuna eta gizarte-justizia bezalako alderdiak jorratuko dituena.
Oharrak
* Artikulu osoa hemen eskuragarri: https://www.elsaltodiario.com/habla-el-medio-rural/hacia-un-mejor-uso-de-los-recursos-minerales
Erreferentziak
IEA. (2021). The Role of Critical Minerals in Clean Energy Transitions – Analysis - IEA. IEA.
Mills, R. (2022). Copper: the most important metal we’re running short of. Retrieved from https://aheadoftheherd.com/copper-the-most-important-metal-were-running-short-of-richard-mills/
Naredo, J. M. (1987). La economía en evolución. Historia y perspectivas de características básicas del pensamiento económico. Madrid: Ediciones Siglo XXI.
Valero, Alicia, Valero, A., Calvo, G., & Ortego, A. (2018). Material bottlenecks in the future development of green technologies.
Renewable and Sustainable Energy Reviews. https://doi.org/10.1016/j.rser.2018.05.041
Valero, Antonio, & Valero, A. (2019). Pensando más allá del primer ciclo: economía espiral. In Economía Ciruclar-Espiral: Transición hacia un metabolismo económico cerrado (p. 343). Ecobook.