Oihana Lopetegi
Langileok gidaturiko trantsizio baterantz
Oihana Lopetegi LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduraduna
Azken hilabeteetako gertakariek trantsizio energetiko eta ekologikoaren eztabaida lehen lerroan jarri dute. Ukrainako gerrak burujabetza energetikoaren falta ez ezik energia iturri fosilekiko Europak eta, ondorioz, Euskal Herriak duen menpekotasuna azalarazi du eta zeharka energia iturri fosilen agortzea, Europa eta planeta osoa ispiluaren aurrean biluztuz. Azken urteetako udarik beroena ere pasa berri dugu, etorkizunean biziko dugun freskoena omen. Kontzientziak astintzeko hilabete trinkoak izan dira, aldaketen premia ageriago geratu den hilabeteak.
Inork gutxik jarriko du zalantzan aldaketen beharra. Gakoa beti bezala aldaketen norabidean egongo da, eta horretan sindikalismoak badu zer esana eta zer egina.
Zerk ekarri gaitu honaino?
Erantzuna argia da, kapitalismoak. Kapitalismoa sistema bidegabea da eta ez da jasangarria ez sozialki ezta ekologikoki ere: pobrezia areagotu du, prekarietatea hedatu, jendartean arrakalak eta zapalkuntzak sortu... dena aberastasuna esku gutxi batzuetan metatu ahal izateko. Gainera, jendartearen ongizatea mundu finitu bateko hazkunde etengabean oinarritzeak energia eta material fosilen agortzea ekarri du batetik, krisi ekologikoa bestetik. Krisi ekosozial betea da egun bizi duguna beraz.
Denok ardura eta erantzukizun bera dugu?
Badago joera bat ardura norbanakoon gain jartzekoa: “geure aukeren gainetik bizi gara, kontsumo eredua aldatu behar dugu...” eta hori, fokoa desbideratzea da, kapital handien edota instituzioen hainbat ordezkarik bilatzen eta bultzatzen duten diskurtsoa elikatzea.
Ardura desberdinak daude:
- Batetik, herrialdeen artean. Herrialde bakoitzaren aztarna ekologikoa desberdina delako, baita kutsatzen edota produzitzen duena eta historikoki izan duen bilakaera ere, agerikoa baita Mendebaldea deritzogun hori Hego globalaren pobretzearen eta ustiaketaren bizkar hazi dela. Gainera, klima larrialdiaren ondorio nagusienak ardura gutxien duten herrialdeek jasaten dituzte. Beraz, herrialde guztiei ezin diegu langa bera ezarri, eta, hemen, Euskal Herrian, ardura handia dugula gogora ekarri beharra daukagu. Munduko biztanleria guztiak Euskal Herritarrok bezala kontsumituko bagenu 3 planeta beharko genituzke bizirauteko.
- Kapitalak eta kapitalaren eta patronalaren interesen defentsan gobernatu duten instituzioetako ordezkariak, eta langileok bestetik. Politika konkretuek ekarri gaituzte hona, kapital handien mesederako ezarri dituzte legeak, eta, ondorioz, langileok izan gara kaltetu nagusiak, bai ondorio sozialei dagokienean eta baita ingurumenekoei dagokienean ere.
Edonola ere, norbanakook badugu geure erantzukizuna ere, eta horri ezin diogu uko egin: gure bizi ohiturak eta kontsumo eredua zalantzan jarri eta eraldatu ahal dugu, geure bizi maila zertan oinarritzen dugun aztertu dezakegu, eta, batez ere, eraldaketaren alde borrokatzeko erantzukizuna daukagu.
Nondik hasi? Eraldaketa sakonaren beharra
Munduak egin beharreko eraldaketa ez da egun batetik bestera egingo. Herriz herri egin beharreko prozesu bat izango da, urratsez urrats, langileon beharrak aintzat hartzen. Beraz, eraldaketa Euskal Herritik bertatik hasteko garaia iritsi zaigu, eta horretarako, burujabetza lortzeko bidea urratzen hastea ezinbestekoa izango da, energia burujabetza erdiesteko burujabetza politikoaren beharra izango dugulako.
Trantsizioa benetakoa izango den ala ez, nolakoa eta noren mesedera egingo den izango da datozen urteetako erronka nagusia
Dagoeneko denok ari gara trantsizioaz hitz egiten, eskuin zein ezkerreko alderdiak, enpresaburuak eta langileak. Trantsizio hori benetakoa izango den ala ez, nolakoa eta noren mesedera egingo den izango da datozen urteetako erronka nagusia. Guk argi dugu trantsizio hori langileon beharren araberakoa izan beharko dela, jendarte honen gehiengoaren interesen araberakoa. Modu planifikatuan egin behar den trantsizioa da proposatzen duguna, sektore publiko indartsu baten esku-hartzea izango duena, eta horretarako sektore estrategikoen publifikazioaz hitz egin beharko dugu.
Zeintzuk dira langileontzat beharrezkoak diren lanak edota enpleguak?
Kapitalismoak bere logikaren araberako enplegua sortu du, hazkunde etengabearen ameskerian oinarritu den logikaren araberakoa. Lurrak muga biofisikoak dituela aintzat hartu gabe jardun du makinaria guztiak martxan, urte luzez ekologismotik zein bestelako mugimendu sozialetatik aurreikusten eta ohartarazten zizkiguten ondorio larriak hurrengo belaunaldiei uzteko erreparorik gabe.
Horrela, langileria armak ekoizten, balio sozial errealik ez duten lanetan – finantzak, publizitatea, masa turismoa...- edota ekologikoki jasangarriak ez diren jardueretan aritu da lanean urte luzez, langileontzat beharrezkoak ez diren enpleguetan. Gainera, bizitzarentzat ezinbestekoak diren beste hainbat lan eta enplegu baino hobe to ordaindu dituzte enplegu horiek, garbitzaileen, etxeko langileen edota zaintzaileen lana baino aitortza sozial eta ekonomiko handiagoa izanik. Finean, enpleguaren eta lanaren balioa irizpide merkantilisten arabera ezarri da, bizitzarako beharrezkoak ditugun lanak gutxietsiz kasu gehienetan.
Baina, zeintzuk dira bada bizitzarentzat beharrezkoak diren lanak? Zerrenda oso luzea gera daiteke, baina aipatuko ditut batzuk: eredu publiko komunitario baten arabera antolatutako zaintza lanetan sortu daitezkeenak, berrerabilera sustatzeko sektoreak, ingurumenaren mantenua (basogintza esaterako) eta zaintza (eremu degradatuak), lehen sektorea, etxebizitzen birgaitzea.
Enplegua vs trantsizio energetiko eta ekologikoa?
Guk trantsizio horren parte izan nahi dugu, erabakien parte izan, langileok gidaturiko trantsizio bat nahi dugulako
Dikotomia hori ez da erreala. Benetakoa eta bidezkoa izango den trantsizioa bultzatzen badugu jarduera batzuk jaistearekin batera beste batzuk sortzeaz aritu beharko dugu, enplegua denon artean banatzeaz. LABek eskaintzen duen borroka langile bat bera ere babesik gabe utziko ez duen trantsizio baten aldekoa da eta horretarako irtenbide kolektiboak sustatu beharko ditugu: enpleguko jardunaldiaren murrizketa, erretiro aurreratua, etengabeko formakuntza, sektoreen eraldaketarako bideorri planifikatua, funts publiko eta solidarioak enplegua galdu dezaketen horiei bizi baldintzak bermatu ahal izateko beste enplegu bat izan bitartean etab.
LAB tinko mantenduko da enpleguaren defentsan, langileon bizi baldintzak duinak izan daitezen borrokatuko gara, trantsizioan ematen diren urrats bakoitzean langileon eskubideak defendatzen arituko gara.
Trantsizio energetiko/ekologikoa langileon mesedetan
Dagoeneko inork ez du zalantzan jartzen trantsizio energetiko eta ekologiko baten ezinbestekotasuna. Energia iturriak agortuko zaizkigulako, geure dependentzia energetikoa gero eta agerikoagoa delako edota larrialdi klimatikoa dagoeneko bizitzen ari garen fenomenoa delako. Goiz edo beranduago egin beharreko bidea dugu trantsizio hori, eta bi aukera besterik ez dauzkagu: eliteen mesedera eraikitako trantsizioa edo modu planifikatu batean, kontrol publiko eta sozialarekin eta langileon mesedetan egingo dena.
Guk trantsizio horren parte izan nahi dugu, erabakien parte izan, langileon beharrizanak aintzat hartzeko ezinbestekoa izango delako, langileok gidaturiko trantsizio bat nahi dugulako. Burujabetza energetikorantz egingo dugun bidean burujabetza politikoa nahitaezko baldintza izango dela uste dut, baina gaur eguneko eskumenetatik abiatuz, urratsez urrats bideari ekin behar diogu. Logika horretatik planteatzen ditugu Bidezko Trantsizio baterako Batzordeak, maila ezberdinetan (udalerrietan, eskualdeetan, enpresetan eta sektoreetan) egin beharreko plangintza estrategikoak langileen ordezkaritzarekin ere erabaki ahal izateko. Batzorde horiei ezarriko genizkiekeen egitekoen artean leudeke eraldaketaren planifikazioa, sektore estrategikoen jabetza edota desjabetze prozesuak bideratzeko eskumenak garatzea.
Eraldaketa, trantsizioa, egin egingo da. Eta LABek bere esku dagoen guztia egingo du bide hori langileon mesedetan egiteko eta prozesuan langile guztion eskubideak bermatuak izan daitezen.