Eric Toussaint, herri boteretzeaz

Herri boteretzeaz: hamar proposamen Grezian izan den kapitulazioa berriro gerta ez dadin

toussain ÉRIC TOUSSAINT zientzia Politikoetan doktorea Liejako eta Paris VIII Unibertsitateetan. Hirugarren Munduko Zorra Ezabatzearen aldeko Batzordeko bozeramailea da (Nazioarteko CADTM), eta ATTAC- Frantziako Zientzia Kontseiluko kidea. 2015ean Greziako Parlamentuko presidenteak (Zoe Konstantopoulou) Greziako Zorraren Auditoretzarako Nazioarteko Batzordeko zuzendari izendatu zuen.
 

Lehenbiziko proposamena.

– Ezkerreko Gobernuak aldez aurretik argi iragarri behar du Europako Batzordeak agindutakoa desobedituko duela. Gobernua izan nahi duen alderdiak edo alderdi koalizioak -eta, jakina, Espainiako Estatuko adibidean pentsatzen ari naiz- hasieratik ezetza eman behar dio Batzordeari eta oreka fiskala eusteari uko egingo diolako konpromisoa hartu behar du. Zera bota behar du, “oreka fiskala bermatzeko Europako itunek ezartzen duten behar hori ez dugu beteko”, neurri antisozialak eta austerizidak borrokatzeko eta trantsizio ekologikoari ekiteko gastu publikoa handitu nahi dugulako. Beraz, lehenbiziko puntua desobeditzeko asmoa argi eta irmo adieraztea da. Nire ustez, Greziako kapitulazioaren ostean, Europako Batzordeak eta beste gobernuek herri borondatea errespetatuko dutelako ilusio faltsuaren ideiarekin ez jarraitzeak berebiziko garrantzia du . Ilusio faltsu horri eustea desastre hutsa izango litzateke. Desobeditu egin behar da.

 

Bigarren puntua.

– Herri mobilizazioa deitzeko konpromisoa. Herri mailan eta Europa mailan. Honen falta ere egon zen iaz Grezian. Europako mugimendu sozialak ez ziren aritu egoerak eskatzen zuen moduan; Greziako herriaren elkartasuna erakusteko mobilizazioak egon, egon ziren, baina ez ziren nahiko indartsuak izan. Baina, era berean, egia da Syrizaren norabide estrategikoaren markoan ez zegoela Europa mailako herri mobilizaziorik deitzea, ezta Grezian bertan herri mobilizaziorik deitzea ere. Eta 2015eko uztailaren 5eko erreferendumaren bitartez mobilizaziora deitu zutenean, grekoen %61,5aren borondatea gerora ez errespetatzeko izan zen, grekoek hartzekodunen exijentziak betetzeari uko egin zioten eta.

 

Hirugarren puntua.

– Zorraren auditoretza antolatzeko konpromisoa, herriaren parte hartzeaz, eta, nik uste, hainbat herrialdetan auditoretza egitearekin batera, zorra ordaintzeari ere utzi behar zaio. Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeen egoerak ezberdinak dira. Hainbatetan ordaintzeari uztea premia-premiazko eta lehentasun osoko neurria da, hala nola Grezian, Portugalen, Espainian edota Txipren. Beste herrialde batzuetako kasua ere bada hau. Beste hainbatetan auditoretza egiten hasi eta, gerora, ordaintzeari uztera hel liteke. Neurri hauek guztiak urgentziazko egoera kontuan hartuta sustatu behar dira eta ez zorra ordaintzeak esan nahi duenagatik.

 

Syriza Protest 1 Greek Flag |  Athanasios Lazarou CC BY 2.0

 

Laugarren neurria.

– Kapitalen mugimenduen kontrola ezartzea. Eta kontuan hartu behar da honek zer esan nahi duen. Hau da, atzerriko bazkideei ehunka euro transferitzea herritarrei galaraziko zaielako ideiaren kontra egin behar da. Nazioarteko diru transakzioak, maila batera arte, egin litezke, jakina; kapital mugimenduen gaineko kontrola inplementatzeaz ari gara, kopuru zehatz batetik gorako transferentzietarako.

 

Bosgarren neurria.

– Finantza sektorea sozializatzea. Niretzat, finantza sektorea sozializatzea ez datza polo publiko bankario bat garatzean. Finantza sektorearen inguruan monopolio publikoa dekretatzean baizik, banku eta aseguruak barne hartuta. Finantza sektorea herritarren kontrolpean sozializatzea. Hau da, finantza sektorea zerbitzu publiko bihurtzea. Trantsizio ekologikoaren markoaren barruan, energia sektorearen sozializazioa ere lehentasunezko neurria da, noski. Ezin da trantsizio ekologikorik burutu, energia sektorearen monopolio publikorik ez badago, bai ekoizpen mailan, baita banaketa mailan ere.

 

Seigarren proposamena.

– Moneta osagarria sortzea, aldagarria izango ez dena. Eurotik irten ala eurozonan gelditu, edozelan, moneta osagarri eta ez aldagarria sortzea beharrezkoa da. Hau da, herrialde barruko trukeetarako eta hurbileko zirkuitoetan erabiltzeko balio lukeen moneta izango litzateke. Adibidez, jubilazio igoerak, funtzionario publikoen soldaten igoerak, zergak, zerbitzu publikoak eta abar ordaintzeko balioko luke. Euroaren eta Europako Banku Zentralaren diktaduratik hein batean irten ahal izateko eta diktadura hau samurtzeko erabil daiteke moneta osagarria. Jakina, eurozonatik irtetzearen inguruko eztabaida ezin da ekidin. Hainbat herrialdetan eurozonatik irtetzea alderdi eta klase sindikatuek defendatu behar duten aukera dela uste dut. Eurozonako zenbait herrialdek ezin diote austeritatearekin apurtzeari benetan ekin eta trantsizio ekosozialistari hasiera eman, ez baldin badira eurozonatik irtetzen. Eruozonatik irtenez gero, nire ustez, erreforma monetario birbanatzaileari ekin behar zaio. Zer esan nahi du honek? Pesetara itzuliz gero, esaterako, 200.000 euro garbi edo likidora arte, euro 1en truke 100 peseta izango direla ezartzea. Baina 200.000 eurotik gora (edo 100.000 eurotik gora izan liteke) 100 pesetaren trukea 1,5 euro izango dela. Maila altuago batean, euro 2 izango liratezke. Mailarik gorenetan, 500.000 eurotan kasu, 10 euro eman beharko liratezke 100 peseta jasotzeko. Honexeri deitzen zaio erreforma monetario birbanatzailea. Zirkulantea gutxitu eta etxeetako ondare garbia handitzen du honek. Argi dagoenez, honela jokatuz gero, %1 aberatsenaren ondare garbiaren zati bat deuseztatzen da. Ez ditut Euskal Herriko edo Estatu espainoleko datu zehatzak ezagutzen, baina jakin badakigu herritarren ia %50ek aurrezkirik ere ez daukala; herritarren %30ek, behekoek, zorrak dauzkate, ez daukate ondare garbirik. Euren ondarea hipotekatutako etxebizitza izan daiteke, baina herritarren gehiengo horrek ez dauka ondare positiborik.

 

Zazpigarren neurria.

– Fiskalitatea errotik erreformatzea, jakina. Oinarrizko produktuen gaineko BEZa ezabatu behar da: jakiak, argia eta ura, premia-premiazkoak diren bestelako zerbitzuak, adibidez. Hala ere, luxuzko produktuen eta kutsatzen duten produktuen gaineko BEZa handitu behar da, oinarrizko produktu eta zerbitzuetan izan ezik. Eta enpresa pribatuen irabazien gaineko zergak, zein maila batetik gorako irabazi eta diru sarreren gaineko zergak, handitu behar dira. Hau da, diru sarreren eta ondarearen gaineko fiskalitate progresiboa ezarri behar da.

 

alterecosoc hitzaldia 2

 

Zortzigarren neurria.

– Pribatizazioei buelta ematea. Pribatizatu diren enpresak berriro eros daitezke, euro sinboliko baten truke. Horrela, maila horretan, euroa erabiltzea sinpatikoa izan liteke guztiz: pribatizazioetaz aprobetxatu ziren horiei euro sinboliko bat ordainduta. Eta herritarren kontrolpean egongo liratezkeen zerbitzu publikoak indartu eta zabaldu behar dira.

 

Bederatzigarren neurria.

– Lan denbora laburtzea, soldatari eutsita. Lege antisozialak indargabetu eta hipoteken zorraren egoera konpontzeko legeak ezarri behar dira. Legeen bitartez egin liteke erraz asko, epaiketak saihestearren (izan ere, zor hipotekarioa dela eta, hainbat eta hainbat epaiketetan familiak bankuei aurre egiten ari dira). Parlamentuak, lege bidez, 150.000 eurotik beherako zor hipotekarioak deuseztatu ahal ditu, adibidez. Horrela, ez litzateke epaiketetara jo beharko.

 

Hamargarren neurria.

– Benetako prozesu konstitugileari ekitea. Kontua ez da konstituzioan aldaketak egitea egungo kongresuan edo gorteetan; baizik eta Parlamentua deuseztatu eta Asanblada konstitugilea osatzeko zuzeneko hauteskundeak deitzea. Nazionalitateen afera eta abarrak kontuan hartuta deitu behar dira, jakina. Baina kontua da benetako prozesu konstitugile bati ekitea, izan nazionalitateetan, izan Estatu mailan bere horretan. Eta hau Europa mailako beste prozesu kostitugile batzuekin zelan uztartu ahal den bilatu behar da.

 

 

Hauek dira, nire ustez, eztabaidatu behar diren oinarrizko hamar neurriak. Neurri hauek goi mailakoak dira, zeren eta, hasieratik neurri erradikalik iragartzen ez badugu, austeritate politikekin hausturarik ere ez dela egongo uste baitut. Ez dago austeritate politikak ezerezteko aukera handirik kapital handiaren aurka errotiko neurririk hartzen ez badugu. Hau saihestu ahal dela uste duten horiek haizeburu hutsak dira, benetan eta zehazki gauzatu ezin diren formulak saldu baino ez dute egiten. Europaren maila, Europaren arkitektura den modukoa izanda, kapitalismoaren krisia hain da handia, ezen ez baitago benetan toki gehiagorik politika neokeynesiano produktibistak aplikatzeko. Niretzat, ekosozialismoa ez da astebururako diskurtsoa. Eguneroko diskurtsoa da; berehalako proposamenak hortik sortu behar dira gerora zehaztu ahal izateko. Eta austeritatearen kontrako borroka osagarritzea eta trantsizio eta bide ekosozialistari ekitea berehalako premia daukagu erabat.

Eric Toussaint, herri boteretzeaz
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago