Etxebizitza problematikaren ondorioak

Etxebizitza: hitz potoloetatik bizipenetara

TALAIA honetan etxebizitza eskubideaz eta problematikaz aritu gara. Etxebizitzarena langile jendeak pairatzen duen problematika zabala da, eta kasu honetan ere, zapalkuntza ardatz ezberdinen gurutzaketak hori sakondu egiten du. Lanaren eta enpleguaren eremuan emakumeen*, migratuen edota gazteen prekarizazio egoera handiagoa den bezala, etxebizitza problematikaren ondorioak ere sakonagoak dira kolektibo horietan.

Angel, Santurtzin alokairuan bizi den pentsioduna

 

Soledad, duela 3 urte Perutik Bilbora etorritako emakume* migratua

 


Irune, sektore feminizatu bateko emakume* langilea

 

Xabi, Donostiako gizarte langile gaztea

Etxebizitza problematikari buruz hitz potoloak erabiliz aritu gaitezke, baina langileon bizitzetan eragin konkretu eta espezifikoak ditu. Ertz hauek ezagutzeko helburuarekin Irune, Xabi, Angel eta Soledadi elkarrizketa laburrak egin dizkiegu: Irune sektore feminizatu bateko emakume* langilea dugu, Xabi gizarte langilea den 29 urteko gazte Donostiarra da, Angel Santurtzin alokairuan bizi den pentsioduna eta Soledad duela 3 urte Perútik Bilbora etorritako emakume* migratua.


Erreportaje honetan pertsona horiek etxebizitzaren problematika nola bizi duten ezagutu nahi izan dugu, jasaten dituzten zapalkuntza espezifikoak aintzat hartuta eta bizipenetan arreta jarrita. Era berean, euren ustez arazo horri aurre egiteko garrantzitsuak edo lehentasunezkoak diren neurriak ezagutu nahi izan ditugu.


Prekarizazioa areagotzen duten zapalkuntzek etxebizitza duin baterako sarbidea are gehiago zailtzen dute
Lan eremuko prekarizazioak etxebizitza bat eskuratzeko oztopo handiagoak dakartza. Emakumeen* kasuan, esate baterako, soldata arrakala (%25ekoa), behin-behinekotasun tasa handiagoa (%27,6a gizonezkoen %19,4aren aurrean) eta baita ere partzialtasun-tasa handiagoa (%25,6ra iristen da emakume* landunen kasuan, eta lanaldi partzialean lan egiten dutenen %78a emakumeak* dira) etxebizitza duin bat eskuratzeko oztopo izan daitezke. Irunek sektore feminizatu eta prekarizatu batean egiten du lan eta horrela azaltzen digu: «Eskola publiko bateko jantokian lan egiten dut azpikontratatuta. Oso lan prekarioa da; izan ere, nik aldizkako lan-kontratu finko eta partziala daukat (fijo discontinuo esaten zaiona). Bederatzi hilabetez zortzi ordu eta erdi egiten ditut lan astean eta gero hiru hilabete langabeziara noa; horrela ikasturtean zehar lanaldi partzial bati dagokion soldata jasotzen dut eta udan, aldiz, langabezi prestazioa baino ez dut jasotzen. Horiek dira nire diru sarrera bakarrak eta ezinezkoa zait merkatu pribatuan etxebizitza bat eskuratzea. Horregatik jo behar izan dut Alokabidera pisua lortzeko».


Gazteen kasuan ere enpleguaren eremuan prekarietatea da nagusi. 2019 urtean 25 eta 34 urte arteko gazteen soldata bataz besteko soldatarekin alderatuta 6.000 euro txikiagoa zen, eta 35 urtetik beherako gazteen ia erdiari eragiten die behin-behinekotasunak. Horrek etxebizitzarako sarbidea nabarmen zailtzen du Xabik kontatu digun bezala: «Gaur egun bizitzeko baimenik ez duen etxebizitza batean bizi naiz, azkenean eskubide batzuk baztertu behar izan ditut Donostiako egoera benetan larria delako; gela xume bat alokatzeak 400€ inguru balio duelako Donostialdean. Eta hori gutxi balitz, kasu gehienetan ez dizute ez kontraturik ezta erroldarik egiten, “Gaztelagun” bezalako alokairurako dirulaguntzak jasotzeko eskubidea galtzen dugularik horrela».


Xabik aipatu bezala, prekarietateak sarri etxebizitzari berari loturiko hainbat eskubideri uko egitera eramaten ditu hainbat pertsona. Etxebizitzaren eta honi loturiko eskubideen merkantilizazioa gordinki bizi dute pertsona migratuek. Etxebizitza, eta espezifikoki errolda, beste hainbat eskubidetarako sarbidea izateko gakoa da, baina egun negozio hutsa da hau ere Soledadek kontatu digun bezala: «Pertsona migratu askok, nik bezala, arazo larri bat aurkitu dugu etxebizitzari dagokionez. Kontratua eta errolda ezinbesteko dokumentuak dira, baina negozio hutsa direla ikusi dugu. Logela baten bila nengoela, prezio bat jartzen zidaten kontratu eta errolda aukerarik gabe. Horiek eskatzen nituenean, oso beharrezkoak nituelako, hemen bizi izana frogatu eta egoera erregularizatzeko, hainbat tramitetarako edota bestelako eskubide eta laguntza eduki ahal izateko, prezio bat jartzen zioten. Etxebizitza kontratu batek eta erroldak prezio bat zeukaten etxebizitza bera gabe ere; horrela agerian geratzen da negozio hutsa dela. Honen aurrean, gobernuek beste alde batera begiratzen dute eta ez dute ezer egiten».


Etxebizitza duinaz aritzeko lau hormaz harago bestelako hainbat gastu ere izan behar ditugu kontuan (argia, ura, gasa...). Bizitzaren garestitzeak ondorio ekonomikoak izateaz gain pertsonen ongizatean ere eragiten du, Angelek adierazi bezala: «Nire pentsioa 795 eurokoa da, eta diru sarrera horrekin egunez egun konpontzea ez da erraza. Beti agertzen dira gastu berriak, eta horrek beti kezkatuta egotea dakar. Psikologikoki kezka iraunkorra da, etengabe pentsatzen egoteak zer eta nola erabiliko dudan, elikadurari loturik hau bai baina bestea ezin dut... derrigorrean konpontzen zara baina ez da erraza». Azken hilabetean pentsiodunen mugimenduak salatu du KPIaren igoera eta horri loturiko eros-ahalmenaren galera, eta nola horrek prekarietatean sakontzen duen bizitzaren garestitzearen aurrean.


Pertsonen beharrei erantzuteko etxebizitza politikaren norabidea aldatzea aldarri, negozioari muga jarri eta eremu publikoaren papera indartuz
Elkarrizketaturiko kide guztiek etxebizitza politiken norabide aldaketan jarri dute arreta, eta gobernuei eta instituzio publikoei zuzendu diete interpelazioa. Xabik gazteei zuzendutako etxebizitza politikaren muina diren diru-laguntzen eredua ez nahikotzat jotzen du, esaterako. «Egun Eusko Jaurlaritzak ulertzen du gazteontzako 250 euroko diru-laguntzarekin eskubide hori bermatzen dela, baina errealitatea da Donostian diru horrekin ez duzula ezta trastero triste bat alokatzerik». Gainera, hainbat etxebizitza eragilek eta sindikatuk salatu duten bezala, diru laguntza horiek zuzenean etxe jabeen poltsikoetara doaz, egungo etxebizitza merkatuan inongo aldaketa sakonik eragin gabe.


Etxebizitza duin eta eskuragarri bat bermatzeko ardura bere gain hartzea beharrezko ikusten dute guztiek, Irunek adierazi bezala: «EAEko Etxebizitza Legeak dio etxebizitza eskubide subjektiboa dela, baina hori paper errea baino ez da. Nire ustez, gobernuak bermatu beharko luke, legeak esaten duen moduan, etxebizitza duin bat pertsona guztiontzat». Xabik uste du etxebizitza merkatuan eragin zuzena duten neurriak hartu beharko zirela: «Premiazkoa iruditzen zait, neurri zuzenak lehenbailehen aplikatzea etxebizitza merkatuan, hala nola, alokairu sozialak sustatzea merkatuan nagusi den klasismoarekin bukatzeko, edo etxebizitza parke publikoan egiten den inbertsioa handitzea».


Irunek ere, aintzat harturik Alokabidera jo behar izan zuela etxebizitza eskuratzeko honakoa aipatzen du: «pisu sozial gehiago eduki beharko lukete eta horien alokairuaren prezioa bakoitzaren soldataren arabera izan beharko litzake». 2019an Hego Euskal Herrian etxebizitza babestua alokairuan eskuratzeko 64.592 eskari egon ziren eta 1.049ri baino ez zitzaien erantzun (%1,62a). Horretaz gain, «pisu pribatuen alokairuaren prezioa kontrolatu beharko litzatekeela» uste du Irunek espekulazioa galarazteko.
Soledadek ere gobernuen parte hartze aktiboa galdegiten du problematika honi aurre egiteko, baita ere erroldarekin eta etxebizitza kontratuekin egiten den negozioaren aurrean: «pertsona migratu bezala gobernuei exijitzen diet presente egon daitezela modu iraunkorrean eta interbenitu dezatela egoera zaurgarrienean gaudenoi eragiten diguten abusu horien aurrean, eta ez dezatela beste alde batera begiratu, egun egiten duten bezala». Gainera, arazo honi aurre egiteko egun badituzten baliabideak erabiltzea beharrezkoa dela uste du: «Bilboko udaletxeak eraikinak ditu abandonaturik, eta zein beharrezkoak diren etxebizitza horiek, etxebizitza beharra duten pertsonen artean banatzeko; etxebizitza eskubide bat delako».


Angelek aurrekoekin bat egin eta harago doan aldarrikapen bat ere gehitzen du. Egoera zaurgarrienean dauden pertsonak pobreziatik ateratzeko eta ondo bizitzeko neurriak hartu behar dituztela gobernuek, menpekotasun egoerak ez betikotzeko. Hor kokatzen du pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapen nagusia, 1.080 euroko gutxieneko pentsioarena. «Horregatik esaten dugu beti, lanpostu duina, soldata duina, pentsio duina, bizitza duina».

Etxebizitza problematikaren ondorioak
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago