Izaskun Garcia

«Sindikatua langileentzako tresna eraginkorra izateko helburuari erantzuten dio sindikalizazio estrategiak»

LAB sindikatuko antolaketa arduraduna da Izaskun Garcia

Azken urteetan sindikalizazio estrategia garatu beharraz aritu da LAB. Zer esan nahi da kontzeptu hori erabiltzen denean? Zein litzateke estrategia horrekin bilatzen dena? Zein da helburua?

LABek bere kontrabotezko eredu sindikala garatzeko, ezinbestekoak ditu elkar osagarritu eta elikatzen diren bi jarduera: ekintza soziosindikala eta sindikalizazioa.

Ekintza soziosindikala langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, borrokatzeko, modu kolektiboan garatzen dugun jarduera da. Lan zentroetan nahiz auzo eta herrietan garatzen duguna.

Sindikalizazioak, berriz, langileekin zuzeneko hartu emanak landu eta pedagogia eginez, langileak politizatu eta antolatzea bilatzen du. Langileak boteretzea eta subjektu aktibo bilakatzea dugu helburu, borrokarako eta eragiteko gaitasuna biderkatuz. Sindikatu bezala sindikalizazio estrategia integral, iraunkor eta eraginkor bat definitua izatea, eta gure komunitatea osatzen duten kide guztiek, nork bere funtziotik, estrategia horren logikan aritzea funtsezkoa da.

Estrategia iraunkorraz ari gara, ekintza soziosindikala bezala sindikalizazioa gure eguneroko jardunaren parte izan behar duelako. Bestetik, estrategia integrala izateak badakar eragin eremu eta egiteko anitz aintzat hartzea.

Sindikalizazioaz hitz egitean gure proiektu sindikala hedatzeaz ari gara, LAB geroz eta langile gehiagorentzat erreferentziazko sindikatua bilakatzeaz, eurentzako bitarteko eraginkor bat bilakatzeaz. Horretarako lantokietan langileen afiliazioa sustatzearekin batera, ordezkari sindikal gorputz sendo eta zabal bat izatea da erronka, egun ordezkaritza sindikala dugun lan zentroetan gure ordezkaritza handituz, eta ordezkaritzarik ez dugun lan zentroetan hauteskunde sindikalak sustatuz.

Sindikalizazioaz hitz egitean gure proiektu sindikala hedatzeaz ari gara

Proiektuaren hedapenarekin batera, langileen harrera eta antolakuntza sindikalizazio estrategiaren gakoak dira era berean. Guregana arrazoi ezberdinengatik jotzen duten langileei ze harrera egin, beraien beharrekin konektatu, horiek entzun eta erantzun, baina, bide berean, sindikatuarekin lotura eta hartu emana eraiki. Azken batean, langile horiek sindikatuko militante bilakatzeak gure egiteko nagusia izan behar du. Baita gurekin bat egin duten langileak ahaldundu eta, elikatze politiko-sindikalerako nahiz sindikatuaren barne bizitzaren parte izan daitezen, antolakuntza espazio eta formula kolektiboak eskaintzeak ere.

Sindikalizazioa lantzeak, bestetik, langileekin etengabeko pedagogia sindikala egitea eskatzen du. Langileengana goazenean, nahiz gurera datozen langileekin, gure proiektu politiko-sindikalaren gaineko pedagogia egin beharko dugu. Horretarako zer transmititu nahi dugun eta nola transmititu nahi dugun argi izatea ezinbestekoa da.

 

Gure proiektu sindikala hedatzen jarraitzea lehentasuntzat jo du sindikatuak. Haztea bere horretan da helburua? Zertarako eta nola hazi? Eta, horri begira, ze paper jokatzen dute hauteskunde sindikalek zein afiliazioaren lanketak?

Behin eta berriz aipatzen dugu gure proiektu sindikala hedatzen jarraitu behar dugula, LABek langile ororen etxea izateko anbizioa duela, ahalik eta langile gehienentzako erreferentziazko sindikatua bilakatu nahi dugula. Eta hori ez da ikuspegi korporatibotik egiten dugun apustua. Sindikatua zabaldu eta indartzeko apustuak gure interpelazio gaitasuna handitzeko zein borrokak sustatu eta akordioak erdiesteko aukerak biderkatzeko helburuari erantzuten dio. Argi dagoelako LAB indartsu dagoen lantoki edo sektoreetan borrokak sustatu eta lantzeko gaitasuna daukagula, eta horrekin emaitzak lortzen direla. Langile­entzako tresna eraginkorra izateko helburuari erantzuten dio azken finean hedapenak, guretzako sindikatua tresna delako, ez helburua bere horretan.

Sindikatuak izugarrizko hedapena izan du azken urteetan. Sindikatuaren 50. urteurrena ospatu dugun honetan, 50.000 afiliatuen langa gainditu dugu eta 5.000 ordezkari sindikal baino gehiago ditu sindikatuak. Parekorik ez duen hazkundea izan dugu. Etengabe hazten jarraitzen duen sindikatu bakarra gara.
Gainera pentsatzen dugu badugula oraindik hazten jarraitzeko beta. Hego Euskal Herrian, adibidez, 2023ko datuen arabera, ordezkaritza sindikala izateko eskubidea duten langileen % 47,83ak oraindik ez du ordezkaritzarik bere lan zentroan (6 langiletik gorako lan zentroetako langile kopurua aintzat hartuta).

Badago hauteskunde sindikal berriak sustatu eta zabaltzeko orube zabal bat, beraz. Bestetik, LABen ordezkaritza sindikala gehienbat lan zentro handietan metatzen da, non ordezkariak lortzeko bozka kopuru gehiago behar izaten den. Lan zentro txikietan LABen presentzia handitzea da erronka, horrenbestez.
Afiliazioan hazten jarraitzea ere egingarria da. LABek ordezkaritza duen lan zentro gehienetan, LABek hauteskundeetan jasotzen duen bozka kopurua duen afiliazioa baino handiagoa da. Hau, gure ordezkariek egiten duten lanagatik jasotzen duten aitortza gisa ulertu daiteke, baina baita langile horiek gurera gerturatu eta gure komunitatearen parte bilakatzeko aukera bezala ere. Bestetik, langileriaren definizioa eta iruditegia ikuspegi feminista nahiz antiarrazistatik zabaltzeak, sindikalizaziorako eta borrokarako zailtasun gehiago duten sektoreetan ekintza sindikal eredua birpentsatzeak, antolaketarako eredu berriak abian jartzeak, eta langile guztien sindikalizazioa errazteko gure afiliazio kuoten sistema egokitu izanak, afiliazioa lantzen jarraitzeko aukerak zabaltzen dizkigu.

 

Gehiago izan eta antolatutago egon. Horrela laburbildu daiteke sindikalizazio estrategiaren oinarria. Hedatzen ari den LABen komunitateak duen potentzialitatea askatzea da helburua. Zein erabaki berri planteatzen dira horretarako?

Gure komunitatearen potentzialitatea askatzeko beharrezkoa da komunitate hori osatzen dugunon (afiliatu, ordezkari, liberatu) arteko zuzeneko harremanak olioztatzea, elkar hausnartu eta erabakitzeko espazioak sistematizatzea, elkarrekin dugun indarraz jabetu eta barne kohesioa lantzea. Erakunde handiek izan ditzaketen arriskuak ere aintzat hartu eta hauek gainditzea da erronka; oinarriaren eta egituraren arteko arrakalak edo distantziak murriztuz eta delegazionismoaren ordez bakoitzaren ekarpenari lekua eginez. Denok osatzen dugu LAB, eta LABek denok behar gaitu.

Erakunde handiek izan ditzaketen arriskuak aintzat hartu eta horiek gainditzea da erronka

Hortaz, egitura (liberatu) eta ordezkarien arteko gutxieneko hartu emanak sistematizatu behar dira. Kurtsoan zehar elkarrekin egoteko momentuak plangintzatzeaz ari gara. Lasaitasunez lan zentroa nola dagoen aztertu eta ekintza sindikalaren ikuspegitik nahiz sindikalizazioaren ikuspegitik erronkak elkarrekin identifikatzeaz. Era berean, egitura eta ordezkariak modu kolektiboan biltzeko eskaintzak ere sistematizatuko ditugu. Sindikatuaren ildoak, gogoetak... jasotzeko eta horietan ekarpena egiteko aukera zabalduz.

Ordezkari sindikalek beraien lantokiko langileekin eta, zer esanik ez, afiliatuekin harremanak sendotzea ere ezinbestekoa da. Langile berriei harrera egitea (gure burua eta LAB aurkeztuz) eta langileekin zuzeneko hartu emanak lantzea funtsezkoa da.

 

Lantokian eta lantokitik kanpo antolatzeko proposamenak garatzen ari da sindikatua.

Lantokietan LABeko kidegoa antolatzeko hiru eskaintza aurreikusten ditu sindikatuak. Alde batetik, lantokietako sail sindikalak. Sail sindikalak lantoki edo lan zentro bateko LAB kideak (afiliatuak), modu iraunkor batean antolatzea ahalbideratzen diguten antolaketa eredua dira. Sail sindikalen funtzioak dira, besteak beste, LABen komunitatea sendotzea eta LABen posizioetan kohesionatzea, gure lerroa enpresan txertatzea eta enpresako plangintzak eztabaidatu, onartu, garatu eta jarraipena egitearekin batera.

Bestetik, eremu edo sektoreko sail sindikalak ditugu. Horiek enpresa berdinean lan egin arren lan zentro ezberdinetan sakabanatuta eta isolatuta dauden afiliatuentzako, nahiz eremu edo sektore berean lan egiten duten enpresa ezberdinetako (etxeko langileak, riderrak...) LAB kideentzako antolakuntza eskaintza dira. Atomizatuak dauden langileen antolaketa erraztu eta ekintza sindikal bateratuta egitea ahalbidetzeko balio du antolaketa eredu horrek. Lantokietako sail sindikalek dituzten funtzio berdinak izan arren, horiek aurrera eramateko eta elkartzeko moduetan dago berezitasuna. Bilera fisikoak beharrezkoak izango badira ere, kasu horietan garrantzia berezia izango du afiliatuen sarea sortzeak, eta sarea elikatzeko formulak aztertu eta zehazteak: bisitak, email sareak edo whatsapp zein telegram kanalak...

Azkenik, elkargune sindikalak ditugu. Elkarguneak lan zentro berdinean, enpresa nagusiko nahiz lan zentro horretan lan egiten duten azpikontratetako edo enplegu zentro berezietako delegatu eta afiliatuak biltzeko guneak dira. Sistemak langileak bereizteko eta bakartzeko erabiltzen duen logika gainditzeko eta langileen arteko elkartasuna eta indar metaketa sustatzeko formula, azken batean. Gune horien funtzioak eremu bakoitzaren arteko elkar ezagutza eta bakoitzaren egoerekiko elkartasuna sustatzea eta LABen komunitatea sendotu eta guztiei eragiten dieten gaietan estrategia komunak adostu eta garatzea dira.
Lantokiaz harago, eta nagusiki sindikatuak garatu nahi duen ekintza sozialaren baitan, azken urteetan lantokia gainditu eta lurraldea (auzoa/herria) oinarri hartuta antolakuntza eskaintza ezberdinen aukeraz gogoetatzen joan gara. LABek sindikalismo soziala egitea zer den eta nola egin hausnartu du; borroka sindikalak nola jendarteratu (eragileekin eta zenbait zerbitzuren erabiltzaileekin elkarlana sustatuz), mugimendu sozialekin aliantzak zelan eta nondik landu eta, batez ere, egun langileen kezka iturri nagusia den eta bizitza duin baterako oztopo bilakatu den etxebizitzaren espekulazioari eta negozioari aurre egiteko ekintza soziosindikala garatzeko apustua egin du. Azken apustu horren norabidean, gure afiliatuek etxebizitzarekin izan dezaketen problematikari modu kolektiboan heltzeko eta borrokatzeko “Abiatu” etxebizitza asanbladak sortzen ari gara zenbait eskualdeetan.

 

Militantziarekin lantzen ari zareten txostenean, pedagogia sindikala egin beharraz ere hitz egiten da. Zer esan nahi da horrekin?

Gure kidegoak bere egunerokoan langileekin lan egiten duenean pedagogia sindikala egiten ari da. Langileengana hurbiltzen garenean afiliatu daitezen, hauteskundeetan zerrendetan joan daitezen, gu bozkatzera langileak animatzen ditugunean edo lan zentroan batzarretan borrokaren beharra eta garrantzia azpimarratzen dugunean... pedagogia sindikala egiten ari gara. Kontua da modu inkontzientean eta inprobisatuan egiten dugula nolabait, zeren gaineko pedagogia egin eta pedagogia hori egiteko moduen inguruan ariketa kolektibo partekaturik egin ez dugulako orain arte. Orain, beraz, pedagogia egiteko estrategian sakontzea dagokigu.

Sustraiak sendo dituen eta adarrak zabaltzen jarraitu nahi duen sindikatua gara

Langile klasea oso anitza da, eta aniztasun hori bera ematen da gurekin bat egiten duten langileen artean ere. Batetik, aniztasuna oinarri sindikalei dagokienez: sindikalismoarekin inongo harremanik ez duten horiengandik hasi eta sindikatuen berri izan bai, baina orain arte gurekin bat egiteko urratsik eman ez duten horienganaino. Eta, bestetik, oinarri politiko-ideologikoei dagokionez: independentista, sozialista, feminista eta antiarrazistak diren horiengandik hasi eta aipatutako zutabe ideologiko horietako batetik edo batzuetatik urrun dauden horienganaino. Aniztasuna ere sindikatura hurbiltzeko arrazoietan; momentu puntual batean, sindikatua zerbitzu bat jasotzeko, bitarteko soil moduan ikusten duten, edo sindikatua hori baino gehiago ere badela ulertzen dutenen artean.
Aniztasun hori ulertzen eta bakoitzak dakarren horrekin konektatzen jakin behar dugu, aniztasuna balio positibotzat hartu eta aukera gisa baliatzen. Abiapuntu ezberdin horiek aintzat hartuz gure eredu politiko-sindikalaren inguruko pedagogia egiteko aukera dugu, gure gorputz militantea zabaltzen joateko aukera. Sustraiak sendo eta adarrak zabaltzen jarraitu nahi duen sindikatua izan nahi badugu, gure ateak bizipen eta ikuspegi desberdinak dituzten langileei ireki behar dizkiegu, baina, era berean, ideologizazio lan sendo eta progresiboa bat eginda.

 

Eta nola egiten da hori?

Lan pedagogiko progresiboa izan behar du gureak. Gure harremanetan hasiera-hasieratik presente egon behar da “egiteko beste modu bat” dela gurea, ez garela ohiko sindikatu bat, izaera soziopolitikoa dugula. Eta ditugun elkarrizketetan osagai ideologikoak sartzen joan behar dugu, modu naturalean eta irekian, zurruntasunik eta dogmatismorik gabe. Gurekin bat egiten duten horiek joango dira sindikatua ezagutzen, informazioa jasotzen, interpretatzen eta integratzen. Gure egitura osoak interpretazio eta integrazio lan hori erraztu behar du.

Azaldu behar dugu zeintzuk diren gure balioak, zein bizipen eta ibilbidetik gatozen. Hartzailea zein den kontuan izanik egin beharko dugu pedagogia. Elkarrizketa iraunkor bat sortu behar dugu, zeinaren bidez gurekin bat egiten duten langileek gure egitasmoarekiko atxikimendu handiagoa garatuko duten eta, era berean, gure egitasmoa aberastuko duten.

Gure lan pedagogikoak programatutako baliabide espezifikoak izan behar baditu ere (material eta ikastaro espezifikoak, besteak beste), erakunde osoaren jarduera busti behar duen ariketa da. Aipatu bezala, harrera egiten duten kideek, hedapenean dabiltzanek eta, zer esanik ez, ekintza sindikalean aritzen direnek, denek egiten dute eta denei dagokie pedagogia sindikala egitea. Nor bere estilo propioaz arituko da, diskurtsoa norberaren esperientzietatik eraikiz eta hartzailearen arabera egokituz. Baina, era berean, pedagogia sindikala nola egiten dugun eta nola egin beharko genukeen partekatzeko gogoeta kolektiboa ere sustatu behar dugu egoitzetan: zerk funtzionatu duen, non ditugun zailtasunak, nola hobetu dezakegun...

Langileekin gaudenean, esaten eta egiten dugun horretan arreta jarri, modu kontzientean eta planifikatuan aritu, eta esperientziak zein jakintzak elkar partekatuz eta landuz pedagogia sindikala egiteko gure eredu propioa definitzen joan behar dugu.

Izaskun Garcia
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago