Komunitateari: Erresistentziak ereiten
Erresistentziak ereiten
LAB Sindikatuko Ekintza Sozialeko komunitatea
Egon daiteke pentsatu dezakeenik faxismoaz hitz egitea iraganeko kontua dela. Are gehiago, sindikatuon jardunetik at dagoen fenomenoa dela eta ez dagozkigun azterketa eta gogoetetan sartzen ari garela. Ez ditugu baieztapenok partekatzen.
Faxismoaren defendatzaileak ez dira autoritarismoaren aldeko joerak babesten dituzten kaskamotzak, edo ez bakarrik.
Oker geundeke filmetako prototipoen bila jo eta gurean kasik ikusten ez direnez, arriskuaz salbuetsita gaudela usteko bagenu, baita ere Euskal Herria berez antifaxista dela esan eta eskuin muturraren ordezkari politikoen babesa hutsaren hurrena dela esanda, eztabaida alboratu nahi bagenu.
Faxismoak beldurraren eta segurtasun ezaren aurrean erantzun errazak eskaintzen ditu, joera indibidualak eta autoritarioak sustatuz. Eta marko ideologiko eta politiko hori etengabe ureztatzen dute botere politiko, mediatiko eta enpresarialek. Segidan hainbat adibide:
Espainiako patronalaren lehendakaria den Garamendi jaunak, duela ez horrenbeste adierazi du langileoi soldata osoa ordaindu eta gerora kotizazioak zuzenean guk egitea litzatekeela egokiena. Hilabete batzuk lehenago, ostalaritzan eta prekarizatutako hainbat sektoretan dagoen eskulan faltaz kezkaturik, migrazio legeak nahieran moldatzeko eskakizuna egin zuen Confebask-ek.
Biak ala biak eskuin muturraren zutabe diren aldarriak dira. Lehena, gehiegizko zergak ordaintzen ditugula modu iruzurtian argudiatuz langileok sektore publikoaren aurka lerratzeko trikimailua da, aberatsen pribilegioak mantentzeko. Ikuskera horren arabera, arazoa ez da soldatapeko lanarekin patronala aberastu egiten dela, lan merkatua geroz eta prekarizatuago dagoela edota lan eskubideak murrizten ari direla. Arazoa, kontrara, zerga gehiegi ordaintzen dugula da, eta langile eta estatuaren artean gatazka elikatuz, enpresaren erantzukizuna ezkutatu nahi dute. Inozokeriatik gutxi dute Garamendiren hitzok, horrenbestez.
Bide berean, Confebask-etik jaso ditugun proposamenek azken aurrekoaren eta azkenaren arteko lehia areagotu nahi dute, beste behin, klase gatazka desagerrarazi eta oihaneko legearen alde eginda. Patronalaren ustetan bertakoek nahi ez dituzten lanpostuak kanpokoei eskaini beharra dago, eremu horietako lan baldintzak hobetu beharrean, baldintza okerragoak onartzeko beste aukerarik ez duten langileak nahi dituztelako. Makurra da eraikitzen den errelatoa: migrazioa soilik patronalaren interesen arabera baimendu eta, gainera, lan eskuaren balioa debaluatzearen errudunak atzerritik etorritako langileak dira.
Ez dira adibide bakarrak, noski. Urte hasieran ikusi ditugu lehen sektoreko lan baldintza kaskarren eta elikagaiekin dagoen espekulazio eta negozioak eraginda, sektorea eskuin muturreko parametroetara eramateko saiakerak. Ezaguna dugu ere larrialdi ekologiko betean kapitalak ihesbide zitala eskaintzen diola langileriari: lanpostuaren defentsaz mozorrotuta, klima larrialdia ukatu eta gazteagoak, kanpotik etorritakoak eta emakumeak* bazterrera bultzatzea.
"Enplegua nahi dugu, ez ideologiak” oihukatzen zuten duela gutxi borrokan ari den enpresa industrial bateko langileek. Ideologia ezaren doktrina da faxismoaren gorakadarako berme nagusietakoena.
Faxismoak, hamarkadetako neoliberalismoak kolpatutako jendarteetan forma berriak bilatu ditu. Joera autoritarioek indibidualizazio eta pobretze prozesuak dituzte ongarri. Zer esanik ez gerra hotsak biderkatzen ari diren garaiotan.
Klase sindikalismotik kontraboterea eraiki eta bataila kulturala ematea dagokigula uste dugu guk, kalean eta instituzioetan bezala lantokietan ere, eskuin muturreko diskurtsoei lekurik utzi gabe. Borroka materiala ere beharrezkoa dugu, langileen arteko arrakala, norgehiagoka eta diskriminazio orori aurre egiteko; enplegua, zaintza lanak eta aberastasunaren banaketaren aldeko ekintza soziosindikala garatuz. Interes unibertsalak erdigunean jarri, borroka zehatzetan alternatiba konkretuak proposatu eta bizi baldintzak bermatzeko estrategia eraginkorrak sustatu.