Komunitateari: Dugun boterea antola dezagun
Dugun boterea antolatu dezagun
LAB Sindikatuko Ekintza Sozialeko komunitatea
Abiadura azkarrean aldatuz doa bizi garen jendartea eta zaila suertatzen zaigu askotan begirada altxatzea. Harreman sozialek, zaintza behar eta ezinek, bete gabeko desirek eta eskubide materialen ukapenek ardazten dute gure egunerokotasuna. Horrela, bizitzeko modu bat sortzen dugu eta digute, biziraupen material soila bermatzea lehentasun bakar gisa jarrita.
Hala ere, egunero mundu hobe baten aldeko borrokan engaiatutakoen aldetik ere oraindik nekeza egiten zaigu sindikalismoaren balioaz ohartzea. Nork bere ekarpena egiteko hamaika leku izanik, sindikalismoa egoera zehatzetan soilik egin beharreko interbentzioetara mugatzeko ulerkera da ohikoa, sarri berau despolitizatuz eta langile indibidualek patronalaren gehiegikeriak orekatzeko bitarteko huts bezala ulertuz.
LABek bere sorreratik bestelako pultsio bati erantzun nahi izan dio. Statu quo-a errotik eraldatzeko bokazioz, lantokietan antolatu eta patronalari aberastasunaren banaketa lehiatu bai, baina joko arauak aldatzeko borroka ere izan da gurea hastapenetatik. Gure nortasun ikur bihurtu dugu hori, eta horrela garatu dugu sindikalismo borrokalaria: gure Herriaren askatasun grina elikatu eta sustatzeko ekinaldia, langile klasearen interesen defentsan oinarritua– langile bakar bati zor dizkiotenak erreklamatzeko borrokatik, egiturazko aldaketen borroketaraino- bizitza eta kapitalaren arteko gatazkan, lehena erdigunean jartzeko politika eta antolakuntza moduetan sakondu dugu.
Garai bakoitzean eskura izan ditugun erreminta eta moduak erabiltzen ikasi dugu horrela (baita inposatzen zitzaigun joko zelaiaren mugak zeintzuk ziren ondo ikasi ere). Aldian-aldian berriztu beharreko hitzarmenen negoziazio alditik kanpo, lan baldintzak hobetzeko borrokaldiak egin izan ditugu, negoziazio kolektiboaren ulerkera zabalduz eta berau edukiz betez. Aberastasuna lehiatzeko neurriez gain, zaintza lanen aitortza eta banaketarako, hizkuntzaren defentsarako, larrialdi ekologikoari gure arduratik heltzeko... proposamenekin osatzen ditugu gure negoziazio aldarriak, besteak beste.
Jakin badakigu lantokian gertatzen dena ezin dela gure bizitzako gainontzeko esparruetatik bereizi. Horregatik, sindikalismoa lantokietatik atera eta gatazka soziala gertatzen den esparruetara eramateko apustua izan da gurea. Negoziaketa kolektiboa ukatuta duten sektoreak antolatzeko prozesuei heldu diegu, politizatu gabeko esparruetan ideologizazio lana egin dugu eta borroka eremu berriak antolatu ditugu.
Hala ere, askotan errepikatzen dugu faltan ditugula tresnak eta mugatuta ditugula gaitasunak gure agitazio eta antolakuntza modu eraginkorragoan egiteko. Jakin badakigulako arrazoia izatea ez dela aski, horrez gain lankideak konbentzitu, haien gogoekin bat egin eta zerbait egiteko prestutasuna pizteko motibazioak identifikatzea ere ezinbestekoa dela.
Bada LABek, mende erdiko urteurren honetan, helburu hori jarri dio bere buruari. Gero eta gehiago gara eta hedatzen jarraitu nahi dugu, baina, batez ere, gero eta antolatuago egon nahi dugu. Horretarako gure sindikalizazio estrategia sistematizatzen eta aberasten ari gara, lehen harremanak nola antolatu birpentsatzen eta egin beharreko pedagogia sindikala zein izan behar den zehazten. Datorrenari aurre egin eta sakoneko eraldaketak bultzatu nahi dituen komunitatea da gurea eta antolaketa moduaketan fintzea urrats ezinbestekoa da norabide horretan. Dugun boterea antolatu dezagun!