Urtzi Ostolozaga Arrien

Sindikalgintza oldarraldi neoliberalen aurrean: lubakietan eutsi, eredu berrietara jauzi

talaia07 urtzi ostolozagaUrtzi Ostolozaga Arrien (Laukiz, 1982) LABeko Ekintza Sozialeko egiturako kidea da. Azken urteetan, funtzio hau betetzeak Nazio Batuen Erakundean Tratatu Loteslea negoziatzera, Herrien Epaitegian parte hartzera zein tratatuen aurkako nazioarteko kanpainan aritzera eraman du.
 
Kapitalak bere burua berrasmatzen jakin du aberastasuna metatzen jarraitzeko. Ezaguna dugun formulan sakondu du; ekosistema, pertsonen eskubide eta gaitasunak, baita bizitza bera ere arriskuan jarri dituzte beraien mugarik ez duen kapitalaren gehitzearen alde. Bizi izan dugun desberdintasun eta autoritarismo egoera basatiena bizitzen ari gara, eta hau lortzeko, beldurraz eta jendartearen shock egoeraz baliatu dira.
 

Banka erreskatatu dute, zor pribatua publiko bihurtu, oinarrizko zerbitzu publikoak pribatizatu eta negozio bihurtu, negoziazio kolektiboa ezerezera eraman, prestazio sozialak desagerrarazi, desplazamendu derrigortuak eragin, etxe-kaleratzeak burutzeko legedia asmatu…

 

Krisi garaiak, denboran gero eta gertuago izango dira eta ahots askoren arabera hurrengoa gainean daukagu. Beraz, egoera oso larria izanda, oraindik ez dugu guztia ikusi: okerrera egingo dugu aurre egiteko gai ez bagara.

 

“txt”

XXI. mendeko kapitalismo heteropatriarkalaren agertoki berri honetan merkataritza eta inbertsio askeko itunek zein estatuz gaindiko erakunde ekonomikoek protagonismo berezia hartu dute, botere ekonomiko eta politikoen birkonfigurazio berri bat bultzatuz. Langile borrokaz lorturiko ongizate estatuak kapitalaren metaketari jartzen zizkion muga apurrak deuseztatzeari ekin diote gure bizitzako arlo guztiak (osasuna, hezkuntza, ura, elikagaiak…) merkantilizatuz, baita borrokaren bidez lortutako eskubideak suntsituz.

 

Guzti honek pobrezia eta prekarietatea hedatzea ekarri du, gero eta kanporaketa prozesu nabarmenagoak. Nazioarteko migrazio mugimendu masiboak ditugu batetik, baina baita gurean ezkutuan ematen ari direnak ere, kanporaketa geografikoekin baino, kanporaketa sozialarekin erlazionatuagoak daudenak.

 

Lan mundua ez da erasoaldi honetan irla bat izan. Prozesua aspalditik dator, espainiar zein frantziar estatua Europar Batasunean sartzeak industrian, lehen sektorean etab. ekarritako egiturazko aldaketetatik hasi, lan legedien beheranzko harmonizazioekin jarraitu eta austeritate politiken aplikaziora arte. Gainera, gure herriaren eredu produktibo (eta erreproduktiboa) ez da hemen erabakitzen; posizio subalterno bat egotzi digute Europa mailan non Euskal Herriak, eta Europako hegoaldeak oro har, iparraldearekiko dependentzia osoa duen. Elementu horiek direla medio, gure herriaren burujabetza garatzeko tresnarik gabe geratzen ari gara, interes korporatibo espekulatibo batzuen eskuetan.

 

“Gure herriaren burujabetza garatzeko tresnarik gabe geratzen ari gara, interes korporatibo espekulatibo batzuen eskuetan”

Desarautzez mozorrotutako arauketa berria gailentzen ari da, patronalari mugak ezabatuz eta lan harremanen eredu berri bat inposatuz. Erreformaz erreforma, patronala ahalguztidun bihurtzen ari dira, agintari publikoak euren mesedetara daude eta langileok eta sindikalgintza gure eskubideen defentsa egiteko inolako tresna gabe uzten ari dira. Kapitalaren morroi zintzo den espainiar estatuak, euskal instituzio eta patronalaren laguntzarekin, berehala aplikatu ditu errezeta berriak: lanaldiaren eta kaleratzeen “malgutasuna”, negoziazio kolektiboa erasotzea, kaleratzea merkatzea, gazteentzako beren-beregi pentsatutako zabor-kontratuak… Frantziako presidente Macronek bide berbera segitzeko asmoa adierazi du. Desregulazio bidez arautzea eskala desberdinetan itzulpena duen estrategia da. Horren adibide da Lan Hitzarmenen estatalizazioa: bertako indar harremanen arabera baldintza duinagoekin negoziatutako hitzarmenak indargabetzean, estatuko hitzarmen malguagoetara joz, langileak ateratzen gara kaltetu.

 

Baina ez dira konformatu, ultraeskuinak, eta kasurik onenean, alderdi neoliberal berrituak sortu dituzte laborategi soziologiko maltzurretan, ezkutuan gordeta zegoen faxismoa azalaraziz. Jendarteari alternatiba bakar gisa aurkeztu dizkiete diseinuzko mugimendu faxista hauek beraien arazoei konponbidea emango dietenak balira bezala. Etsaia eta konpetentzia klase bereko sektoreetan ikustea lortu dute (migrantreak, langile prekarioenak, emakumeak, gaituak LGTB+ kolektiboa…) gorroto irrazionalaz, jendartean zatiketa sortu dute, horrela beraiek irabazten dute partida. Jendarteko baloreak aldatu dituzte, jendarte indibidualista eta politikan parte hartzen ez duena diseinatu eta hegemoniko bilakatu dute.

 

Kapitalismo heteropatriarkalaren fase honetan, botereak nazioarteko itun neoliberalen bidez, beraien nagusitasuna sendotu nahi dute, hauek, kapital finantzarioari eta multinazionalei berme juridikoa eskaintzen diete nahi bezala kontrolatzeko bai ekonomia, natur baliabideak, lan harremanak eta pertsonen bizitzak. Ez da egia erregulazio juridikoarekin amaitzen daudenik; erregulazio berri bat eraikitzen ari dira non herritarren ordezkaritzarako instituzioek haien botere apurra galduko duten. Beste modu batean esanda, errekurtso juridikoak nazioarteko kapitalak bere alde lerratu ditu. Pertsona guztiak zordun bilakatzen gara errentista eta espekulatzaileen aginduetara. Merkataritza libreko itunak inposatu nahi dizkigute komunitateen, pertsonen, langileon… burujabetzarekin bukatzeko.

 

“Desregulazio bidez arautzea eskala desberdinetan itzulpena duen estrategia da. Horren adibide da Lan Hitzarmenen estatalizazioa”

Bizitza duina eta kapitalaren arteko gerra horretan, LAB sindikatua bizitzaren alde lerratu gara. Alde batetik, gure praktika sindikala logika horretan garatuz, kapitalari mugak ezabatu eta eskubide sozio-laboralak deuseztatzen dituen eredua borrokatuz. Bere momentuan lan erreformak eta euren ondorioak irmoki salatu genituen, eta egun ondorioen kontrako borrokan buru-belarri ari gara. Dela negoziazio kolektiboa ahultzean blokeatutako hitzarmenen alde borrokatuz; dela estatalizazioari uko eginez; dela pribatizazioen eta murrizketen kontra mobilizatuz; dela klausula sozialak proposatuz; etab. luze bat.

 

Ez gara salatzera mugatu: proposatu eta aldarrikapen zehatzak mahai gainean jartzen ditugu. Berton lan egin eta bizi bagara, berton erabaki behar dugu, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru propioa behar dugu. Gure lurralde eta jendartearen araberako lan harreman eredua garatzeko, beharrezko zerbitzu publikoak berreskuratzeko zein estrategikoak direla uste dugun sektoreak garatzeko, lan produktibo eta erreproduktiboak demokratizatzeko, aberastasuna era justuan birbanatzeko,  elikadura burujabetza eta arrantzale eta baserritarren lan eta bizi baldintzak bermatzeko, kalitatezko uraren zein gainerako baliabide naturalen kudeaketa publiko eta gardena egiteko, fracking-a bezalako teknikak legez kanporatu eta energia burujabetzaren bidea hartzeko… Bertako eredua garatzea, erasoaldien aurrean blindatzeko modurik onena da.

 

“Bertako eredua garatzea, erasoaldien aurrean blindatzeko modurik onena da”

Bestetik, gure ekintza sozialean tratatuen uholdearen kontrako borrokari pisu handia eman diogu. Dagoeneko sortu diren giza eskubideen urraketak gelditu eta erreparatu behar dira, eta horretarako gehiengo sindikalarekin zein mugimendu sozialekin batera lan egitea guztiz beharrezkoa da, tokian tokiko aliantzak sortuz. Zentzu horretan, 2014ean nazioartean eta Euskal Herrian sortutako TTIP EZ! (gerora CETA EZ) kanpainan ibili gara EHESK-ren baitan. Borroka tratatuz tratatu antolatzeak zituen zailtasunez kontziente eta logika orokor baten baitan lan egiteko asmoz, Euskal Herriak Kapitalari PLANTO! kanpaina aurkeztu dugu eragile desberdinok duela gutxi Bilbon. Izan ere, bertako transnazionalen botere eta inpunitate horrekin bukatu behar da. Azkeneko lubakia, abuztu honetan daukagu G7arekin. Goi bilkura honek nazioarteko botere korporatiboaren beste katebegi bat osatzen du, erresistentziak eta alternatibak artikulatzeko momentua hain zuzen ere.

 

Sindikatuak mugimendu sozialekin egindako bideaz harago, sindikatuaren barnean ere ari gara botere korporatiboari mugak eta alternatibak jarri nahian. Bide horretan, klabea izango da transnazionaletan daukagun indar sindikala artikulatzea, formakuntzan sakontzea, estrategia sindikal konkretuak artikulatzea eta nazioarteko sindikatuekin aliantzak garatzea.

 

Eremu honetan ere bestelako eredu baten eraikuntzan proposamenak lantzen aritu gara, Alternatiben Herria delarik elkarlanean garatutako ekimenik esanguratsuena. Edonola ere, gure lan ildo gehienak  nolabait honekin lotuta daude, baliabide naturalen kontrol publikoa berreskuratzeko inguruko plataformak, esaterako.

 

“Gure ekintza sozialean tratatuen uholdearen kontrako borrokari pisu handia eman diogu”

Euskal Herritik harago ere, ur handitan murgildu gara. Horretarako, Nazio Batuen Erakundean eztabaidatzen eta negoziatzen ari den hitzarmen loteslea izan behar duen nazioarteko tratatua tresna juridiko egokia izan daitekeela pentsatuta, bere osaketa prozesuko bileretan behatzaile gara. Helburua loteslea izango den nazioarteko herrien tratatua osatzea eta gero herrialde bakoitzeko legebiltzarrek onartzea eta betetzea da. Enpresek, bizitzeko eskubidea, elkartzeko askatasuna, iritzi eta adierazpen askatasuna, sexu, identitate, jatorriengatik diskriminatua ez izateko eskubidea lanerako eta elikadurarako eskubidea ura izateko, bizileku egokia izateko osasunerako, hezkuntzarako, ingurumen osasuntsurako eta autodeterminaziorako eskubideak errespetatu beharko dituzte, eta erakunde publikoek errespetarazi beharko diete, bestela zigortuak izango direlarik tokiko edo Nazioarteko Auzitegiek epaituz.

 

Enpresa filialek, elkartasun erantzukizuna izan behar dute edozein giza eskubide urraketaren aurrean, baita beren hornitzaile, azpikontrata edo lizentziadunek ere. Enpresaburuek edo/eta enpresetako zuzendaritzek, erantzukizun zibil eta penalak izango dituzte. Beharrezkoak izango dira nazioarteko hitzarmen eta araudiekin batera Nazioarteko Auzitegiak osatzea ezer kanpo gera ez dadin herrialdeek konpetentziarik ez daukatelako.

 

Horrelako prozesu batek izan ditzakeen bertuteez gain, kontziente gara arrisku eta mehatxuez. Azken finean, horrelako hitzarmen baten garapena unean uneko botere korrelazioen emaitza da.

 

Jarduera ekonomikoen helburua, jendartearen beharrizanak betetzea izan behar da, norbere aberastasuna gehiengoaren pobretzearen kontura izan beharrean. Herriek eta herritarrok burujabetza berreskuratu behar dugu, gure erabakiak ondoren erakunde publikoek bermatuko dituztelarik. Demokrazia eza, naturaren suntsipena, lapurreta, desberdintasun gero eta sakonago eta txirotasunaren aurrean, bestelako nazioarteko harremanak aldarrikatzen ditugu. Herrien artean, beti existitu dira salerosketak eta inbertsioak, eta aurrerantzean ere izango dira, baina elkartasunean, justizian eta lankidetzan oinarritu beharko dira.

 

Bitartean, une honetan etorkinen kontrako eskubide urraketak aztertzen ari den Herrien Epaitegi Iraunkorrean parte hartzen ari gara. Are gehiago, azken saioa Bermeon burutu zen guk hala bultzatuta. Bestalde, parte hartzen dugun Ongi Etorri Errefuxiatuak dinamika edo nazioarteko Herrien Besarkada ere hemen koka ditzakegu, afera honen beste erpin bat lantzen baitute.

 

Multinazionalen interesak edo giza eskubideak, ez dago erdiko posiziorik, ez beste aukerarik: Herrien Europa sozialetik, kapitala hautsi eta bizitzari eutsi!

Urtzi Ostolozaga Arrien
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago