Edurne Larrañaga Celada

Proposamenak, bizitza duinaren bidean

edurne larranaga celada Edurne Larrañaga Celada (1982, Oiartzun) Zientzia Politikoetan lizentziatua da. Eremu desberdinetan aritu izan da, tartean ikasle eta hezkuntza mugimenduan. Aztiker ikergune soziologikoan aritu da, Parte Hartze dinamizatzaile gisa. Egun, LAB-eko Ekintza Sozialeko Antolaketa Idazkaria da.
 

Eskubide sozialen eremuan, eztabaida bizi-bizia ikusten ari gara. Langabeziaren hedapena, babes sozialean gertatutako murrizketak, etorkizunaren prekarizazioa edota esplotazioaren gogortzeak berpiztu dute irtenbideak aurkitzeko beharra. Bistan da egungo harreman soziopolitikoak errotik aldatzeko eta soldatapeko lanaren erregimena behin betiko gainditzeko, sakoneko estrategia behar dela, botere-harremanak eta politika ekonomikoa eta soziala irauliko badira. Norabide horretan, besteak beste, jendearen bizi-baldintzak hobetzen eta egungo eredua kuestionatzen lagunduko dituzten neurriak behar ditugu. Testuinguru honetan ez da harritzekoa eztabaida politikoan hamaika bat proposamen lehertzea, zaharrak eta berriak: oinarrizko errenta unibertsala, berdinen arteko oinarrizko errenta unibertsala, bermatutako enplegua, lan erreproduktiboaren aitortza, lanaren banaketa…

Lan eta bizi baldintzen prekarizazioa, egiturazko langabezia eta etengabe areagotzen dabilen bazterketa soziala neoliberalismoaren ondorio zuzena dira. Politika neoliberalek, mota guztietako arau-erreformen bidez, enpresaburuek enpresetan duten erabakimena eta boterea handitu dute.  Kapitalismoak 2008. urtean eztanda egin zuen krisi ekonomiko- finantziaria baliatu du ziklo berri bat irekitzeko. Kapitalak bere burua birkokatu eta aberastasuna metatzeko estrategia berritu du azken urteetan. Kapitalaren eta lanaren arteko talka muturrera eraman eta kapitala pilatzen jarraitzeko bitarteko bilakatu da bizitzaren sostenigarritasuna. Era berean, lan eta bizi baldintzen prekarizazioa kapitalaren akumulaziorako bitarteko nagusi bilakatu da. 

Egungoaren bestelako eredu sozio-ekonomiko bat eraikitzeko premia gorria oinarri gisa hartuta, ikuspegi desberdinetatik egin behar da

 
Geratzeko heldu den estrategia da. Horregatik, egoera hau errotik irauli behar dugu, langile klasearen zati garrantzitsu batentzako ez baitu bizitza duinerako betarik uzten. Egungo sistema heteropatriarkal biozidari, esplotazio eredu kapitalistari alternatibak bilatu, topatu, eztabaidatu, konpartitu, erabaki eta eraiki behar ditugu. Natura zein pertsonak erdigunean izango dituen eredu sozial berria eraikitzeaz hitz egiten ari gara. Egungo errealitatetik abiatuta, alternatibak sustatuz, etorkizun berria egunez egun eraikiz.   
Hau da Talaia honen izateko arrazoia. Premia testuinguru honetan, langabeziari, lan baldintzen prekarizazioari eta garapen eredu biozidari aurre egiteko aldaketa ekonomiko eta sozialerako proposamen desberdinak aurkeztu eta konpartitzea.
Alternatiba hauetariko batzuk euren artean osagarriak izan litezke, egungoaren bestelako eredu sozio-ekonomiko bat eraikitzeko premia gorria oinarri gisa hartuta, ikuspegi desberdinetatik egin behar dela uste dutelako: lanerako denboraren murrizketa, aberastasunaren banaketa justua, sozialki beharrezkoak diren lanak…

Herri Ekimen Legegilea bazterketa sozialaren kontrako plataformen, eragile sozialen eta sindikatuen elkarlanaren emaitza izan zen

Beste batzuk sindikatu honen aldarrikapen historikoak dira, proposamen eta protesta une garrantzitsuak bizi izan dituztenak:
1996-2000 urteen bitartean garai hartan soldata soziala zeritzonaren aldarrikapenak garrantzi handia izan zuen euskal gehiengo sindikalaren eta euskal gizarte-mugimenduaren agendan. Batzuk eta besteak elkar hartuta, “Gizarte Eskubideen Gutun baterako Lege Proposamena” izeneko legegintzako herri-ekimena (LHE) jarri genuen martxan. 82.000 sinadura jaso genituen (1997) eta mobilizazio handiak egin ziren. Lege prozedurari jarraiki, legebiltzarrean langabeziaren eta pobreziaren kontrako Eskubide Sozialen Karta izapidetzea berretsi zen aldeko 37 bozka eta kontrako 22 bozkekin (talde parlamentario guztiek bozkatu zuten alde EAJ-k izan ezin). LHE hori oso esperientzia garrantzitsua izan zen sindikatuek eta gizarte-mugimenduek gizarte-bazterkeriaren eta pobreziaren aurkako borrokan egindako lanari dagokionez, eta gogoan izatea komeni da.
Aipatutakoaz gain, enplegua banatzea eskatzen zuen ekimen hark (lanaldia 35 ordura murriztea, 32ra Administrazioan; kontratu prekarioak egonkorrekin ordezkatzea; erretiroa 60 urterekin eta aparteko orduak ezabatzea) eta soldata sozialerako eredu bat aldarrikatzen zuen, honako baldintzatan oinarrituta: banan-banakoa, 18 urtetik gorakoentzat, pentsiodunak barne, urtebeteko erroldatzea, gutxieneko soldataren %100, mugagabea beharrak (enplegurik ezak) dirauen bitartean, kontraprestazioa eskatzea onartzen zen.
Ekimen horri jarraiki, greba orokor arrakastatsua egin zen 1999ko maiatzean, 35 orduko lanaldia eta soldata soziala eskatzeko.

1999ko maiatzaren 21ean Hego Euskal Herrian greba orokor deialdia egin zuen euskal gehiengo sindikalak. Luzez gogoratuko dugun mobilizazioa

Proposamen eta mobilizazio haiei esker, pobreziaren aurkako borroka agenda politikoan sartzea lortu genuen ikuspegi integral batetik, soldata soziala estigmatizazio asistentzialistaren esparrutik atera eta, enplegurik ezean, “eskubide osoko herritar gisa bizi” ahal izateko oinarrizko errenta gisa aldarrikatzeko.
Legebiltzarraren 10/2000 Legearen bidez (egun indarrean dagoenaren aurrekaria) ekimen hura urardotuta gelditu bazen ere, gaur egun euskal DSBEz esaten diren “gauza onak” eta beste erkidego batzuen aldean txalotzen diren berezitasunak euskal sindikatuok eta gizarte-mugimenduak aktibatzeko gai izan zen gizarte-mobilizazio haren fruituak izan dira.
Ordutik, euri asko egin du. Baina aldarrikapen horiek gaurkotasun handia edukitzen jarraitzen dute. Horiek, eta aurkezten ditugun beste batzuk, gustatu ala ez, denak dira ezagutu, aztertu eta eztabaidatu beharrekoak.
Kontratu-harremana edozein delarik ere, langileriaren indarra eta aldarrikapenak batzeko borrokan ari gara, errenta eta boterea lan-zentroetan, eremu sozialean eta instituzionalean lehiatzeko. Lan erreproduktiboa sozialki baloratua eta enplegu gisa aitortua izan behar da. Lan indarraren erreprodukzioak berehalako lanaren banaketa behar du, dena emakumeengan eror ez dadin.

Elkartasuna eta aberastasunaren banaketa justua neoliberalismoa gainditzeko gakoak dira

Jakin badakigu, gure lanarekin sortzen den aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzea, genero-desberdintasun zein desoreka sozial eta ekonomiko sakonen oinarria dela. Zentzu honetan, sistemak kapitalaren pilaketarako eta kontzentraziorako duen egiturazko joeraren ondorio dira desberdintasunak. Beraz, elkartasuna eta aberastasunaren banaketa justua neoliberalismoa gainditzeko gakoak dira.
Aurkeztutako proposamen desberdinek gure posizio sindikala indartzeko balio izatea espero dugu. Baita euskal langileriari bestelako ekoizpen eredu bat posible dela ikustarazteko erabilgarri izatea ere.
Politika publikoak birnorabidetu behar ditugu. Instituzioak interpelatu, Euskal Herrian bizi den pertsona orok bizi-baldintza duinetarako eskubidea bermatua izateko busti daitezen.
Lege proposamena ez da bere osotasunean garatu baina balio izan du denboraren izaera politikoaz arreta pizteko. Denbora tresna politikoa ere bada eta.
Edurne Larrañaga Celada
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago