Marina Sagastizabal Emilio-Yuso eta Matxalen Legarreta Iza

Denbora eta lanEn banaketa

matinamatxalen Marina Sagastizabal eta Matxalen Legarreta soziologoak eta EHU-ko irakasleak dira. Bizitza erdigunean jartzen duen ikuspegi feminista batetik zaintza eta etxeko lanak, genero desberdintasunak, presentzia-ausentziak eta denboraren erabilerak aztertzen dituzte.
 

7:10 rrrrriiiiiiiiinnnnnnnnnnnnngggg……….. eguna hasteko ordua.

Erlojuak esaten digu noiz altxatu, zein ordutan lanean hasi, noiz autobusa hartu edo noiz erosketak egin. Denborak gure egunerokoa egituratu eta ordenatzen du. Egutegi eta ordutegiek posible egiten dute jendarte antolaketa eta ekintza desberdinen koordinazioa. Badakigu eguneko zein ordu eta minutu zehatzetan bizi garen, zein egunetan, zein hilabete eta zein urtetan. Haurrei eskolan jaioturtearen arabera dagokie gela bat edo beste. Gure adinak eta ordaindutako lanari eskainitako urteek adierazten digute merkatutik noiz erretiratu. Ilea urdintzen zaigu, zimaurrek aurpegia zeharkatzen digute… Denbora gugan dago, denbora gara.
Lanen eta aberastasunen banaketaren auziari heltzeko ere ezinbestekoa zaigu denbora aintzat hartzea, batez ere hiru norabidetatik. Batetik, bizitzaren sostengarritasunerako beharrezkoak diren lan guztiak argitara ateratzeko. Bestetik, emantzat jotzen dugun arren, denbora jendarte eraikuntza dela gogoratzeko. Eta, azkenik, jendarte eraldaketarako.

LanEn jendarte banaketa

Ekonomialari feministek argi utzi digute merkatukoa ez dela jendartearen mantenurako eta bizitzaren sostengarritasunerako beharrezkoa den lan bakarra. Etxeko eta zaintza lanak ere ezinbestekoak dira. Hauek, hala ere, ez dute ordaindutako lanaren besteko aitortza sozialik. Ezkutuko lanak dira, batez ere emakumeek etxeko esparruan egiten dituztenak. Izeberg-aren behealdean kokatzen dira, ur azpian daude eta, hala ere, nahitaezkoak dira begi-bistara daudenak ur gainean mantentzeko.
Ezkutuko lanak agerian jartzea da dagokien aitortza soziala lortzeko lehen pausua eta horretan Denbora Aurrekontuen Inkestek (Eustat, 1993-2013) berebiziko garrantzia dute. Hauen bidez egunean egiten ditugun ekintzak identifikatzen dira eta bakoitzari eskaintzen diogun denbora neurtzen da, ordutan eta minututan.

“Ezkutuko lanak agerian jartzea da dagokien aitortza soziala lortzeko lehen pausua eta horretan Denbora Aurrekontuen Inkestek berebiziko garrantzia dute”

Datuek agerian utzi dute egunaren egituraketa apenas aldatu dela azken bi hamarkadetan. Erdia beharrizan fisiologikoak asetzeko erabiltzen dugu, laurden bat lanerako (bai merkatuko lana zein etxeko eta zaintza lana) beste laurdena ia aisialdia eta bizitza sozialerako eta ordu bete inguru joan-etorrietarako.
Lanari eskainitako denborak nabarmen egin du behera azken 20 urteetan. Etxeko eta zaintza lanak eta ordaindutako lanak batera 5 ordu eta 31 minutu hartzen ditu 1993an eta 22 minutu gutxiago 2013an. Beherakada honen arrazoi nagusia azken urteetan ordaindutako laneko denboraren murrizketa da, krisi produktibo-finantzaria dela eta.  
Nola daiteke, hala ere, laneko denborak egunaren laurdena baino ez hartzea? Eta etxeko eta zaintza lanena merkatukoaren parekoa izatea?
Inkestak bataz besteko egun batean egindakoa neurtzen du, asteko egun guztiak eta 16 urte edo gehiagoko biztanleria osoa aintzat hartuz. Ordaindutako lana, ordea, batez ere astelehenetik ostiralera burutzen da eta biztanleriaren parte batek egiten du (erdia baino gutxiago), nahiz eta egiten duenean, bataz bestean ia 7 ordu eskaini. Aldiz, etxeko eta zaintza lanetan parte hartzea ia erabatekoa da (%80 ingurukoa), asteko egun guztietan. Beraz, denboraren erabilerari erreparatuta, ordaindutako lanak gure jendartean duen nagusitasuna zalantzan jartzen dugu, etxeko eta zaintza lanena agerian jarriz.
Lanen banaketa, gainera, ez da parekidea. Emakumeek etxeko eta zaintza lanari denbora gehiago eskaintzen diote gizonek baino eta gizonek ordaindutakoari emakumeek baino gehiago. Azken hogei urteetan emakumeen parte hartzeak merkatuko lanean gora egin du eta etxeko eta zaintza lanetan behera, gizonenak, aldiz, etxeko eta zaintza lanetan gora eta merkatuko lanean behera. Hala ere, eboluzio honek bi ezaugarri ditu. Batetik, gehiago da emakumeek etxean egiteari utzi diotena gizonek egiteari gehitu diotena baino. Bestetik, orokorrean emakumeek gizonek baino ia ordu bete gehiago lan egiten dute, bai 1993an eta baita 20 urte geroago ere. Hau da, emakumeek astean ia zazpi ordu gehiago lan egiten dute gizonek baino: lanaldi oso bat. Horregatik denbora gutxiago dute aisialdirako, bizitza sozialerako eta joan etorrietarako. Gainera, lan merkatuan parte hartzen duten emakumeek “lanaldi bikoitza” hartzen dute beraien gain, “presentzia bikoitzak” eta sarritan “hirukoitzak” biziz.

Kapitalaren denbora eta bizitza denbora

Emakumeek etxeko eta zaintza lanen denbora eta merkatuko lanarena egunerokoan koordinatu behar dituzte eta, horretarako, saltoka ibili behar dute etengabean eremu batetik bestera, malabarismoak egiten. Halaber, bestelako esparruetan parte hartu nahi izanez gero (soziopolitikoan, esaterako) hirugarren lan zama bat txertatu behar dute dagoeneko konplikatua den ekuazioan. Horregatik, emakumeen parte hartzea lan merkatuan zein arlo soziopolitikoan oztopoz beterik dago, pobreziaren feminizazioak denbora pobrezia ere barne biltzen duelako.
Eguneroko esparru ezberdinen koordinazioa zaila da emakumeentzat, bai eta etxeko eta zaintza lanak eta merkatuko lana bere gain hartzen dituen edozeinentzat ere. Esparru bakoitzari dagokion denborak logika ezberdinaz funtzionatzen du. Kapitalaren denbora eta bizitzaren denbora ez datoz bat.

“Gehiago da emakumeek etxean egiteari utzi diotena gizonek egiteari gehitu diotena baino”

Kapitalaren denborak ez ditu gorputzaren erritmoak aintzat hartzen, ahalik eta etekin gehien metatzea du helburu: lineala da. Denbora abstraktua da, neurgarria, zatigarria, egunaren antolaketa kronometrikoa baimentzen duena, hau da, erlojuaren diziplina bermatzen duena. Ordutan eta minutuan neurtutakoa, diru truke saldu eta erosi daitekeena. Kapitalismo heteropatriarkalaren denbora.
Kapitalaren denbora hegemonikoa da egun.  Ez dugu ahaztu behar, ordea, ez dela unibertsala, ezta a-historikoa ere. Momentu konkretu batean sortu eta hedatzen da prozesu sozial eta helburu zehatz batzuei lotuta: ahalik eta etekin gehien metatzea, alegia.
Bizitzaren denborak aldiz, gorputzaren erritmoak jartzen ditu erdigunean. Erlazionala da, dohaintzan oinarritutakoa, zirkularra: eman, jaso eta itzuli. Zaintza lanei loturiko denbora da, baita naturari ere. Euskal Herrian ez dugu betidanik erlojuaren arabera antolatu gure egunerokoa eta hilabeteen izenek horren berri ematen digute: esaterako, uztaila (uztaren hila), ekaina edo garagarrila (garagarra biltzekoa), urtarilla edo izotzila (hilbaltza edo beltzila).
Dimentsio bakarreko denboraren kritikatik abiatuz eta bere izaera artifiziala agerian jarriz, feminismoek denboraren izaera plurala aldarrikatzen dute: denbora anitza, ez-hierarkikoa eta gorpuztua.

Denbora politikak

Denboraren izaera pluraletik abiatuta, bizitza erdigunean jartzen duen jendarte eredua eraikitzea proposatzen da feminismoetatik. Horretarako denbora tresna politiko dela aldarrikatzen dugu. Proposamen honen aitzindariak 80. hamarkadan kokatzen dira. Italiako Alderdi Komunistako emakumeek, mugimendu feminista eta unibertsitatekoekin batera, lege proiektua plazaratzen dute: emakumeok denborak eraldatzen ditugu da leloa. Hiru ardatz nagusi garatzen ditu proposamenak: bizitza zikloa, lanen denbora eta hiriaren denbora.

“Kapitalaren denbora hegemonikoa da egun. Ez dugu ahaztu behar, ordea, ez dela unibertsala, ezta a-historikoa ere”

Lehen ardatzak bizitza zikloa du hizpide. Bizitza zikloa merkatuaren logikaren arabera antolatutako hiru etapa jarraik osatzen dute. Haurtzaroa eta gaztaroa: lan merkatuan aritzeko gaitasunak barneratzeko garaia; helduaroa: lan merkatuan iharduteko tartea; eta zahartzaroa: lan merkatutik erretiratzekoa. Non geratzen da pertsonak zaintzeko denbora? Bizitzaren antolaketa eredu honek ez ditu aintzat hartzen gorputzaren erritmoak, pertsonon izaera zaurgarria edota emakumeen ugalketa adina, ezta etxeko eta zaintza lanen denbora edo parte-hartzearena ere.
 
Horrenbestez, ez ditu islatzen emakumeen esperientzia eta bizipenak merkatu laboralean, jarraikortasunak baino sartu-irtenek eta etenek ezaugarritutakoak direnak. Horren aurrean, etxeko eta zaintza lanak ardatz izango duen bizitza zikloaren antolaketa aldarrikatzen dute italiarrek, gorputzaren erritmoak errespetatzen dituena eta emakumeen esperientzia aintzat hartzen duena.
Bigarren ardatzak egunerokoaren antolaketa hegemonikoaz dihardu. Egunerokoa hiru unetan dago banatua: zortzi ordu merkatuko lanerako, zortzi aisialdirako eta zortzi lotarako. Non geratzen da etxeko eta zaintza lanen denbora? Honek ere, ez ditu bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren lan guztiak kontuan hartzen, ezta komunitatea garatzeko beharrezkoak direnak ere. Italiako emakumeen proposamena merkatuko lanorduak murriztu eta birbanatzea da baita etxeko eta zaintza lanenak banatzea ere. Horrez gain, zaintzarako lan baimenak (bizitza zikloko momentu ezberdinetan eta ez seme-alabak txikiak direnen soilik) zein bestelakoak garatzea proposatzen dute (formaziorako edo parte-hartze soziopolitikorako, esaterako).
Hirugarren ardatza hiriko ordutegien erregulazioaz mintzo da. Egun hiri zein herrietako ordutegiak ez datoz bat jendartearen eguneroko beharrekin: eskolako eta saltokietako ordutegiek ez datoz bat merkatuko lanekoekin, ezta garraio publikoarenak eta zerbitzu publikoenak ere. Nork zehazten ditu? Ordutegiak erakunde ezberdinek erabakitzen dituzte eta ez dago koordinaziorik beraien artean. Horregatik, tokiko udalei hiriko edo udalerriko ordutegiak erregulatzeko eskumena eman eta eguneroko bizitzak errazteko politikak martxan jartzeko aukera ematea proposatzen da, etxeko eta zaintza lanak ipar gisa hartuz eta emakumeei erabakietan parte-hartzeko aukera luzatuz.

“Feminismoek denboraren izaera plurala aldarrikatzen dute: denbora anitza, ez-hierarkikoa eta gorpuztua”

Lege proposamenak argi adierazten du kapitalaren denbora eta bizitzaren denbora kontrajarriak direla eta bien arteko kontziliazioa ezinezkoa dela: bizitza erdigunean jartzen duen jendarte eredu eraikitzea da bidea. Horrela, lanen birbanaketa lortu ahal izateko eta parekideagoa den jendarte antolaketarantz aurrerapausoak emateko ezinbestekoa da bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarri eta lan guztien aitortza soziala lortzea. Horretarako, denbora ulertzeko eta egituratzeko era aldatu behar da halabeharrez, bizitza denbora aintzat hartu eta denboraren gainean erabakitzeko eskumena aldarrikatuz.
Lege proposamena ez da bere osotasunean garatu baina balio izan du denboraren izaera politikoaz arreta pizteko. Denbora tresna politikoa ere bada eta.

 

Marina Sagastizabal Emilio-Yuso  eta Matxalen Legarreta Iza
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago