Langile mugimendua eta aldaketa klimatikoa: azterketa eta erronkak

Aldaketa klimatikoaren erronkari begiratu diogu Talaia aldizkariaren lehen ale monografiko honetan. Pariseko COP21 goi bilerak, berez lehen mailako garrantzia duen gaiari erreparatzeko aitzakia eman digu. Gure eredu ekonomiko, politiko eta sozialaren eragin eta ondorio ekologikoak bistakoak izateaz gain, sakoneko gogoeta eskatzen dute batetik, eta praktika eraldatzailea gaurdanik abiatzea, bestetik.

klima aldaketa

 

Langile mugimendua ez dago eztabaida horretatik kanpo. Eta, beldurrik gabe aitortu behar dugu kontraesanez beteriko historia ere badugula atzetik. Baina, esan gabe doa, lurraren eta ingurunearen defentsa ere badira gure kapital politiko eta sozialaren parte. Urratsak egin behar ditugu, halere, egun gertatzen ari denaren azterketak erakusten digunez.

TALAIA 1 liburuxkakSistema ekonomiko eta sozialaren eraldaketa dugu erronka. Eta erronka horren ardatz nagusietako bat izan behar du ardatz ekologikoak. Azterketa eta erronken definizioan laguntzeko, lan honetan dituzu hainbat lagunen ekarpenak.

Daniel Tanuro militante ekosozialista belgiarrarekin egindako elkarrizketa duzue batetik. Gazteleraz argitaratu dugu, baina webgunean jatorrizko hizkuntzan (frantsesez) irakurtzeko aukera duzue ere. Langile klasearen eta sindikalismoaren erronkez galdetu diogu bereziki, aldaketa klimatikoak ezarri dizkigun premiazko egoeren azterketa egiteaz gain.

Stefania Barca irakasle italiarrak langile klaseak gai honetan dituen berezko interesak azaldu dizkigu. Garai berrirako klase kontzientzia berritzearen beharra, eta ardatz ekologikoa erdigunean jartzearen premiaz ohartarazi gaitu. Bere ekarpena, euskaraz irakurtzeaz gain, webgunean ingelesez ere irakur dezakezu.

Euskal Herriko eragile sozialen ahotsa ere ekarri nahi izan dugu Talaiara. Horretarako Marisa Castro ekintzaile ekologista elkarrizketatu dugu batetik, eredu energetikoaren aldaketaren beharraz mintzatu garelarik bereziki. Bestetik, Iñaki Barcena EHUko katedradun eta ekintzaile ekologistarekin hitzegin dugu gaiari ikuspegi osoa emanez. Alternatiba ekonomiko eta ekologikoak bestelako eredu bat behar duela, baina eredu horrek benetako oinarri demokratikoak ezinbestean izan behar dituela azpimarratu digu.

Azkenik LABeko batzorde sozioekonomikoko kide Urtzi Ostolozagaren hitzak ere bildu ditugu. Sindikalismoaren erronkak, sistema eraldatzeko helburua eta esku artean ditugun ekimenak ekarri dizkigu gogora.

PDF formatuan eskutatu dezakezu Talaiaren lehen alea

Langile mugimendua eta aldaketa klimatikoa: azterketa eta erronkak
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago