Liburu erreseina | Esta guerra no termina en Ucrania
Faxismoa eta gerra
ESTA GUERRA NO TERMINA EN UCRANIA
Raúl Sánchez Cedillo
Raúl Sánchez Cedilloren Esta guerra no termina en Ucrania liburuak Ukrainako gerrak abiarazi duen dinamika belikoa aztertzen du. Besteak beste, dinamika militarraren hedatzeak mendebaldeko gizarteetan gerra erregimenak eratu dituela salatzen du, eta demokrazia liberalak autoritarismorantz mugitzen ari diren azaldu. Jarraian Martin Arbeo Sarriugarte Ipar Hegoako kideak idatzitako erreseina duzue.
Raúl Sánchez Cedillo aktibista autonomo madrildarrak Esta guerra no termina en Ucrania (2022) liburua argitaratu zuen Ukrainako gerra hasi berritan. Orduz geroztik, dinamika belikoaren hedapena baino ez dugu bizi izan. Horrenbestez, esan dezakegu liburuaren hipotesi nagusia, izenburuan bertan azaltzen dena, bete egin dela. Denborak aurrera egin ahala gerra normalizatzen ari da.
Liburuan askotariko gaiak lantzen dira. Hasteko eta behin, lehen atalean, Ukrainako gerraren sakoneko arrazoiak bilatzen ditu, Sobietar Batasunaren desegite garaietara itzulita. Horrez gain, gerra logika guztiz normalizatzen ari diren diskurtso nagusiak aztertzen ditu. Bigarren zatian, aldiz, egungo testuinguru geopolitikoa ulertzeko erreferentzia historiko nagusia Lehen Mundu Gerraren garaia dela defendatzen du (eta ez Bigarrena, gehienetan horrekin alderatzen bada ere). Horri lotuta, lehia interinperialistak nagusi diren garaiak faxismoaren agerpen eta hedapenerako testuinguru ezin hobeak direla oroitarazten du, XX. mendeko lehen hamarkadek erakusten duten bezala. Bukatzeko, liburuaren azken atalean, bakea proiektu eratzaile berri baten ardatz nagusi gisa kokatzen du, programa komunista berri baten oinarri. Horretarako, justizia soziala eta bakea elkarlotuko dituen mugimendu bakezale baten beharra aldarrikatzen du.
Testuak lantzen dituen gaien aniztasunak irakurketa zabal eta ezberdinak egitea ahalbidetzen du, noski. Kasu honetan, ordea, bigarren atalean lantzen duen gerra eta faxismoaren arteko harremanean zentratuko gara bereziki. Sanchez Cedilloren esanetan, gerraren eta faxismoaren arteko harremana existentziala da, guztiz elkarlotuak daude. Kanpo politikan gerra dinamikak direnean nagusi, herrialdeen barne politikan gerra erregimenak ezartzen dira. Gerra erregimenak esan nahi du politikan lagun-etsai eskemak txertatzen direla. Mugimendu sozialen, gobernuaren zein alderdi politikoen arteko harremanak logika horren pean garatzen direla, alegia. Gerra erregimena gizarteen kontrolerako mekanismo bat da eta ordena bermatzearen funtzioa du. Diziplina forma bat da, gatazka politikoa neutralizatzeko bitartekoa. Azken batean, gerra erregimenak esan nahi du gai guztiak gerra mentalitate batetik aztertzen, neurtzen eta gobernatzen direla.
Hori horrela, izaera totalizatzailea du, jendartearen esfera guztiak kutsatzen baititu eta dimentsio guztiak zeharkatu: politika, kultura, ekonomia, komunikazio sistemak edo teknologia berriak. Ondorioz, herritar oro inplikatzen du. Gerra erregimena babestu ezean, sistemaren “etsai” bilakatzen zara, gerra garaian disidentzia oro baita traizio. Testuinguru horretan, eskubide sozial eta zibilak gerra erregimenaren babesetik lortzen dira. Berau babestu ezean, eskubide horiek galtzen dira, behin sistemaren etsai bilakatuta. Horrek, jakina, eragina du protesta eta disidentzien kudeaketan.
Deskargatu aldizkaria PDF formatuan
Martxan den gerra erregimenak bi eragin politiko nagusi sortzen ditu. Batetik, mendebaldeko herrialdeen mekanismo demokratikoak desegiten ari da, baina forma konstituzionala galdu gabe. Gerra erregimenarekin demokrazia autoritarioa eta koloniala bihurtzen da (edo are eta autoritario eta kolonialagoa, hobe esan), eta gerra bilakatzen da herrialdeen barne politikaren prozesu nagusia. Honela azaltzen du Sánchez Cedillok: “Chantal Mouffek dioen bezala, prozesu demokratikoa bere etsaien kontrako antagonismoan eta antagonismoaz bizi da, demokraten arteko barne agonismoan eta agonismoaz bizi den eran. Ondorioz, arrazoi demokratikoa funtsean autoritarioa eta koloniala denean, faxismoarekin aldera daitekeenean, bada, antagonismoa eta gerra bilakatzen dira dominante, baita erretorika eta jardunbide demokratikoaren barnean ere”.
Bestetik, gizarteen eta sistema politikoen faxistizazio prozesuak azkartzen ari da. Gerran sortu izan dira historikoki kuadro faxistak eta, orain ere, etorkizuneko militante faxistak elikatzen ari da. Gerra eta faxismoa dinamika banaezin baten parte dira, faxismoa, azken batean, hori bera baita: herritarren mobilizazioa gerra logika baten mesedetan, sarritan barne etsai baten kontra aritzeko bada ere. Hain zuzen ere, faxistak, gerra erregimena babestearen truk, sistema politiko demokratiko liberalen “lagun” kategorian sartzen dira. Horrek sistema politikoak izugarri eskuineratzea dakar eta zelai politikoa zeharo murriztea.
Ikuspegi antifaxistatik arazo berri bat sortu da, gainera. Izan ere, martxan diren gerra gehienetan alde bakoitzak parekoa faxista gisa izendatzen baitu. Hala gertatzen da Ukrainan, esaterako: batetik, Putin eta bere gobernua faxistatzat jotzen dira, eta bestetik, Ukrainako gobernua neonazitzat. Horrela gerraren “bidezko izaera” defendatzen du alde bakoitzak, antifaxismoa gerraren legitimazio iturri bilakatuta.
Horregatik, Sánchez Cedilloren ustetan estrategia antifaxista baten lehen eginbeharra gerra eta gerra erregimenak desegitea da, bakearen defentsa sutsua egitea. Hori egin ezean, gerraren ondorio lazgarriak pairatzeaz gain, faxismoaren hedapena ere bizi izango baitugu.
Esta guerra no termina en Ucrania (2022)
Idazlea: Raul Sanchez CedilloArgitaletxea: Katakrak Liburuak
Generoa: Saiakera
Hizkuntza: Gaztelania
Argitalpen data: 2022 azaroak 11
Orrialde kopurua: 330
Raul Sánchez Cedillo (madril 1969)
Ekintzaile, saiakeragile eta itzultzailea da. Teoria marxista eta feministaren dozenaka lan itzuli ditu. Felix Guattari, Antonio Negri eta Paolo Virnoren liburuen hitzaurreak argitaratu ditu, baita hainbat artikulu ere Contrapoder, transversal, South Atlantic Quarterly, Diagonal, El Salto eta Ctxt aldizkarietan, besteak beste. Lo absoluto de la democracia. Contrapoderes, cuerpos-máquina, sistema red transdividual, (Subtextos, Malaga, 2021) liburuaren egilea da.