Maddi Isasi eta Ane Escondrillas

«Zaintzaren inguruan eztabaida politiko eta soziala sustatu eta kontsentsu sozialak lortzeko garaia da»

Maddi Isasi LAB sindikatuko Idazkaritza Feministako arduraduna eta Ane Escondrillas soziokomunitario sektoreko arduraduna elkarrizketatu ditugu, Greba Feminista Orokorraren testuinguruan abian den borroka zikloaz hausnartzeko.

Zaintzarako eskubide kolektiboa da Mugimendu Feministak sindikatu eta hamaika eragilerekin batera deitu duen Greba Feminista Orokorraren ardatza. Zaintzaz asko hitz egiten bada ere definitzen zaila den kontzeptua da. Nola eta zer ulertzen duzue Zaintzaz ari zaretenean?
Zaintza lanak pertsona guztion bizitzak sostengatzea ahalbidetzen duten lanak dira. Lana dela aipatzea funtsezkoa da beren garrantzia indartzeko. Zaintza lanak ez dira modu boluntarioan egiten direnak, baizik eta pertsonen zainduak izateko beharrak asetzen dituztenak baizik. Zaintza lanak ez daude aitortuak. Sexuaren araberako lan banaketagatik, emakumeen* gain erortzen dira, eta horrek gizarte heteropatriarkalean bigarren maila batean kokatzen ditu funtsezko behar eta lan horiek. Historikoki emakumeen* gain erori dira, fabrikara joaten zen gizon langileak beti izan ditu etxean produktiboa izateko behar guztiak aseta, inguruko emakumeen* sorbaldetan erori direnak.
Lan merkatu arautuko emakumeen* lanbideak ere erreprodukzioaren (zaintzaren) luzapena dira, horregatik dira gehiengoa sektore horietan. Arlo “pribatuan” (familietan) inposatutako rolek jarraitu egiten dute arlo produktibo-publikoan.
Sektore feminizatuak eta zaintza sektoreak guztiz lotuta daude: zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza, esku hartze soziala, osasungintza, jangelak, haurreskolak, garbitzaileak, etxeko langileak… lan horietan aritzen diren emakumeek* ez dute gizartean inongo aitortzarik, ez soziala, ez ekonomikoa, ez politikoa. Instituzioek eta patronalek jakin badakitelako lan esku merke hori euskal gizartearen erreprodukziorako funtsezkoa dela, eta aitortuko balute galera ekonomikoak izango lituzketela, zaintzarekin duten negozioa bukatuko litzatekeela. Euskal Herriko instituzioek ateak zabal zabalik utzi dizkie enpresa pribatuei eta horrek zaintza sektoreei kalte handia eragiten die. Izan ere, patronalek eta instituzioek beraien artean banatzen dituzte zaintza sektorearen pasteletik eratorritako irabaziak.


Zaintza lanetako batzuk merkantilizatuak eta oro har emakume* prekarizatuen bizkarretan daude. Beste batzuk, soldatapeko lanetik kanpo kokatu arren, berdin berdin emakumeek* egiten dituzte. Urteak daramatzazue soldatapeko lanetan dabiltzan emakume* langileak antolatzen eta hauen borrokak pizten. Zer nolako balorazioa egiten duzue urteotako ibilbideari dagokionez? Izan da garaipenik? Zein erronka ditugu aurrera begira?
2008an egindako 7. Biltzar Nagusian LABen sektore soziokomunitarioa osatu zenetik, ikuspegi nazional eta estrategiko batetik zaintza sektoreko langileen beharrei erantzun kolektibo bat emateko lehen urratsak ematen hasi ginen. Sindikatuan estrategia sindikala birpentsatzean hasi ginen orduan, eta 9. Biltzar Nagusian erabaki estrategiko batzuk hartu genituen, besteak beste, konfrontazioa kapitala eta bizitzaren artean kokatzea eta langile subjektuaren berrosaketan urrats praktikoak ematea. Inurri lan guzti horrek emaitza izugarriak eman ditu 2021-2022 kurtsoan. Izan ere, sektore soziokomunitarioan inoiz baino gatazka eta negoziazio gehiago ireki dira: zahar egoitzetan, etxez etxeko laguntza sektorean, aniztasun funtzionalean…
Garaipenak izan dira, batez ere enpresa hitzarmenetan, baina garaipen handiena langileak antolatzeko eta ahalduntzeko izan dugun gaitasuna izan da. Gure ordezkariek sindikatuarekiko adierazitako konpromisoa eta inplikazio maila ezinbestekoak izan dira LAB hainbat borroken lidergotzan egoteko, ekintza sindikal indartsua bultzatuz. Hemendik aurrera ere hori da bidea.
Bestalde, aurrean dugun erronka nagusia Greba Feminista Orokorra inflexio puntu gisa baliatzea izango da, enpresetan pedagogia egiteko eta langileak berriz ere mobilizazioetan hauspotzeko. Greba honek gure borroka zikloa indartu eta elikatzen du.


Borroka horretan inflexio puntua izango da azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra. Lehen aldiz, Mugimendu Feministak orokorra den grebarako proposamena egin du eta LABek, beste hainbat sindikatu eta eragilerekin batera, deialdia babesten du. Zeintzuk dira LABek greba horrekin lortu nahi dituen helburuak?

Zaintza, eskubide bezala, gaur egun ez dago ez aitortua, ez bermatua

Mugimendu Feministak egoeraren inguruan egiten duen irakurketa partekatzen dugu, eta borroka planteamendu hori beharrezkoa ikusten dugu zaintzaren krisiaren aurrean aldaketak eragin eta urrats kualitatiboak emateko.
Mugimendu Feministaren izaera autonomoa errespetatuz, gure posizio propiotik, LAB sindikatua hasieratik egon da prozesuan inplikatuta, egoeraren analisiarekin bat egin eta proposamen politikoak partekatzen ditugulako; esaterako, gure Programa Sozioekonomikoan eta egin ditugun beste hamaika proposamenetan. Bizitzak Erdigunean Koordinadorak 2022ko apirilean Gasteizen antolatutako jardunaldietan parte hartu genuen, baita herrialdeetako asanbladetan edo sindikatuekin egin diren bileretan ere. Beraz, hasieratik konpartitua den prozesuaren parte garela esan dezakegu.
Gure jendartean dugun arazorik larrienetakoa da zaintza krisiarena. Zaintza, eskubide bezala, gaur egun ez dago ez aitortua, ez bermatua. Zaintzarako sistema publikorik ez da inoiz garatu. Sistema kapitalista zisheteropatriarkalak ez du horretarako beharrik izan; zaintza lanak emakumeen* bizkar utzi izan dira, eremu pribatuan eta familia nuklearretan sostengatuta.
Egoera guztiak bidegabeak izanik ere, are muturrekoagoan daude etxeko langileak, hauetariko asko emakume* migratu eta arrazializatuak. Erregimen berezia dute, eta, ondorioz, gainerako langileek baino eskubide gutxiago dituzte. Negoziazio kolektiborako eskubidea urratua dute, eta Atzerritar Lege arrazisten eraginpean daude.
Beraz, uste dugu zaintza krisiak erantzunak eskatzen dituela. Zaintzaren errealitatea iraultzeko borrokan ari gara eta badira premiazko aldarrikapenak: borrokan ari diren zaintzako langileen lan hitzarmenak eguneratzea, zaintzarekin negoziorik ez egitea eta pribatizaturiko zerbitzu publikoak publifikatzeko plana, etxeko langileen egoera erregularizatu eta negoziazio kolektiborako duten eskubidea bermatzea.
Zaintzaren inguruan eztabaida politiko eta soziala sustatu eta kontsentsu sozialak lortzeko garaia da. Horregatik, Greba Feminista Orokorraren planteamenduarekin bat egin eta greba ahalik eta orokorrena izan dadin lortu behar dugu. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren aldarrikapenari zentralitatea emanez, ‘Euskal Herrian posible egin dezagun’ ildoa indartuz.

 
 

Deskargatu aldizkaria PDF formatuan

 

LABek bere Programa Sozioekonomikoa berritu eta banaketa hirukoitzaren proposamena jaso du bertan, zor patriarkalarekin amaitu eta Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzeko helburuarekin. Zer da zor patriarkala?
Ekonomia Feministaren begiradatik, zor patriarkala emakumeoi* zaintza lanak (aitortza ekonomiko, sozial eta politikorik gabe) egiteak suposatu digun kostua ordaintzeko zuzenketa faktore bat aplikatzeko formula edo aldarrikapen politiko bat.
Ezer gutxirako balio du “beti izango gara zorretan zaintza lanetan aritu diren emakumeekin*” esaldia diskurtsoetara ekartzeak, gero ez badago inolako borondaterik sistemak inposatutako baldintzetan egindako lan guzti horiek benetan balio duena aitortzeko, eta ez bada neurtzen emakumeoi* honek suposatu digun kostu ekonomikoa zehazki zenbatekoa den, zor zaiguna ordaintzeko. Iruzurra da soldata arrakala dagoela aitortzea eta konponbidea lan merkatuan kokatzea. Ongi baitakite ez dagoela halako aurrera urratsik egiteko lan harreman eredu demokratikorik; ezta indar harremanik edo egiturazko aldaketa lortzea helburu duen prozesu soziopolitikorik ere.
Arrakalaren aitortzaren borroka irabazi dugu. Sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen den eredua iraultzea helburu izango duen prozesua behartzeko, urrats berriak behar ditugu, ordea. Proposamenak hor daude: emakumeoi* esleitu dizkiguten lanen balorazio berria egitea; zor patriarkala deritzogun aldagai zuzentzailearen bidez sektore feminizatuetako soldatak gaurkotzea; zaintza lanak berrantolatzea gizonen, emakumeen*, komunitatearen eta sistema publikoaren artean banatzeko...

Eta nola irudikatzen du LABek Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa?

Zaintza lanak demokratizatzeko eta emakumeon* esplotazioarekin bukatzeko borroka ziklo bat abiatzeko momentua da

Guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema bezala. Inor esplotatu gabe, guztion beharrak kontuan hartuko dituena. Zainduak izango direnen parte hartzea eta agentzia sustatuko dituena. Finean, zaintzari behar duen balioa emanez eta ez ezkutuan gestionatzen diren “arazo” bezala.
LABen urteak daramatzagu Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatzen eta zaintza eskubide kolektiboaren alde borrokan. Zaintza krisiaren elementu nagusiak identifikatuta ditugu: zaintza lanen aitortza eza, zaintzarako zerbitzuen pribatizazio basatia eta horrek zaintzaileentzat dakartzan lan baldintza kaskarrak (soldata baxuak, lan zama jasanezinak, karga emozional handia, lan osasunerako eskubideen urraketa…), eta ondorioz, arretaren kalitate eskasa. Errealitate horren aurrean aldarrikatzen dugu zaintza lanak demokratizatzea, publikoak, unibertsalak eta bidezkoak izatea eta guztion eskura egotea.
Jakin badakigu gaur egungo instituzioek ez dutela borondaterik norabide horretan urratsak emateko: kontrara, zaintza zerbitzuak pribatizatzen jarraitzen dutela. Horregatik ere da garrantzitsua greba hau, Zaintza Sistema Publiko Komunitarioaren bidean urratsak emateko beharra mahai gainean jarri eta sistema oso bat eraikitzeko bidean garaipen zehatzak lortzeko aspirazioa duelako.
Gure ustez, publikoa izateak zaintzarako guztion eskubidea bermatu behar du (eskubide sozial gisa ulertzen dugulako). Publikoak unibertsala eta bidezkoa izan behar du. Arlo publikotik finantzaketa eta kalitatea bermatu behar dira. Gainera, merkantilizatu gabeko izaera publikoa izan beharko du.
Komunitateari buruz ere hitz egin behar dugu. Komunitateaz aritzea bizitza komunaren aldeko apustua egitea da, zaintza eskubide eta erantzukizun kolektibo gisa ulertuz. Baina komunitateak ez du bete behar administrazioek asetu gabe uzten duten hori. Arlo publikoaren eta komunitarioaren arteko harremana ez baita dikotomikoa, eraikitzen doan zerbait baizik.
Hala ere, ulertzen dugu Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa bidean definitu eta eraikiko dugun zerbait dela, eztabaida sozial baten bidez etorri beharko dena (eta jadanik horretan ari gara). Zaintza beharrak modu demokratiko eta publikoan konpontzeko balioko digun tresna bat izan behar dela argi izanda.

Grebarekin ez da borroka ziklo bat bukatzen. Nolakoa izango da egoera etorkizunean?

Sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen den eredua iraultzea helburu izango duen prozesua behartzeko, urrats berriak behar ditugu

Uste dugu zaintza lanak demokratizatzeko eta emakumeon* esplotazioarekin bukatzeko aldarrikapen horiekin, borroka ziklo bat abiatzeko momentua izango dela. Mugimendu Feministatik egin den apustua argia da eta sindikalismotik ere norabide horretan jarraituko dugu borrokan, zaintza lanei aitortza politiko, sozial eta ekonomikoa eman arte.
Sindikatuak pribatizatutako zaintza langileen aldeko aldarriak defendatzen jarraituko du, eta lan publikoa egiten dutela aitortu arte borrokatuko dugu. Sektore soziokomunitarioan, aurreko kurtsoan, hainbat mobilizazio eta ekimen egin genituen pribatizatutako zaintza sektoreetako langileak langile publikoak direla aldarrikatuz. Greba Feminista Orokorraren ostean aldarri berdinari eutsiko diogu. Asanbladak deitu ditugu, hauteskundeak datoz... horregatik antolatuak egon behar gara eta ekintza sindikala aktibatu behar dugu. Hortaz, Greba Feminista Orokorrean sortutako sinergiak, aliantzak, eta lan pedagogikoak egitera goazen ibilbidea elikatu eta babesten duela uste dugu.
Zaintza sektoreez gain, bestelako lan eremuetan ere greba honek ere paradigma aldaketa bat suposatu behar du, eta bizitzak erdigunean jartzeko zaintza lanak eraldatzeaz hitz egiten dugunean hau konpromiso konkretuetara pasatzen saiatu behar gara. Hala nola, gizonek zaintza ardurak hartzea, kontziliazio neurriak eta zaintzarako denborak... Beste era batera esanda, gizonen inplikazioan ere salto bat eman behar da, aldaketa nagusiek hortik etorri behar dute, zaintza lanetan ardurak hartu eta gaur egungo sexuaren araberako lan banaketa bidegabe honekin amaitzeko.
Grebaren ondorengo fasean Herri Akordio bat eraikitzeaz ari garenean uste dugu sindikalismoan ere itzulpena izan behar duela horrek. Herri Akordioa ezin da izan bakarrik politikoa eta instituzionala. Aliantzak eraiki behar ditugu eta sindikalismoaren eremuan konpromisoak hartzera eraman behar gaitu prozesuak, modu kolektiboan, Mugimendu Feminista eta eragile sozialekin.

Maddi Isasi eta Ane Escondrillas
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago