Peio Etxeberri-Aintxart | Donibane Lohitzuneko zinegotzia
«Etxebizitzaren akatsa sistemikoa da. Europa osoko arazoa da etxebizitza merkatu librean kudeatzen dela»
Ipar Euskal Herrian orokorrean baina Lapurdiko kostan bereziki, etxebizitzaren arazoa larria izan da azken urteetan. Diagnostiko labur gisa, zeintzuk dira etxebizitzaren arazoa ardazten duten elementu nagusiak?
Etxebizitzaren problematika Ipar Euskal Herrian ez da bat ere berria, aspalditik dator, jatorri historikoak ditu. XIX. mendean Miarritz herri oso txiki bat izatetik turismo herri inportante bat izatera igaro zen eta, horren ondotik, Donibane Lohizune ere berdin, eta horren ondotik kostaldeko hiri gehienak. Azkenean masa turismo bat zabaldu da XX. mendean zehar eta, gaur egun, Ipar Euskal Herria oso erakargarria da fenomeno horrengatik. Egun turismoak hartzen du ekonomia arlo guztien artean toki garrantzitsuenetarikoa. Horren ondorioz, desoreka bat pizten da etxebizitza mailan. Zeren eta itsasoaz gozatzera kanpotik heldu den jendeak konkurrentzia edo konpetentzia bat sortzen dute etxebizitzak erosteko edo alokatzeko, justuki bigarren etxebizitza gisa erabiltzeko. Eta hemen bizi nahi duen jendeak, Euskal Herritarrak, ahalmen ekonomiko txikiak dituztenak, azkenean baztertuak dira. Etxe horiek erosten dituztenak dirudunak dira, erabilera turistiko bat eman nahi diotenak.
Beste fenomeno batzuek ere eragiten dute tendentzia horien sakontzean, ez bakarrik turismoak. Hain zuzen ere, kostaldean biltzen direla zerbitzu publiko guztiak, administrazioak, lan eta enplegu gehienak, azpiegitura guztiak (aireportuak, trenbideak, bide nagusiak…) eta guzti horrek egiten du (itsasoaren presentziaz gain), prezioak ikaragarri altuak izatea kostaldean. Eta bertan prezioak izugarri altuak direnez gero, jendea saiatzen da gero eta ekialderago bizitzen eta etxeak Lapurdi barnealdean lortzen. Orduan, duela 30, 20, 10 urte kostaldera mugatuak zeuden fenomeno horiek Lapurdi barnealde osora ari dira zabaltzen. Gaur egun, nahiz eta prezio altuenak kostaldean diren, bilakaera azkarrenak Lapurdi barnealdean ematen dira. Etorkizun hurbilean pentsa daiteke fenomeno hori gehiago hedatuko dela, Baxenafarroara adibidez. Horrek islatzen du etxebizitzaren problematikaren dimentsioa Ipar Euskal Herrian.
Eta pandemiak, zergatik azkartu ditu tendentzia horiek?
Pentsa zitekeen Covid-arekin jendea gutxiago mugitzen zenez, prezioak apalduko zirela. Merkatuaren fenomeno klasiko bat baitugu Ipar Euskal Herrian: etxebizitzaren eskaera oso altua, eta eskaintza oso apala. Beraz, eskaera apaltzen baldin bazen Covid-ari “esker”, pentsatzen ahal genuen prezioak apalduko zirela. Baina ez da bat ere hori ikusi, alderantzizkoa baizik, prezioak ikaragarri igo dira. Orain arte ematen ziren fenomeno horiek azkartzen ari dira eta etxe bat salgai ezartzen delarik, segidan, egun bakarrean, saldua da, negoziaketarik gabe. Erosten dutenak gai dira zuzenean pagatzeko, mailegurik gabe. Baldintza horietan oso zaila bilakatzen da hemengo jendearentzat, jende xumearentzat, etxe bat eskuratzea.
Covid-ak zergatik azkartu du hau? Ba izurritea biziki gaizki bizi izan delako hiri munduan, adibidez Parisen, Bordelen, hiri handietan. Dirudun jendeari iruditu zaio itxialdia oso zaila, eta hasi dira amesten beste etxe bat erostea baratze batekin edo inguruan gune naturala duena, itsasoa kasu. Hiritik ihes egiteko toki bat. Horrek azkartu du hiri munduko jende dirudunaren erosteko borondatea edo nahia. Beraz, bigarren egoitzen fenomenoa indartzen ari da, aurretik zetozen desorekak sakonduz.
Etxebizitzak eraikitzen jarraitzen da, eta hauen prezioak gorantz doaz. Eta ezin daiteke hau zertarako egiten den kontuan hartu gabe utzi. Hau da, nori zuzendutako etxeak diren eta zein erabilera eman nahi zaien.
Jende gehienari irudi zaio, baita hautetsi gehienei ere, arazoa dela merkatuan garatzen den eskaintza ahul eta eskaera altuaren arteko desoreka. Eta beraz, soluzioa dela gehiago eraikitzea. Baina ikusi dugu azken urte hauetan asko eraiki dela, bereziki kostaldean, eta prezioak ez direla apaldu, segitu dute gora egiten, lehen baino askoz azkarrago.
Horregatik diot, eta diagnostikoa nahiko partekatua da Ipar Euskal Herriko ezker munduan, urbanismo logikak aldatu behar direla, eraiki eta eraiki jarraitu gabe. Mugimendu abertzaleari iruditu zaio lehenik saiatu behar dela bigarren egoitzak eta etxe huts guztiak biziarazten.
Azken hilabeteetan etxebizitzari loturiko protesta ziklo berri bat ireki dela ematen du, gero eta ohikoagoak bihurtu direlarik gai honi begirako ekintza eta mobilizazioak.
Bigarren egoitzen fenomenoa indartzen ari da, aurretik zetozen desorekak sakonduz
Egia da etxebizitzaren inguruko protestak asko izaten ari direla momentu honetan. Duela urte zenbait jadanik gertatu ziren horrelako fenomeno batzuk, nahiko bortitzak ere batzuetan. Izan ziren bonbak, izan ziren legez kanpoko ekintzak, bortitzak edo ez bortzitzak, sinbolikoak… Mugimendu politikoek ere, bereziki mugimendu abertzaleak (beste indar politikoek ez zuten gauza handiegirik egin), gai hori hartu zuten beren gain. Eragin nahiko mugatu batekin emaitzetan, baina hala ere kontzientzia hartze nahiko handia piztuz.
Orain, kontzientzia hartzea egina da, jende guztiak badaki badela hemen arazo bat etxebizitza mailan, eta denak, bakoitzak bere mailan, saiatzen dira soluzioak aurkitzen.
Ondorioz, protesta mugimendu bat piztu da, ideia argi batekin: populazioari hitza eman behar zaiola, plan inportante eta estrategiko horiek beti gelditzen baitira maila instituzionalean. Herriari ez zaio sekula hitza ematen, adieraz dezan bere kezka, bere beldurra, bere grina eta bere frustrazioa. Eta ezin badu populazioak bere frustrazio hori adierazi modu demokratiko batez, beste modu batzuk bilatuko ditu horretarako. Hori ekiditeko behar zaio hitza eman.
Etxebizitza eskubidea kolokan dago. Honek era berezian gazteei eragiten die eta “guk ere Euskal Herrian bizi nahi dugu” edo “hurrengo belaunaldiek Ipar Euskal Herrian bizitzeko aukerarik ez dugu izango” bezalakoak entzun dira.
Uste dut hor badugula gai klabe bat. Aipatzen genuen arestian herri frustrazioa edo jendartearen frustrazioa. Ba frustrazio gehien duen jendea gazteria da.
Pentsa ezazu gaur egun Ipar Euskal Herrian bizitzeko behar dela lehenik zaharra izan, jubilatua izan eta diru asko eduki. Etxebizitzak erosten edo alokatzen dituztenak beti mota horretako jendea dira. Zaharrak edo/eta dirudunak. Eta hemengo gazteria behartua da ihes egitera, erbesteratzera. Hori oso gogorra zaie bai gazteriari eta bai gazteria horren gurasoei, betidanik hemen bizi izan direnak. Horregatik gazte mugimenduak piztu dira, eta hasi dira mobilizatzen beren adierazpen forma eta beren hiztegiarekin.
Horrek erakusten du badela sekulako beharra beste aterabide batzuk bilatzekoa, bestela frustrazio hori oso arriskutsua izan daiteke.
Espero dezagun mundu instituzionalak entzunen duela eskaera hau eta gauzak aldatuko direla.
Guzti honekin zerbait argi azaleratu bada, politika publikoek gai honi era egokian erantzuteko dituzten hutsuneak izan dira.
Merkatuaren fenomeno klasiko bat dugu Ipar Euskal Herrian: etxebizitzaren eskaera oso altua, eta eskaintza oso apala
Hori iritzi edo kultura politikoari loturiko kontu bat da. Ni ezker abertzalekoa naiz, eta beraz, nire ikuspegia ez da batere izanen frantses eskuineko eragile politiko baten antzekoa. Niri galdera pausatuz gero, nik esanen dizut ene ustez akatsa zein den, eta ene ustez akatsa sistemikoa da.
Uste dut Europa osoko arazoa dela etxebizitza merkatu librean kudeatzen dela. Eta merkatua librea delarik, kontsideratzen da auto-orekatzeko gai dela. Hola pentsatuz uzten da merkatua libreki garatzen, gauzak saltzen edo erosten libreki. Azkenean horren ondorioak jasaten ditugu, ez ditugu kudeatzen.
Iruditzen zait etxebizitza merkatu librearen eskuetan uzten bada Ipar Euskal Herria bezalako gune turistiko batean, merkatuak desorekak pizten dituela, eta indar publikoen erantzukizuna dela justuki desoreka horiek zuzentzea. Ez badu hori egiten, populazioa galdua da, eta etekinak ateratzen dituen jende mota bakarra dirudunak dira.
Eskuineko jendea konforme eta pozik da egoera honekin, beren hauteslegoa dirudun jende zahar horiek baitira. Orduan, sistema hori elikatzen dute, onura politikoak ateratzen dituztelako hortik. Baina, pentsatzen baldin bada, onura politiko guztiak aparte utzirik, jendearen beharra dela etxebizitza bat izatea, botere publikoek behar dute eskua sartu merkatu librean eta hura domestikatu. Hori egiteko badira soluzio batzuk, bai lege mailan, bai herri bakoitzeko urbanismo planetan, baina, erabili behar dira zentzu onerat, eta guri iruditzen zaigu ez dela hori egiten ari.
Eta zuen ustez, zer egin daiteke?
Urbanismo logikak aldatu behar dira, eraiki eta eraiki jarraitu gabe
Ez da mirakuluzko soluziorik. Demokrazia baten bizi gara eta demokrazia batean hauteskundeak irabazten dira edo galtzen dira. Eta, gaur egun, zoritxarrez, mugimendu abertzalea ez da aski azkarra politika publiko horiek aldatzeko.
Orduan, zer egin? Segitu borroka ideologiko horretan, jendea konbentzitzeko, gauzak behar direla aldatu. Lan hori egiten ari da. Mugimendu abertzaleak baditu hautetsiak toki edo herri askotan mezu hori zabaltzen, eta populazioak hartzen du kontzientzia pixkanaka-pixkanaka. Etorriko da momentua non populazioa aski konbentzitua izanen baita gehiengo politikoak aldatzeko, aurreko eta gaurko logika horiek sustengatzen dituzten politikariak kanporatzeko. Beste jende aurrerakoiago batzuk indar tokietan edo botere publiko tokietan ezartzeko. Gauzak aldatzen hasten ahalko dira. Momentuz ez gara oraindik hortan. Egoera deitoragarria da Ipar Euskal Herrian, oso grabea. Segitu behar dugu borrokan egoera kudeaezina bilakatu aitzin.