Artea Sarea
Entsegu sozial berezi bat
Euskal Herriak, herri bezala, migrazioaren gaiari nola erantzun pentsatu behar duela azpimarratzen du Artea Sarea proiektuan murgildua dabilen Mikelek: «Iparraren eta hegoaren artean dauden desberdintasun sozialek jarraitzen duten bitartean, soluzio integralik ez dagoen bitartean, jendeak etortzen jarraituko du. Eta guk horri erantzuna eman beharko diogu». Hori zenbait eta lasterren egin behar dela uste du, «baldintza hauetan, egoera zailagoa izan baino lehen». Beraiek argi dute: «Ezin gaitezke soluzioei itxaroten geratu». Gai hau, herri bezala, normaltasun eta lasaitasunez lantzea nahitaezkoa dela diote. «Hau konpontzeko gakoa epe luzera begirako elkartasuna martxan jartzea da». Artea Sarean beraien alea jartzen ari dira, elkartasunean oinarrituriko herria egunerokotasunean eraikiz.
Artea Sarea errefuxiatu zein migratzaileei -«guk ez dugu desberdintasunik egiten»- harrera egiten dien proiektua da, egun 130 kidetik gora biltzen dituena. Egitasmoaren helburua hona iristen diren pertsonek beraien independentzia pertsonala garatu ahal izatea da, inoren menpeko ez izatea, eta horretarako beharrezkoak diren tresnak eskaintzea (etxebizitza, formazioa, hizkuntza, lana…). Sareak, migratzaileentzat aterpea eskaintzeaz gain, aterabide laborala eskaintzeko asmoa ere badu, eta horretarako hainbat enpresa sozialez osatua dago (era deszentralizatuan hedatzen ari direnak); taberna, ostatua, bertako produktuen saltokia, okindegia, ortua…
«Iparraren eta hegoaren artean dauden desberdintasun sozialek jarraitzen duten bitartean, jendeak etortzen jarraituko du. Eta guk, horri erantzuna eman beharko diogu»
Horrez gain, migratzaileen egoera erregularizatzen ere saiatzen dira, lan eta bizileku baimenak lortzen. Finean, injustizia eta desberdintasunei justizia soziala indartzea helburu duen elkartasunarekin erantzuten diote Artea Sarean. Horretarako, gakoetako bat desobedientzia dela argi dute gainera. Baina desobedientzia era «eraikitzailean» ulertuta. Lege batzuek desobeditzea beharrezkotzat dute, horrela giza eskubideei obeditu ahal izateko. «Lana, etxebizitza, nahierara mugitzeko eskubidea… eskubideak dira, eta horiek obeditu ahal izateko desobeditu behar izaten dugu», dio Mikelek. Etortzeko mila arrazoi egon daitezkeela azaltzen du, baina, «zergatik mugitu naiteke ni eta beste bat ez? Zein da ezberdintasuna, azalaren kolorea?».
Guzti hau sare forman eraikitzen dute, «bakoitzak ahal duena egiten du, hierarkia gabe, inork inori zer egin behar duen esan gabe». Hala ere, sarritan kontraesanak sortzen direla dio, eta horiek kudeatu behar izaten dituztela. Kontraesanei ez diete beldurrik ordea. Proiektuaren oinarrietako bat elkar ikastea da, eta horretarako baliatzen dituzte horiek ere. Kontraesan nagusi eta aberasgarrienetako bat, lantzen dituzten baloreen eta jendearen superbibentzia beharren artean ematen dena dela dio Mikelek. Aya, Artean bizi den emakume Tetuandarrak, ortuan gertatzen dena baliatuz azaldu du hori: «Proiektuaren baloreetako bat nekazaritza eredu ekologikoa da, botikarik gabea. Baina noski, superbibentzia ziurtatua ez duenak bilatzen duena ahalik eta gehien ekoiztea da. Hor sortzen dira gatazkak: botikarik bota nahi ez dugunez belar txarrak kentzen orduak ematen ditugu. Hori askorentzat denbora galtzea da». Kontraesan horietan bizi dira, elkar entzun eta elkar ikasiz, ikuskera guztiak ulertuz, baina printzipioak alboratu gabe.
Aniztasunean ikasten
Egitasmoari loturik 130 migratzailetik gora bizi dira egun, hamaika herritako jendea, oso heterodoxoa delarik bertan parte hartzen duen jendearen perfila. «Ideologikoki, erlijio aldetik… denetik dago», nabarmentzen du Ayak. Herri gisa mestizajea praktikatzea aldarrikatzen dute, «herri mestizoa» eraikitzea. Elkar ikastea, elkar maitatzea, lagun izatea, beti erraza ez den arren. Gainera horrek Euskal Herria bera ere indartzen du eta harro daude hortaz: «Hemen haur guztiek ikasten dute euskaraz!».
Baina aniztasun horren baitan badaude bi muga, bi egiturazko printzipio: zero matxismo, zero arrazakeria. Hauen aurkakoa etengabeko borroka dela azaltzen dute. Egunerokotasunean, «ia ohartu gabe» ematen baitira kasu txikiak, intentsitate baxukoak. Normalean ez doaz haratago, baina horiek identifikatu eta apurka-apurka desegiten joatea da gakoa. Horren aurrean «botere-ezetik» jarduten saiatzen direla argitzen du Mikelek. «Boterea duenak (bere azalagatik, gizona delako…), botere hori ez erabiltzen saiatu behar du, beti lortzen ez bada ere».
Kodizia ere ekidin nahi dutela diote. «El buen vivir» delakoaren filosofia jarraitzea dute helburu, bakoitzak behar duenarekin bizitzea, gehiegikeriak alboratzea. Baina, «normala da duzuna baino gehiago nahi izatea, batez ere aurretik ezer izan ez duzunean», dio Mikelek. Aya berriz, porrot egin ez duzula erakusteaz mintzo da: «Bizitzan aurrera egin duzula erakutsi nahi duzu, porrot egin ez duzula. Hori adibidez arropetan ikusten da». Baina hau umoretik ere lantzen dute, «denok egiten baitugu bekatu!».
Artea Sareak ezer ez dutenentzako babes-sare bezala funtzionatzen du. Horrek, egonkortasuna, planak egiteko aukera…eskaintzen dizkie migratzaileei. «Orain arte nire bizitzan zerotik hasi behar izan dut etengabe, ez nekien etorkizunak zer ekarriko zidan, ezin nuen inongo planik egin. Orain posible dut hori. Ikasteko aukera dut, nire semea baldintza duinetan heztekoa». Horrela azaltzen du Ayak sareak berarentzat zer suposatu duen. «Horretarako bakoitzak aurretik dakarren motxila, izugarrizko pisua izan dezakeena, kanpoan utzi behar du, guzti hori alboratu eta berriz hasi», gehituz.
«Lana, etxebizitza, nahierara mugitzeko eskubidea… eskubideak dira, eta horiek obeditu ahal izateko desobeditu behar izaten dugu»
Hau lortu ahal izateko ezinbesteko baldintza elkarrenganako konfiantza da. Elkarrengan sinistea. Horren adierazle da beraien espazioetan giltzarraporik ez dutela. «Dena zabalik dago, elkarrengan sinesten dugulako». Beldurrak atzean utzi eta bizitzak berreraikitzeko aukera baita proiektu honek eskaini nahi duena.
Hala ere ez dute beraien burua idealizatu nahi. Akats asko egiten dituztela argi dute, baina horrekin ez dira asko arduratzen. Mikelen arabera, «herri mugimenduetan, sarritan, akatsak porrot bezala bizi dira, aurrera egiten jarraitzeko motor bezala ulertu beharrean». Beraiek «zientzialariek» bezala egiten dute ordea: «gauza berriak probatu eta proposatu, eta akatsetatik ikasi». Azken finean hori baino ez baita Artea Sarea: «entsegu sozial berezi bat».