Irungo Harrera Sarea

Birusak eten ez duen joana

 

Testu hau Maddi Ane Txoperena Iribarrenek Berria egunkarian 2020ko abuztuan publikatutako zuen, Irungo Harrera Sarearen inguruko erreportai sorta baten barruan. Beste errportaiak hemen dituzue eskuragarri.
 

talaia10 Irungo Harrera sarea 2

 

Lehengoan Cadizera iritsi zen 50 laguneko patera bat, eta hauek dira horietako batzuk, berehalaxe Irunera etorri direnak”. Irungo (Gipuzkoa) San Juan plazako itzalpe txiki batean plastikozko mahai baten bueltan dago Josune —ez du abizenik eman nahi—: “Ia hemen bizi naiz”, dio irribarrez. Harrera sareko bertze bi kide ditu ondoan, eta etorri berriak diren bortz gizon ginear aldamenean, harrera sareko bertze emakume baten azalpenak entzuten. “Informazio turistikoa ematen diegu: nola iritsi Baionaraino”, azaldu du Ion Aranguren harrera sareko kideak. Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko muga igaro eta Hendaiara ailegatzea ez baita nahikoa: han Poliziak harrapatuz gero, “itzuli” egiten dituzte migranteak Irunera: “Zubian uzten dituzte”. Baionara iritsita, segurtamen handiagoa dute: “Aterpetxe bat dago haientzat; zailagoa da handik bidaltzea”. Ondoren Frantzia iparraldera joateko geldialdi bat da Baiona, gehienentzat. “Handik aurrerakoa ja euren kontua da”.

Itxialdi hertsia bukatu eta gutxira jarri zuten berriro martxan harrera gunea Irungo erdigunean, etorri berri direnei laguntzeko: “Konfinamendua bukatu eta hurrengo egunean”. Josunek azaldu du “harrituta” zeudela hasieran, migranteak arazorik gabe iristen hasi baitziren Espainiako hainbat lekutatik Euskal Herrira: “Bigarren fasean ginenean, ezin zenean probintzia batetik bestera pasatu, ja jendea Irunera iristen hasi zen!”. Poliziak bidaiatzen uzten ziela azaltzen zieten migratzaileek:
– “’Nora zoazte?’
– ‘Irunera’
-‘A, ba segi’”.

Itxialdiaren faserik gogorrenetan ere izan dira Iruneraino iritsi direnak

Itxialdiaren faserik gogorrenetan ere izan dira Iruneraino iritsi direnak, ordea. Eta aitzina segi dutenak: “Konfinamenduko lehenengo egunean bagenekien Irungo aterpetxean zeudela hamabost bat mutil. Konfinamendua hasi zen, eta desagertu egin ziren”, dio Arangurenek. “Horrek esan nahi du aurrera jarraitu zutela lehenengo bi egunetan”. Hendaiaranzko muga gurutzatzen ere ikusi zituen harrera sareko bertze kide batek: “Gau pare bat egin nituen Santiagon, eta zubi zaharretik pasatzen ziren. Obrako langa saltatu, eta…”. Aranguren: “Konfinamendua iritsi zenean, emakumeak harrapatu zituen herriren batean edo bestean”. Aterpeetan igaro dute emakume gehienek konfinamendua, haren ustez. “Baina mutilak ez zeuden inon: jarraitzen zuten. Pasatu dira, eta oso gutxi gelditu ziren bidean”. Emakumeak etortzen ari dira orain, berriro mugitzen hasi direlako, Josuneren arabera: “Emakume guztiak Kanarietatik etorri dira. Pasatu dituzte hiru hilabete han konfinatuta, eta orain hasi dira hona bidaltzen”. Maleta handiekin datoz, hilabeteotan trasteak pilatuta, eta ume txikiak gainean: “Gizonak baino gehiago iristen ari dira”.

 

Emakumeen “prezioa”

Arangurenek azaldu du ezberdinak direla emakumeek eta gizonek egiten dituzten migrazio ibilbideak: gizonak gehiago doazela euren kabuz, eta emakumeak, berriz, pasatzaileen bidez. Harrera sareko kidearen arabera, horren gibelean dagoena bortxaz beteriko zulo ilun bat da. “Batzuek urteak behar dituzte bidea egiteko, eta iristen dira edo haurdun, edo ume txikiekin. Kontuak ez dira ateratzen”. Iritzi berekoa da Josune: “Etxetik ateratzen direnetik iritsi arte ordaindu egiten dute. Prezio ezberdinak”. Baina ez dute ia sekula kontatzen zer ordain: “Euren bidaiaren prezioa gizonena baino garestiagoa da, eta, are, gizonek ordaintzen ez duten prezio bat ordaintzen dute”. Bertzeak bertze, bortxaketena. “Neska batek kontatu zuen bortxatu zutela. Haurdun zegoen, eta oso gaizki ari zen pasatzen: ez zuen nahi barnean hazten ari zitzaiona. 19 urte zituen”. “Baina ez dute ezer kontatzen, eta ez zaie galdetzen”, gehitu du harrera sareko bertze batek. “Noizean behin batek kontatzen du: adibidez, neska horrek. Baina kontuak ez dira ateratzen, eta irudikatzen duzu”. “Onartuta” daukate bidea “gogorra” izanen dela, harrera sareko kideen ustez: “Kontuan izan bidaia guztiak direla oso gogorrak, eta hemen ikusten dituzunean… ez du ematen traumatizatuak daudenik”. Irriz aritzen direlako, eta kontu kontari: “Autodefentsa bat da”.

Poliziak bidaiatzen uzten zien (…):
“-‘Nora zoazte?’
-‘Irunera’
-‘A, ba segi”

2018ko oldearekin alderatuta, gutxiago dira orain etortzen ari diren gizon-emakumeak: “Tantaka datoz”, dio Arangurenek. “Konfinamendua bukatuta, hasieran egun pare batez 30 lagun iritsi ziren, eta uste genuen berriro etorriko zela 2018koa”, Josunek. Orain, ordea, batez bertze hamar lagun iristen dira aste barneko egunetan, eta hogei bat asteburuetakoetan. Gineakoak dira gehienak, eta Malikoak eta Boli Kostakoak ere anitz. Irungo geltokian egiten diete lehenik harrera; Gurutze Gorriraino laguntzen diete; eta, biharamunean, Irungo plazara gonbidatzen dituzte, segitu beharreko bideari buruzko azalpenak jasotzera.

Marokoren itzala

Datozenek “gero eta zailtasun gehiago” dituzte Afrikatik Europara igarotzeko “lehengo bidea” egiteko, Arangurenen hitzetan: “Itsasartea igarotzea Ceuta eta Melillatik nahiko segurua zen, baina Maroko ari da betetzen bere konpromisoa, diru truke, noski, eta ibilbidea mugitzen ari zaie”. Kanarietara doaz orain gehiago, eta, Josunek azaldu duenez, “txarra” da han egoera: “Jende gehiegi dago”. Bidea ere “arriskutsuagoa” da, Arangurenek ohartarazi duenez: “Zentzu guztietan: bizitzetan eta dirutan”.

Afrikatik migratzen duen bakoitzak 4.000 eta 6.000 euro artean uzten ditu bidaian

Marokok dirua egiteko baliatzen du hori, harrera sareko kideen arabera. Alde batetik, Espainiako Gobernuak dirua emana baitio migrazioa eten dezan; eta horretan ari baita: jendea lekualdatzen. Aranguren: “Harrapatu eta eramaten dituzte hegoalderantz, basamorturantz, eta han uzten dituzte, ea hurrengoan baten bat gutxiago iristen den”. Bizirik segitzen dutenak iparralderantz joaten dira berriro, edo Kanarietara: “Eta putreren batek beti ateratzen du etekina euren zorigaitzetik”, dio Josunek. Arangurenen arabera, Afrikatik migratzen duen pertsona bakoitzak 4.000 eta 6.000 euro artean uzten ditu bidean, pasatzaile eta bertze tarteko: “Hasten bazara hona iristen diren pertsona bakoitzeko diru hori biderkatzen… sekulako negozioa dago hor. Eta hori guztia da Marokoren BPGrako, bi aldeetatik: Europak ematen dion dirua eta migranteei ateratzen dietena. Ez dute galdu nahi ez bata ez bestea”.  

Irungo Harrera Sarea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago