Nerea Kortajarena

Eta Eraldaketa palanka Herritarren zaurgarritasuna politizatzean balego?

Nerea Kortajarena EHBilduko legebiltzarkidea

Inork gutxik ukatuko du ezegonkortasun garaiak bizi ditugula. Krisien zurrunbilo batean sartuak gaude eta, batzuetan kontziente ez izanda ere, inoizko, tamainako bizipen politikoenak ari gara bizitzen. Konpainia handiek inoizko mozkinik handienak metatzen dituzten bitartean, herritarrek inflazioaren ondorioak esperimentatzen ari dira: prezioen gorakada orokortua, hipoteken igoera, igotzen ez diren soldatak… herritarren segurtasun bitala hankaz gora dagoen honetan, zabaltzen ari den zaurgarritasuna da, seguruenik, bizipen politikoena.


Anabasa politiko emozional bat bizitzen ari dira herritarrak. Azkartzen ari dira gainean genituen eta gure bizitzak zeharkatzen zituzten krisi denak. Eta bizipenak bizipen, Irati Mogollon Garcia soziologo eta ekonomista feministak pandemiaren harira idatzitako artikulu batean esan bezala, bada momentu honetan azpimarratu beharreko galdera bat zeinaren atzean uste baino erronka gehiago ezkutatzen diren: eta orain zer?


Asko eta asko dira galdera hori bere buruari egiten dioten herritarrak. Galdera horretan norabide eza antzematen da; finean esan daiteke bizitza proiektu hauskorren eta estrategia ezaren adierazle dela. Eta Mogollonek berak adierazten zuen moduan espektatiben gaineko norabide eza eta bizitza proiektuen hauskortasuna ez dira ez gauza makalak. Justuki hein handi batean bizitza espektatiba eta proiektu horien baitan definitzen baitira politika publikoak eta horiei bideratutako baliabideak.


Horregatik jendea adi dago, erantzun bila, segurtasun bila, ziurtasunen bila. Inoiz ez da hainbeste jende egon gure herrian bere etorkizuna aurreikusi ezinean eta horiek erantzun irmoak eta argiak behar dituzte politika publikoetatik. Baina irudipena dut politika konbentzionalean bizipen horiei guztiei, zaurgarritasun horri, tarte gutxi ematen zaiela. Ez da tarterik hartzen herri honetako bizipen mosaiko konplexua ulertzeko eta hori ulertu gabe, ezin bilatu daitezke erantzunak.

Paradoxikoki, ziurgabetasun eta gatazken zurrunbiloek ezaugarritutako garaia aukera leiho bikaina bilakatzen da gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakusteko


Horren adibide argiena da OSAKIDETZA. Egun Jaurlaritzan dauden arduradun politikoek denbora gehiago pasa dute azken hilabete luzeetan herritarrek beren begiekin ikusten eta bere gorputzetan bizitzen ari direna ukatzen, bizipen horiek ulertu eta erantzunak bilatzen baino.
Eta horren guztiaren ondorioa argia da: urruntzea, desafekzio politikoa. Berriki ezagutu dugun Arantzazu LAB-ek egindako ikerketa baten arabera, EAEko hiru herritarretatik bik uste dute politikarioi ezer edo ezer gutxi interesatzen zaigula beren iritzia; %25,9ak bakarrik uste du politikan eragiteko gaitasuna dutenik herritarrek. Ez da inolako saiakerarik egiten herritarren hauskortasuna, zaurgarritasun hori politizatzeko; ez da inolako saiakerarik egiten herritarrek bere larrutan bizi dituzten egunerokotasuneko arazo guzti horiei politika publikoetatik erantzuteko. Urrun sentitzen gaituzte herritarrek. Sinesgarritasun krisi bat dugula esatera ausartuko naiz.


Eta orain zer? Urruntze eta desafekzio hori konstatazio bat izanda ere, letra larriz egiten den politikaren balioa aldarrikatzen dugunontzat posible denaren aukerak zabaltzeko aukera leiho bat irekitzen dela esango nuke ziurgabetasun garai honetan.


Layla Martinez politologo feministari irakurri nion Politika gatazkaren kudeaketa dela, balia dezakegula gatazka ia negazionismo ariketa bat egin eta eredu sendo bat dugula esateko; ereduak funtzionatzen duela errepikatu eta gauzak sakon aldatzea beharrezkoa ez dela esateko… aldaketa handien garaian, hainbeste aipatzen den egonkortasuna (irauntza edo egonkorkeria) balio politiko bezala aldarrikatzeraino. Hautu politiko horren eskutik, gehienera, gaur egun dagoena kudea daiteke, gauza batzuk aldatuz, baina, orokorrean, han eta hemen suak piztera, paralisira eta aukera okerragoetara eramaten gaitu, planteamendu kontserbadoreetara, etorkizuneko pentsamendu distopikoak izatera; zaurgarritasuna areagotu eta herritarrekiko arrakala zabaltzera. Baina balia dezakegu gatazka, guztiontzako modu justuago batean gauzak egiteko, ziurtasun berriak eskaintzeko eta horren alde ekiteko eta ez elite ekonomiko batzuen behar eta nahien arabera aritzeko; gauzak sakon aldatu behar eta aldatu daitezkeenaren eta hori gure esku dagoenaren ideia sustatzeko; eta hor parez pare zabaltzen zaigu gauzak eraldatzeko aukera leihoa. Sinetsia nago, hautu politiko horren kasuan, eraldaketa palanka herritarren zaurgarritasuna politizatzean dagoela eta eraldaketa potentziala brutala dela.


Urtetan ezker eraldatzaileak bultzatu nahi izan dituen eraldaketa horiek denak egikaritzeko aukera leihoa irekitzen da orain parez pare, herritarren zaurgarritasuna politizatzetik. Aspalditik dut sentsazio bat, konstatazio bilakatu dena denboraren poderioz, diskurtso borobilenak ere, datu eta estatistikek abalatuak baldin badira ere, ezerezean geratzen direla herritarren beharrekin eta bizipenekin bat egiten ez dutenean. Kontua da ezker eraldatzailearen errealitatearen irakurketak, sistema kapitalistarekiko kritikak eta eraldaketa asmo eta saiakerak inoiz ez direla hain politikoak diren bizipen horietatik hain gertu eta hain konektatuak egon. Gutxitan egon dira hain gertu ezker eraldatzailearen proposamen politikoak eta herritarren ziurtasun beharrak. Inoizko aukera dugu parez-pare agenda eraldatzailea martxan jartzeko.


Indar eraldatzaile honen dimentsioa ulertzeko adibide polita da Madrileko Kongresuan berriki onartu den Etxebizitza Legea. Etxebizitza da herritarren zaurgarritasun eta hauskortasun faktore nagusienetako bat. Bizipen oso kontzientea dela esango nuke. Beren poltsikoetan bizitzen ari dira etxebizitza merkatuan esku ez hartzearen ondorioak; gure oinarrizko eskubideak egikaritzeko ezinbestekoak diren elementuetan espekulazioari atea sukalderaino irekitzeren ondorioak. Bizipen politiko horrek, zaurgarritasun horrek, logiko bilakatzen ditu, ezinbesteko, ezker eraldatzaileak urteetan mahai gaineratutako proposamenak: alokairuen prezioen muga, funts putreei atea ixteko neurriak… hots, etxebizitza merkatuaren gaineko esku hartzea oinarrizko eskubide bat bermatzeko. Ziurtasun berriak eta eraldaketa handiak.


Paradoxikoki, ziurgabetasun eta gatazken zurrunbiloek ezaugarritutako garaia aukera leiho bikaina bilakatzen da gauzak beste modu batean egin daitezkeela erakusteko eta hori gure esku dagoela hauspotu nahi dugunontzat. Politikaren zentroa beste bat izan daitekeela erakusteko. Begira-begira ditugu herritarrak eta politikaren balioa aldarrikatu dugunok, erantzun horiek eskaintzeko orduan asmatzen badugu, gaitasun eraldatzailea neurtezina izan daiteke. Hainbeste amestu eta borrokatutako ortzi-muga kolektibo hori inoiz baino logikoagoa da herritarren bista eta irudiko, hor aukera. Herri honen bizipen mosaiko konplexua ulertzen badugu, ondo irakurri eta dekodifikatzen badugu eraldaketa agenda geldiezina izango da.

Nerea Kortajarena
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago