Bizitza erdigunean jartzeko bidean… urratsak

“Utopia zerumugan dago.
Bi urrats ematen ditut,
bera  bi urrats aldentzen da,
eta zerumuga hamar urrats urrunago joaten da.
Orduan, zertarako utopia?
Ba horretarako, aurrera egiteko.”

 

Zibilizazio krisi batean murgilduta gaude, eta kolapso baterantz goaz. Planetako baliabideak bukatzen ari diren heinean, desazkundea eman, emango da. Nola emango den da, ordea, afera. Azken unera arte ezikusia egin diezaiokegu errealitateari, eta leher egitean, bizirauteko borroka kaotiko batean murgildu; edo gaurdanik erritmoa jaitsi eta norabidea alda dezakegu. Ekiteko atzerakontua martxan da.

 

Kapitalismoa sistema harrapakaria da, hazkundea bizirauteko beharrezkoa du, eta beraz, azken unera arte suntsitzen jarraituko du: neurri leungarriek kolapsoa atzeratu besterik ez dute egingo. Sistema aldatzea ezinbestekoa da.

 

Horretarako, egitura sozioekonomikoa eta gure bizi-ereduak aldatu behar ditugu ezinbestean. Herrien burujabetza berreskuratu eta herritarren parte-hartzea eta demokrazia oinarri izango dituen trantsizioa martxan jarri. Ekologikoki sostengarria, sozialki justua eta demokratikoki diseinatua den  trantsizioa. Bizitzak erdigunean jarri eta berau sostengatzeko beharrezkoak diren lan guzti horiei ikusgarritasuna eta balioa eman. Eta, nola ez, komunitatearen artean banatu. Elkartasunezko eta berdintasunezko balioak indartu, justiziari benetako zentzua eman. Gure bizitzen burujabetza berreskuratu, merkatuen zerbitzura egoteari utzi eta bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bat eraikitzeko.

 

Baina, nola egiten da hori? Nondik has dezakegu bizitza erdigunean jartzeko trantsizio hau? Zeintzuk dira bide horretan eman beharreko urratsak?

 

Horri erantzutera datoz URRATSAK, Ipar Hegoa Fundazioak urtarriletik aurrera hilean behin argitaratuko ditugun artikuluak. Hain handia da eman beharreko aldaketa, urrats handi zein txikiak daudela proposatzeko. Proposamen horiek jaso nahi ditugu, eztabaidagai jarri. Bidea nola egin hausnartu, eta urratsak ematen hasi, ez baitugu galtzeko denborarik.

 

Urrats batzuk norberak ematekoak izango dira, gure ekintzek izugarrizko balio eraldatzailea dutela uste dugu eta. Beste batzuk taldean, komunitatean, ematekoak izango dira, bide honek, bakarrik eginda, ez baitarama inora. Beste batzuk, administrazio publikoen bidez eman beharko dira, egiturazko aldaketak bultzatu nahi ditugulako, eta beraz egitura zaharrak suntsitu. Ez ditugu urratsok zama bat, sakrifizio bat bezala ulertu behar, prozesu askatzaile bezala baizik. Hilean urrats bat, urratsez urrats egiten baita bidea.

 

0. URRATS hau abiapuntua izango da: sistema aztertzen murgilduko gara Eduardo Galeanoren hitzak bidaide hartuta. Alde batetik, inor gutxi delako kapitalismoa hitzekin hain ondo biluzteko. Bestetik, inor gutxi delako gai urratsez urrats bidea egiteko hainbeste gogo transmititzeko. Baina, ezeren gainetik eta batez ere, bizitzari gorazarre egin eta benetan bizitzea merezi duten bizitzak eraiki eta bizitzeko gogoa transmititzeko duen gaitasunagatik.

Utopia zerumugan dago. Bi urrats ematen ditut, bera bi urrats aldentzen da, eta zerumuga hamar urrats urrunago joaten da. Orduan, zertarako utopia? Ba horretarako, aurrera egiteko.”

Bizitza erdigunean jartzeko bidean… urratsak
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago