Nola gainditu Murphyren legea? Euskal utopia irudikatzeko ariketa kolektiboa
Udako Euskal Unibertsitateak 50 urte bete ditu aurten eta, data berezia ospatzeko, iraganean izandako sorkuntza eta imajinazioa gogora ekarri eta etorkizuna irudikatzeko “Nola gainditu Murphyren legea? Euskal utopia irudikatzeko ariketa kolektiboa” izeneko tailer berezia antolatu dute Iratzar Fundazioarekin elkarlenean, Tipi Gara kooperatibako kideek gidatua. Bertan izan ginen fundazioko kideak ere.
Nondik gatoz? Non gaude orain eta hemen? Zer izan daiteke gaur oraindik irudikatzen ez dugun hori (edo akaso bai) eta behar/nahi duguna herri eta komunitate gisa? Gaur eguneko Euskal Herritik, zer irudikatu dezakegu etorkizunera? Zer eta nondik eraiki? Nola hasi? Galdera horiei guztiei eta beste hainbati erantzuten saiatu gara mugimendu eraldatzaileetako kide, kolektibo ezberdinetako lagun, unibertsitateko irakasle zein norbanakoak talde lanean arituz.
Bi egunetako ariketa kolektibo horren bidez nondik gatozen oroitzetik etorkizuna pentsatzera pasatu gara, irudikatutako etorkizuna oraina eraldatzeko tresna gisa baliatu asmoz. Ezinbesteko ariketa Murphyren legea irentsarazi nahi diguten garai hauetarako.