Talaia 16: zaintzak
Talaia aldizkariaren 16. zenbakia duzu honako hau. LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko egiturak eta Ipar Hegoa Fundazioak elkarlanean egiten dugun aldizkaria da Talaia.
Ale honetan zaintza krisiaz aritu gara, Greba Feminista Orokorraren atarian. Hasteko eta behin, Marina Urkidi eta Ekhiñe Petriati Denon bizitzak erdigunera plataformako kideak elkarrizketatu digu, Greba Feminista Orokorraz eta Herri Akordioaren proposamenaz hitz egiteko. Horrez gain, Euskal Herritik kanpo zaintzaren gaiaz dauden begiradak ere gurera ekarri nahi izan ditugu. Horretarako, batetik, Encuentro de Organizaciones talde argentinarra elkarrizketatu dugu. Bestetik, Katalunian Zaintzarako Eskubidearen inguruan egin duten lanketa ere jaso nahi izan dugu, Mireia Roca, Sílvia Bofill-Poch eta Dolors Comas ikerlarien eskutik. Bestalde, sindikalismotik ere pentsatu nahi izan dugu gaia. Horri lotuta, soziokumunitario sektorearen borroka ibilbidea jaso dugu erreportaje batean. Maddi Isasi eta Ane Escondrillas LABeko kideek, aldiz, LABek gaiaz egiten duen irakurketa eta ditugun erronka nagusiak azpimarratu dituzte.
Horrez gain, ekintza sozialaren ikuspegitik aliantza politikez hausnartzeko tartea ere hartu dugu Komunitateari editorialean. Jarraian, LABen Programa Sozioekonomikoa oinarri hartuta, zaintzarako neurri programatikoen inguruan sakondu dugu. Eta, amaitzeko, gomendioen atalean Josefina “Txefi” Rocok As que limpan antzezlana erreseinatu du, etxeko langileen prekaritatea lantzen dituena.