Para que no sea un oasis… Reflexionando con Ángela Davis
2016ko otsailaren hasieran Angela Davis ekintzaile eta pentsalari afroamerikarra Euskal Herrian izan genuen gurekin. Egun polit eta emankorrak igaro genituen Davisekin, harengandik jasotakoarengatik eta denon artean sortu atmosfera eta gogoetarengatik. Pizgarri horrekin, hamaika izan ziren egin ziren gogoeta eta eztabaidak. Eta, ideia bat ibili zen bueltaka, behin eta berriz ahoskatuta: ez dadila irla bat izan. Ideia horri tiraka, otsailaren 6an Donostiako saioan egin ziren gogoetak eta beste hainbat emakumeren ekarpenak bildu ditugu argitalpen batean. 26 emakumek idatzitako 24 artikulu jasotzen dira. Mugimendu feministan, kulturgintzan, politikan, gazte mugimenduan, sindikalismoan, mugimendu sozialetan… protagonista dira euren aletxoa utzi diguten emakume hauek. Eztabaida ireki eta bizi bati egiten diogun ekarpen kolektiboa da hau, eztabaida hauetan zeresana dutenak askoz gehiago zaretela jakinik.
Angela Davis: “Ikustezina ikustaraztearen beharra dago”
Eraldaketaren asmoa eta sortzen zaizkigun galderak ikuspegi anitzetatik aztertu nahi izan ditugu. Komunean dugu Angela Davisek zapalkuntzaz eman zigun definizio sendoa. Eta, jakina, zapalkuntza egoera orokor horri bestelako proiektu bat aurrez aurre jartzeko borondatea. Bidean goaz, ez gara atzo hasitakoak. Baina, gogoeta asko eskatzen duen bidea da aurretik duguna. Gure buruari galderak egin dizkiogu epe labur eta luzean ditugun erronken gainean. Eta halaber, eraldaketa prozesuaren nolakotasunaz, behar ditugun aliantzetaz, pairatzen dugu jazarpen eta indarkeriaz, osatu nahi dugun subjektu eraldatzaileaz, botereaz… hausnartzen jarri ditugu hainbat lagun. Esan bezala, etengabea den gogoeta horri ekarpen bat gehiago egiteko asmoz.
Publikazio honetan parte hartu duten emakumeak hauek dira: Irati Sienra Zengotitabengoa, Saioa Iraola Urkiola, Laura Mintegi Lakarra, Ainhoa Etxaide Amorrortu, Itziar Gandarias Goikoetxea, Cony Carranza Castro, Amaia Andrieu Sanz, Lur Etxeberria Iradi, Arantza Santesteban Perez, Izaskun Garcia Bordagarai, Edurne Larrañaga Celada, Olatz Dañobeitia Ceballos, Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxaga, Larraitz Ugarte Zubizarreta, Itsaso Zubiria Etxeberria, Irati Tobar Eguzkitza, Oihana Etxebarrieta Legrand, Marina Sagastizabal Emilio-Yus, Oiakue Azpiri Robles, Lorea Agirre Dorronsoro, Idurre Eskisabel Larrañaga, Jone Etxeberria Agirre, Ainara Santamaria Barinagarrementeria, Jule Goikoetxea Mentxaka, Amaia Zufia Erdozain eta Sandra Barrenetxea Díez.