Euskal Herria Digitala

Digitalizazioa euskal jendartearen zerbitzura

 
talaia12 ehdigitala

 

Azken hamarkadetan bizkortu egin dira sistema kapitalistaren egiturazko zenbait fenomeno, hala nola finantza-globalizazioa, lanaren prekarizazioa, demokraziaren pribatizazioa edo berotze globala. Testuinguru horretan, gainera, jauzi kualitatibo bat gertatu da garapen teknologikoan. Garapen hori soilik elite finantziarioaren alde egon ordez, jendartearen zerbitzura jar dadin, IPES, OLATUKOOP, TEKS, IPAR-HEGOA, MANU ROBLES ARANGIZ eta IRATZAR Fundazioetan iruditzen zaigu digitalizazioaren egungo estadioaren inguruko eztabaida publiko serio bat hasteko unea dela. Zehazki mahai gainean jarri nahi dugu garapen teknologiko honek demokrazian, lan munduan, hezkuntzan eta humanitatean izan dezakeen eragina. Horretarako, Euskal Herri Digitalerako lehen manifestua aurkezten dugu.

Demokraziari dagokionez, ezinbestekoa da baliabide eta zerbitzu digitalak ondasun komun gisa ulertzea. Informazioa sistema demokratiko erreal baten odola da, deliberazio funtzioa ahalbidetzen baitu, baina gaur egun merkantilizatuta dago. Horren ondorioz, albiste faltsuak edo egia ostea bezala ezagututakoak hedatu dira. Horregatik, gure egitura digitalen kontrola berreskuratu behar dugu.

Bestalde, lanaren prekarizazioa eta enpleguaren suntsiketa hauspotu ordez, automatizazio-prozesuak bizitza duin eta kolektiboen alde jartzea proposatzen dugu.

Gure ustez, horrekin lotura handia du hezkuntzaren digitalizazioak. Konpetentzia digitalei buruzko diskurtso berriek subjektuak kontsumitzaile perfektu edo ekintzaile leihakor bihurtu nahi dituzte. Arlo horretan ere, premiazkoa da desmerkantilizazio-prozesuei ekitea eta hezkuntza-arloko zerbitzu digitalak eskubide kolektibo gisa ulertzea.

Azkenik, gure ustez funtsezkoa den galderetako bat humanitate digitalei buruzkoa da: zer inplikazio dago memoriaren, historiaren, ondarearen, hizkuntzaren eta ikerketaren arloetan? Galdera horiei ez badiegu erantzuten borroka historiko batzuk desagertu egingo dira, eta Silicon Valleyren koporazio digitaletatik iristen diren digitalizazioari buruzko diskurtsoak gailenduko dira.

Gure iritziz, ezinbestekoa da subiranotasun digitalerako politikak abian jartzen hastea, planetako beste herri batzuk ari dira zentzu horretan urratsak ematen. Beraz, kapitalismo digitalaren alternatiba bat pentsatzera eta irekitzera deitzen dugu, hau da, eztabaida honen gako nagusiei buruzko ekintza-proposamenak aztertu, planteatu eta egingo dituen sare bat antolatzera.

 

Irakurri manifestua hemen

 

Info+: euskalherriadigitala.eus

 

Euskal Herria Digitala
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago